Kurduen laguntza ailegatu da

Siriako FSA matxino taldeen brigada bat Kobane hirian sartu da.

Pexmergak zain daude mugan
Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko pexmergen konboia, atzo, Turkiaren menpeko Kurdistanera sartu berritan.
Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko pexmergen konboia, atzo, Turkiaren menpeko Kurdistanera sartu berritan. STR / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 30
EI Estatu Islamikoaren setioari 45 egunez eutsi ondoren, Siriako kurduen Kobane hiria defendatzen duten miliziei ailegatu zaie kanpoko lehenbiziko laguntza; Turkiak baimendutako lehenbiziko laguntza, zehazki errateko. FSA Siriako Armada Askearen brigada batek muga igaro zuen atzo, eta arma astunekin sartu zen Kobanen, YPG Herriaren Babeserako Unitateei laguntzeko. YPGek gehien itxaron duten laguntza, ordea, Irakeko kurduen pexmerga indarrena da. Edizio hau ixterako zeuden azken berrien arabera, 85 pexmerga zain zeuden mugan, Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomotik errepidez atera ziren bertze 65 kideak noiz ailegatuko , elkarrekin Kobanen sartzeko.

Yusuf al-Azma izena du Kobanen sartu den FSAko brigadak. Abdul Jabbar al-Ageddi buruzagiak Rudaw kazetari azaldu dio 200 kide inguru sartu direla, baina espero dutela «etorkizun hurbilean» gehiago sartzea. Bertze buruzagi batek, Bassem Haji Mustafak Espainiako Efe agentziari erran dio 1.300 hedatuko dituztela —Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak joan den astean jakinarazi zuen kopurua—. Al-Aggedik erran du Kobanera eraman dituztela artilleria, morteroak, metrailetak eta tankeen aurkako armak. Hain zuzen, setioari eusten eman duten egunetan YPGek arma horiek eskatu dituzte, EIk abantaila izan baitu arma astunak eta tankeak zeuzkalako, eta miliziano kurduek, berriz, soilik arma arinak.

Kobanera igaro den FSAko brigadaren berezitasun bat da nagusiki kurduek osatzen dutela. Yusuf al-Azma izena eman zioten, Otomandar Inperioko jeneral kurdu baten omenez. Jeneral horrek bat egin zuen otomandarren aurkako matxinada arabiarrarekin. Frantziako armadak hil zuen 1920an, Siria kolonia bihurtzea onartu ez zuelako. Siria independente denetik (1946), Al-Azma heroi nazionaltzat oroitzen dute.

Horregatik, nahiz eta kurduek osatzen duten brigada hori, ez du bat egiten Kurdistango burujabetzaren aldeko mugimenduarekin, eta Mendebaldeak, Turkiak eta Golkoko monarkiek babestutako Siriako oposizioaren aldekoak da. Alepo probintzian sortutako talde bat da, eta PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiarekin (Siriako kurduen indar nagusiarekin) eta YPGekin harreman txarra izan du. Alepo hirian eta Afrin eskualdean (orain kurduen eskualde autonomo dena) elkarren aurka borrokan ibilitakoak dira. Yusuf al-Azma Brigadak talde islamistekin elkarlanean borrokatu du Siriako armadaren aurka, eta «Turkiaren agenda» segitzea egotzi izan dio PYDek. Erdogan Turkiako presidenteak argi erran zuen duela egun batzuk nahiago zuela FSAko kideak pasatzea Kobanera, pexmergak baino.

Turkiak muga blokeatuta eduki du iparraldeko kurduek YPGak lagundu ez zitzaten. Ankarak uste du horrek PKK Kurdistango Langileen Alderdia indartuko duela. Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoarekin harreman ona du, ordea, eta pexmergei baimena eman die. Indar txikia joan da Kobanera, arma astunak erabiltzeko eginkizunarekin, baina Kurdistanen zirrara sortu du horrek, kurduen arteko batasuna irudikatu delako. Turkiaren menpeko Kurdistango hiri eta herrietatik ailegatu ziren irudiek erakutsi dute hori. Milaka kurduk egin zioten harrera Kobanera zihoan konboiari, eta, Rudaw kazetaren berriemailearen arabera, horregatik gibelatu zen pexmergen sarrera Kobanen.

Tentsio handia iparraldean

Turkiaren menpeko Kurdistanen, hain zuzen, tentsioa anitz hazi da Kobaneko setioa hasi zenetik. Turkiako armadako sarjentu bat larri zauritu zuten atzo Diyarbakirgo merkatu batean, buruan tirokatuta. Joan den astean hiru soldadu hil zituzten Hakkari barrutian, eta gobernuak PKKri egotzi dizkio ekintza horiek. PKK-k ukatu egin du hiru soldaduak hil dituenik, eta HDP Herriaren Alderdi Demokratikoak (burujabetzaren aldekoak) gaitzetsi egin du atzoko atentatua. Gainera, Firat agentziaren arabera Poliziak gazte bat hil zuen herenegun Sirnaken, protesta batean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna