Siriako armadak Al-Bukamal askatu du, EIren menpeko azken hiria

Macronen ustez, EIren mehatxua handitu da, «Siriako eta Irakeko gerra amaitzear egon arren»

Deir ez-Zor hiria, Siriako armadak Estatu Islamikoaren eskuetatik askatu ostean, aurreko ostiralean. SANA / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Siriako armadak Al-Bukamal hiria berreskuratu du, EI Estatu Islamikoa garaitu ostean. Sirian EIren esku zegoen azken hiri handia da Al-Bukamal. Deir ez-Zor probintzian dago, Siriak Irakekin duen mugan, eta Irakeko jihadistei armamentu militarra bidaltzeko erabiltzen zuen EIk. Probintziako hiriburua, Deir ez-Zor, duela astebete askatu zuen armadak, eta ordutik Sirian jihadisten esku zegoen hiri garrantzitsuena bilakatu zen Al-Bukamal. Hiria berreskuratzeak «EIren proiektuaren erorialdia» iragartzen du, Siriako armadako komandantzia jeneralaren arabera.

Atzo hasi eta amaitu zuen Siriako armadak hiria askatzeko erasoaldia, eta, orain, egon daitezkeen minak eta lehergailuak indargabetzeko operazioa abiatu dute. Siriako SANA albiste agentzia ofizialaren arabera, azken hilabeteetan AEBek zuzentzen duten «nazioarteko koalizio ilegalak» eginiko bonbardaketek «ikaragarrizko kalteak» eragin dituzte hiriko eraikinetan.

Izan ere, Estatu Islamikoari aurre egiteko bi fronte daude irekita probintzian: Siriako armadarena, Errusiako abiazioaren laguntzarekin, eta SDF Siriako Indar Demokratikoena —nagusiki milizia kurduez osatua—, nazioarteko koalizioak babestua.

Al-Bukamalen garrantzia bere kokapen geografikoan dago, Siria lotzen baitu Irakeko Al-Qaim hiriarekin —izen bereko barrutiko hiriburua—, Hasibaheko igarobidearen bitartez. Bide hori erabiltzen zuten jihadistek Siriatik Irakera armamentu militarra bidaltzeko. Al-Qaim probintzia eta Hasibaheko igarobidea, ordea, aurreko ostiralean berreskuratu zituen Irakeko armadak, Herri Mobilizazioaren Indarra milizia xiitaren eta milizia suniten laguntzarekin. Garaipen haren ondorioz, EIko miliziano ugarik muga igaro behar izan zuten, eta Al-Bukamal ingurura ihes egin zuten.

Hiria eskuratzea aurrerapen estrategiko bat da Siriako armadarentzat: «Sirian geratzen direntalde terrorista guztiak amaitzeko pauso bat da». Siriako armadak «aberriaren ezkutu eta harresi» izaten jarraituko duela adierazi du, «terrorismoaren eta proiektu sionista-estatubatuarren aurrean».

Siriako armadak azaldu du Irakeko armadarekin mantentzen duen elkarlanak ere garrantzi handia izan duela, eta azaldu dute bi estatuen arteko mugan bide seguruak ireki dituztela.

Bestalde, Irakeko armada Al-Rumana hiriaren inguruetan kokatuta dago, Al-Anbar probintzian, Al-Qaim barrutiaren iparraldean. Iraken EIren esku geratzen den azken eremuetako bat da, Rawarekin batera —probintzia bereko hiria—.

Al-Bukamal hiria berreskuratu eta gutxira hitz egin du Frantziako presidente Emmanuel Macronek Ekialde Hurbileko egoeraz, Dubain. Raqqan lortutako garaipena izan du gogoan. SDFk urriaren 17an askatu zuen hiria, ordura arte EIren «kalifa herriko» hiriburua zena. Garaipen haren garrantzia gogorarazi du, baina azaldu du «Sirian eta Iraken gerra hilabete batzuetan amaituko den arren» jihadisten aurkako borrokan jarraitu behar dela.

Frantziako presidentearen ustez, mundua «nahasmen handiko garai batean» sartu da, eta jihadisten mehatxuak areagotu dira: «Terrorismo jihadistaren ekintzak areagotu dira, eta duten efektua handitu eta gerturatu egin da».

Macronek azaldu du EIren aurkako gerra ez ezik «boterea lortzeko borrokak» ere itzuli direla, «estatuen arteko erlazioak militarizatzeko tentaldiarekin». «Horrek nazioarteko hitzarmenak eta erakundeak auzitan jartzen ditu», adierazi du.

Gatazka ez da amaitu Sirian

Sirian bertan, Baxar al-Assad presidentearen gobernuaren eta horren aurkakoen liskarrek ez dute etenik. Ekialdeko Ghuta eskualdean 400.000 lagun inguru daude setiatuta, Jan Egeland Nazio Batuen Erakundeko gai humanitarioetarako aholkulariak azaldu duenez. Ghuta eskualdea Damaskotik gertu dago, eta Al-Assaden aurkakoek kontrolatzen dute. Egelanden esanetan, milaka lagun blokeatuta daude han, eta medikamenturik jaso ezinik daude: «Gatazkaren egun mingarrienetara itzultzen ari garela sentitzen dut».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.