Sua gero eta biziago Sinain

Egiptoko Gobernuak neurriak gogortuko ditu penintsulan, herenegungo erasoei erantzuteko
Egiptoko Polizia, Sinaiko erasoak gertatu diren tokietako batean, atzo.
Egiptoko Polizia, Sinaiko erasoak gertatu diren tokietako batean, atzo. ALAA ELKAMHAWI / EFE

Araitz Muguruza -

2015eko urtarrilak 31
Sinai penintsulako «terrorismoaren aurkako kanpaina» gogortuta erantzungo die Egiptoko Gobernuak armadak herenegun jasandako erasoei. EI Estatu Islamikoaren izenean jarduten duen Wilayat Sina taldeak gutxienez 30 lagun hil zituen armadaren hiru hiritako egoitzen aurka egindako erasoetan. 2011z geroztik, penintsulako egoera kontrolatu ezinik dabil armada; azken hiru hilabeteotan jasan duen bigarren eraso handia izan da.

Atzo Egiptoko armadako batzordeak larrialdiko bilera bat egin zuen. «Terrorismoaren aurkako jazarpena» handituko zuela esan zuen bertan. «Sarekadak areagotuko ditugu Sinain eta herrialde osoan». Andel Fattah al-Sisi presidenteak bertan behera utzi zuen Etiopiara egindako bidaia —Afrikako Batasuneko bilkuran zegoen—, eta Egiptora itzuli zen.

Armadak Sinain operazio berezia hasi eta hiru hilabetera egin du Wilayat Sinak eraso katea. Al-Ahram egunkariaren arabera, koordinatutako erasoak egin zituen hiru hiritan. Al-Arix penintsulako hirburuan leherketa baten ondoren gutxienez 25 zibil eta militar hil ziren borroketan. Rafahen, Gazarekiko mugan, gutxienez armadako ofizial bat hil zen tirokatuta, eta Suezen polizia bat hil zuten errepidean bonba bat jarrita. Beste miliziano bat bonba bat jartzen ari zela hil zen Egiptoko iturrien arabera.

Armadak urritik jasan duen galera handiena izan da; orduan, 31 militar hil zituzten. Gertaera horren ondoren Egiptoko Gobernuak neurri zorrotzak hartu zituen: salbuespen egoera ezarri zuen penintsulan eta Rafaheko muga gune militarizatu izendatu eta husteko agindua eman zuen. Gobernuak dio talde armatuek Gazako mugako tuneletatik jasotzen dituztela armak eta laguntza.

2011n Hosni Mubarak boteretik kendu zutenetik ezegonkortasun handia sortu da Sinain. Agintarien ustez, talde armatuen jarduera handitu egin zen «hilabeteetan sortu zen aginte hutsunearen ondorioz». Adibidez, 2012ko abuztuan beste atentatu handi bat egin zuten; hamasei polizia eta militar hil zituzten. Egiptoko armadak Arrano Operazioa hasi zuen orduan.

Horrek eztabaida sortu zuen Israelekin. Tel Avivek eta kairok 1979an sinatutako itunaren arabera, Sinaiko mugan ezin dituzte tropak kokatu. Operazio militarrak iraun zuen artean 32 pertsona hil zituen Egiptoko armadak.

Azken urteetan indartuta

«Mubarak erori ondotik, sistemaren kontra borrokatu nahi dutenen eta jihadisten paradisu bilakatu da penintsula. Inor ez da eremu hori kontrolatzeko gai», adierazi zion BERRIAri Mustafa Ew li Saif Kairoko unibertsitateko irakasleak, abenduan. Testuinguru horretan sortu zen Wilayat Sina taldea —Ansar Beit al-Maqdis izena zuen lehen—. Mohamed Mursiren kontrako estatu kolpea eta gero, bereziki indartu da muturreko talde islamista. Duela hilabete batzuk, Estatu Islamikoari «leialtasuna» adierazi zion Wilayat Sinak, sare sozialetan argitaratutako mezu batean. Dena den, leialtasuna agertzeaz haratago, ez da frogatu Estatu Islamikoarekin zuzeneko lotura organikorik daukan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna