Arafaten ondareari eusteko deia

Erresistentzia armatua aldarrikatu du Bargutik, espetxetik.

Palestinarren adiskidetzea, arriskuan
Mahmud Abbas, Yasser Arafaten argazki bat atzean duela, buruzagi historikoaren heriotzaren hamargarren urteurrenean Mukatan eginiko ekitaldian.
Mahmud Abbas, Yasser Arafaten argazki bat atzean duela, buruzagi historikoaren heriotzaren hamargarren urteurrenean Mukatan eginiko ekitaldian. ATEF SAFADI / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko azaroak 12
Milaka palestinar elkartu ziren atzo Ramallahen, Yasser Arafatek bere azken hilabeteetan gotorleku bihurtu zuen Mukataren aurrean —duela hamar urte Parisko erietxe militar batean hil aurretik—, palestinarren buruzagi historikoari gorazarre egiteko. Ekitaldiko hitzaldi nagusian, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruzagi Mahmud Abbasek «palestinarren nazio proiektua zapuztu eta deuseztatzeko» ekintzak deitoratu zituen, eta, Israeli «erlijio gerra bat» sustatzea leporatzearekin bat, palestinarrek «Al-Aqsako meskita kolonoen eta estremisten erasoetatik» defendituko dutela agindu zuen. Hamas ere gogor kritikatu zuen, ordea, Abbasek: palestinarren adiskidetzea «hondatzea» egotzi zion mugimendu islamistari, Gazan Al-Fataheko buruzagien etxebizitzek azken egunetan jasan dituzten leherketengatik.

Hamasek galarazi egin zuen atzo Arafaten aldeko ekitaldirik egitea Gazan, segurtasuna bermatzeko modurik ez zegoela argudiatuta; eta Abbasen «gezur eta irainak» deitoratu zituzten mugimendu islamistako buruzagiek. Batasun nazionaleko gobernua osatu arren, palestinarrak adiskidetzea ez dela lan erraza izango begi bistakoa da, nahiz eta astelehenetik Al-Fataheko eta Hamaseko ordezkaritzak Kairon bilduta dauden, Maan agentziak argitaratu duenez, Israelekin zeharkako elkarrizketak hasteko aukerak aztertzen.

Mukatatik urrun egonagatik, preso baitauka Israelek 2002tik, atzo Maruan Barguti Al-Fataheko buruzagia izan zen Arafatek palestinarren artean utzitako hutsuneari erreferentzia zuzenena egin ziona. Haren heriotzaren urteurrenerako propio idatzitako gutun batean, «erresistentzia armatuari eusteko» deia egin die Bargutik buruzagi palestinarrei. Israelen kontra «erresistentzia global eta armatuari eustea», Bargutiren arabera, «Arafaten ondareari, ideiei eta printzipioei fidel» jarraitzeko modu bakarra da. Printzipio horien alde eta okupazioaren kontra, «hamarka mila palestinar martiri gisa» hil direla nabarmendu du Bargutik.

Orain arte izan diren bi intifadetan (1987-1993 eta 2000-2005), Zisjordanian Al-Fataheko buruzagi gorenetakoa zen Barguti, eta biak sustatzea egotzi izan dio Israelek. 2004an bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zioten, baina palestinarren artean babesik handiena duen buruzagia da, Abbassengandik oso urrun, hauteskundeak diren aldiro argitaratzen diren inkestek erakusten duten gisan.

Gazaren kontrako zigor operazioaren ondotik Jerusalemen palestinarren kontra ugaritu diren erasoen harira, eta bereziki judu ultraortodoxoek Meskiten Zelaia okupatzeko eginiko saialdiekin lotuta, Bargutik adierazi du agintaritza palestinarrak «bere lehentasunak eta misioa» berrikusi behar lituzkeela «eta berehalako batean amaitu segurtasun lankidetza» Israelekin, hartu-eman horrek «okupatzailea indartu» besterik ez duelako egiten.

Bi palestinar tiroz hil dituzte

Hirugarren Intifada pizten ari ote den, Israelgo hedabideetan gero eta ugariagoak dira hori baieztatzen duten artikuluak, eta Polizia alertan ezarri du Israelek «milaka ofizial eta boluntariorekin». Giroa, izan ere, erabat zakartu da udaz gero Jerusalem hirian eta lurralde okupatuetan, eta Israelen erasoak ugaritu dira. Azken hilabetean palestinarrek bost israeldar eta ekuadortar bat hil dituzte —auto-harrapaketa bitan eta labanaz eginiko eraso bitan—, eta muturreko rabbi bat larri zauritu dute; Israelgo segurtasun indarrek, halaber, azken egunotan gutxienez bost palestinar hil dituzte —ustezko hiru erasotzaile tartean—, azkena atzo bertan Hebronen. Beste palestinar bat ere hil zuten atzo tiroz, Israelgo Zemer herrian. Tulkaremgoa zen Nihad Mufid Ahmad Nalua, eta ez dute argitu tiro nork egin zion.

Al-Arrubeko iheslari gunean bularrean tiro eginda hil dute 21 urteko Muhamad Imad Jawabra. Israelgo segurtasun indarrek onartu dute gazteari tiro egin ziotela, baina «200 bat palestinarrek eragindako istiluei aurre egitean» izan zela argudiatu dute. Lekuko batek Maan agentziari esan dionez, ordea, etxeko teilatuan «tea hartzen» ari ziren gazteari tiro egin diotenean.

Astelehenean soldadu israeldar bat eta emakume bat hil zituzten ustezko erasotzaileen senideak atxilotu zituzten atzo Israelgo segurtasun indarrek, Nablusen eta Hebronen. Eta, Arafaten heriotzaren urteurrenean, gutxienez beste hiru palestinar zauritu zituzten segurtasun indarrek, Nablus ondoan eta Jursan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna