Zinemaldiko Perlak sailean izango dira Cannes eta Berlingo film onenak

Cantet, Dolan, Takahata, Wenders, Ferrara eta Lunaren azken lanak ere ikusi ahal izango dira

Zinemaldiko Perlak sailean ikusi ahal izango da 20.000 Days on Earth: Nick Cave musikariaren fikziozko egun bat kontatzen du filmak. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Nazioarteko hainbat zinemalditan aurkeztutako pelikula onenetako batzuk eskainiko ditu Donostiako 62. Zinemaldiak, Perlak sailean. Hautatu dituzten hemezortzi lanen artean, Berlingo Zinemaldian Urrezko Hartza irabazi duen filma eta Cannesko Zinemaldian Urrezko Palmorria irabazitakoa daude: Yinan Diaoren Bai Ri Yan Huo / Black Coal, eta Thin Ice eta Nuri Bulge Ceylanen Kis Uykusu / Winter Sleep. Ikatz meategi bateko langile baten heriotzatik abiatutako istorio enigmatikoa kontatzen du Diaoren lanak; Nihal emaztearekin eta Necla arrebarekin batera hotel txiki bat gobernatzen duen Aydinen istorioaren kontakizuna da Bilge Ceylan turkiarrarena.

Roy Andersson, Isao Takahata, Xavier Dolan, Wim Wenders, Abel Ferrara eta Laurent Cantet zuzendarien lan berriak ere hautatu dituzte, besteak beste, Zinemaldiaren antolatzaileek. Hemezortzi filmek aukera izango dute publikoaren saria irabazteko; saileko film bakoitzaren lehenengo emanaldian baino ez da izango aukera hori. Bi kategoriatan biltzen ditu: film onena eta Europako film onena.

Drama eta errealitatea bateratzen ditu Iain Forsyth eta Jane Pollarden 20.000 Days on Earth filmak, Nick Cave musikari eta nazioarteko kultur ikonoaren bizitzako fikziozko 24 ordutan. Sundanceko Zinemaldiko dokumentalen atalean zuzendari onenaren saria irabazi zuen. Ideia harrigarriki egiatiak azaleratu zituen, eta prozesu artistikoaren erretratu intimoa egin.

Pasoliniren azken eguna

Kultur munduko beste pertsona ospetsu bat du ardatz Abel Ferrararen Pasolini lanak. Willem Dafoe aktoreak jokatzen du Pier Paolo Pasolini poeta eta zinemagile italiarraren rola. 1975eko azaroaren 2ko gauean hil zuten Pier Paolo Pasolini. Haren bizitzako azken eguna berregin du Ferrarak. Errealitatearen eta irudimenaren arteko nahasketa da filma, eta Veneziako Zinemaldirako lehiaketa ofizialerako hautatu dute.

Diego Luna aktore eta zuzendari mexikarrak sinesten zuenagatik bizia arriskatuz milaka pertsonaren inspirazio iturri bilakatu zen gizonaren istorioa kontatzen du César Chávez filmean. 60ko hamarkadako eskubide zibilen aldeko mugimenduen artean pertsona gogoangarria izan zen Cesar Chavez; izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako historiako indarkeriarik gabeko protesta luzeena egin zuen milioika langile amerikarren eskubideen alde. Aurtengo Berlingo Zinemaldian aurkeztu dute. Angelina Joliek ekoitzi du Difret lana, eta Zeresnay Berhane Meharik zuzendu. Publikoaren saria lortu du Sundanceko Zinemaldian, eta Panorama saileko publikoaren saria Berlingo Zinemaldian.

Cannesko Zinemaldian lehiatu dira aurten Naomi Kawaseren Futatsume No Mado. Zinemaldi bereko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zituzten hauek: Isao Takahata japoniarraren Kaguhiyame No Monogatari animazioko filma; Ronit eta Shlomi Elkabetzen Gett, The Trial of Viviane Amsalem, Israelgo emakume batek dibortziatzeko eskubidearen alde egindako borroka kontatzen duena; Celine Sciamma frantziarraren Bande de Filles; eta Daniel Wolfe ingelesaren Catch Me Daddy estreinakoa.

Xavier Dolan kanadar entzutetsuaren Mommy, Wim Wenders alemaniarraren The Salt of The Earth eta Lauren Cantet frantziarraren Retour à Ithaque ere ikusi ahal izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.