Adiskidetzeko negoziazioei ekin diete berriro alderdi palestinarrek

Gazako erasoaren ostean, batasun nazionaleko gobernua nola martxan jarri adostu behar dute
Al-Fataheko Azzam al-Ahmad —ezkerrean—, Hamaseko Musa Abu Marzuk eta Mahmud Zaharrekin, Kairon.
Al-Fataheko Azzam al-Ahmad —ezkerrean—, Hamaseko Musa Abu Marzuk eta Mahmud Zaharrekin, Kairon. STR / EFE

Samara Velte -

2014ko irailak 25
Gazako uda goria amaituta, ekainean amaitu gabe utzitako lanei heldu diete berriz Palestinako alderdi nagusiek. Ez zailtasunik gabe, eta ez desadostasunik gabe ere: adiskidetze ituna indarrean sartzeko prozesua ez ezik, Gaza nola berreraikiko duten ere adostu behar dute orain. Atzo hasi ziren ofizialki Palestinako hiru alderdi nagusien arteko negoziazioak Kairon: Al-Fataheko eta Hamaseko ordezkariak ez ezik, Jihad Islamikokoek ere hartu zuten parte. Egiptoko informazio zerbitzuetako burua aritu zen bitartekari.

Printzipioz bi eguneko bilera izango da, eta auzi nagusi bat dute eztabaidatzeko: nola jarri behar duten indarrean gobernu berria, zeharo suntsituta dagoen lurraldean. Fatahek eta Hamasek apirilean adostu zuten batasun nazionaleko gobernua, eta ekainean izendatu zituzten kabineteko ministroak, hauteskundeetara lehenbailehen deitzeko asmoz. Handik hilabete eskasera, baina, Gazaren aurkako operazio militar zabala abiatu zuen Israelek, eta impasse-an geratu zen palestinarrek adostutako gobernua. Hamasek eta Gazako gainerako alderdiek erresistentzia armatuari heldu zioten; PAN Palestinako Aginte Nazionalak atzerrian egin zuen lan diplomatikoa, baina Fatah-ek ez zuen nahi bezain rol garrantzitsua jokatu. Ez, behintzat, palestinarren begietan: 50 eguneko gerra amaitu zenean, askok Hamas jo zuten garaile.

NBEri eskaera

Palestinarrek eta Israelgo Gobernuak abuztu amaieran adostu zuten Gazako erasoa gelditzeko su-etena. Oinarri-oinarrizko gaiei buruzko akordioak lortu zituzten —besteak beste, mugak zabaltzea giza laguntzari sartzen uzteko, eta palestinarren arrantzarako eremua hedatzea—, baina korapilatsuenak gerorako utzi zituzten. Presoen auziaz, kaiaz eta aireportuaz eztabaidatzeko, urriaren amaieran dira biltzekoak Israelgo eta Palestinako ordezkaritza bana.

Palestinar guztien izenean hitz egin ahal izateko, ordea, ezinbestekoa zaie Al-Fatahi eta Hamasi euren artean berradiskidetzea. Dagoeneko hasi dira desadostasunak azaleratzen: Mahmud Abbas PANeko buruak Gazan «itzalpeko gobernua» eramatea egotzi dio Hamasi, eta hark aspalditik eskatu dio PANi Gazako funtzionarioen soldatak ordaintzeko.

Abbas, hain zuzen ere, New Yorken dabil egunotan. Atzo John Kerry AEBetako Estatu idazkariarekin elkartu zen Gazako egoeraz hitz egiteko, eta bihar Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian egingo du agerraldia. Ekialde Hurbileko hedabideek iragarri dutenez, Israeli presio egiteko ebazpen bat proposatuko die erakunde horretako kide diren herrialdeei. Ekialde Hurbilerako epe luzeko konponbide bat proposatu asmoz, okupazioa amaitzeko egutegi bat prestatu dute palestinarrek; haren arabera, Israelek hiru urteren buruan atera behar lituzke bere koloniak, soldaduak eta segurtasun indarrak Zisjordaniatik.

Jakinda halako ebazpen batek gutxienez beto bat jasoko lukeela NBEren Segurtasun Kontseiluan —AEBena—, Abbasek beste aukera bat du eskura, eta, Haaretz egunkariak dioenez, hura erabiltzeko prest agertu da: nazioarteko justizia erakundeetara jotzea, Israelen gerra krimenak iker ditzaten. Washingtonen eta Ramallahen arteko talka saihesteko, Egiptoko presidenteak gaur hitz egingo du Barack Obama AEBetakoarekin. Palestinako statu quo-a «jasanezina» dela esan berri du hark.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna