Parte hartze handia izan du Irakeko Kurdistango erreferendumak

Etziko jakinaraztekoak dira emaitza ofizialak. Bagdadek mugara tropak bidaltzeko agindu du

Massud Barzani Kurdistango Eskualde Autonomoko presidentea botoa ematen, atzo goizean, Pirmam udalerrian. GAILAN HAJI / EFE.
mikel rodriguez
2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Liskarrik gabe igaro zen atzo Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko independentziari buruzko erreferenduma. Emaitza ofizialak etzi arteko epean jakinaraztekoak dira, baina Massud Barzani presidenteak, erreferendumaren sustatzaile nagusiak, lehenbiziko helburua bete zuen, parte hartzea handia izan baitzen: botorako eskubidea zuten 5,3 milioi herritarretatik %78,7k parte hartu zuten, erreferenduma antolatu duen batzordearen arabera. Hau zen erantzun beharreko galdera: «Nahi al duzu Kurdistango eskualdea eta inguruko eremu kurduak herrialde independente bihurtzea?». Baiezkoak argi irabaziko duela da pronostiko nagusia, baina ez dago batere argi eskualde autonomoak independentzia zein neurritan gauzatu ahal izanen duen. Barzanik herenegun elkarrizketarako deia egin zion Irakeko Gobernuari, baina Bagdadek erabaki du tropak bidaltzea eskualde autonomoaren inguruko eremuetara.

Bozkalekuak ireki eta ordu erdira eman zuen Barzanik botoa Pirmam udalerrian, baina kazetariei ez zien adierazpenik egin. Parte hartze datuak handiak izan ziren hiri nagusietan: Arbil hiriburuan %84, Kirkuken %79, Duhoken %90, Zakhon %94...

Kirkuken garrantzia

Irakeko agintariek goizean erabaki zuten erreferendumaren aurka mugimendu militar bat agintzea. Parlamentuak Haidar al-Abadi lehen ministroari agindu zion tropak bidaltzeko «Kurdistango Eskualde Autonomoak 2003tik kontrolpean hartu dituen eremu guztietara». Kirkuk, Diyala eta Ninive probintzietan daude eremu horiek, eta 2014tik aitzinera pexmergek EI Estatu Islamikoa bidali ondotik hartu zuten horien kontrola —Sinjarren, Ninive probintzian, yazidiak banatuta daude Barzaniren aldekoen eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldekoen artean—.

Irakeko milizia xiita nagusiak, PMH Herriaren Mobilizazio Indarrak, adierazi du prest dagoela Kirkukera borrokara joateko «komandante buruaren [Al-Abadiren] aginduak betetzen ez dituzten talde kriminalen aurka».

Kirkuken garrantzia kanpainan ere anitz nabarmendu da. Petrolio baliabide aberatsak dauzka, herritar gehienak kurduak diren arren turkmen eta arabiar gutxiengo zabalak ditu, eta Irakeko Konstituzioan onartua du Kurdistango Eskualde Autonomoarekin batu ala ez erabakitzeko erreferendum bat egiteko aukera. Kanpainan tentsio handia eta liskar batzuk izan dira Kirkuk hirian, baina bozketaren orduak normal igaro ziren atzo. Kurdistango Firat agentziaren arabera, turkmenak eta arabiarrak gehiengoa diren auzoetan boikota izan zen nagusi. Nexmeldin Karim gobernadoreak bozketa bukatu ondoren etxeratze agindua ezarri zuen. Irakeko Gobernuak tropak bidaltzeko agindua dela eta, Karimek lasai egoteko eskatu zien herritarrei. «Erreferenduma ederki joan da, inongo arazorik gabe, baina etsaiak prest daude Kirkuken egonkortasunari kalte egiteko».

Turkiaren mehatxuak

Hain zuzen, Turkiak ere aipatu du militarki esku hartzeko aukera, Mevlut Çavusoglu Atzerri ministroaren ahotik. Turkmenen segurtasuna arriskuan ikusiz gero tropak bidaliko dituztela erran du. Irakeko Fronte Turkmena alderdiak boikoterako deia egin zuen, eta kanpainan herritar kurdu bat hil zuten Kirkuken, alderdiaren egoitzan zaindarien eta erreferendumaren aldeko manifestarien artean izandako liskar batean. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak erran du bidea itxiko diola eskualde autonomoko petrolioaren merkaturatzeari. «Aste honetan jakinaraziko ditugu pausoak. Muga itxiko diegu sarrerei eta irteerei. Ikusiko dugu orduan Irak iparraldeko eskualdeko agintariek nola saltzen duten petrolioa». Siriako Gobernuak eta Irangoak ere gaitzetsi dute erreferenduma, eta Irangoak, gainera, muga itxi du Irakeko Kurdistanekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.