Zigorrak senide eta bizilagunei

Sinagogako hilketen osteko egunean, palestinarren aurkako zigor kolektiboa abiatu du Israelek
Abdelrahman Xaludiren senideak, Israelgo Gobernuak suntsiarazitako etxean.
Abdelrahman Xaludiren senideak, Israelgo Gobernuak suntsiarazitako etxean. ATEF SAFADI / EFE

Samara Velte -

2014ko azaroak 20
Sinagogako hilketek biharamun iluna ekarri dute Jerusalemera eta Zisjordaniara. Bi palestinarrek labanekin zauritu zituzten polizietako bat ere zendu da, eta, beraz, gutxienez bost dira jada astearteko erasoaren ondorioz hildakoak. Israelek polizia operazio zabala abiatu du Jerusalem ekialdean eta Zisjordanian: lehenbiziko gauean gutxienez 21 lagun eraman dituzte atxilo, Maan berri agentzia palestinarrak argitaratu duenez; tartean gutxienez hiru adingabe daude.

Ghassan eta Uday Abu Jamal gisa identifikatu dituzten bi palestinarrak —lehengusuak, horregatik dute abizen bera— astearte goizean oldartu zitzaizkien Jerusalem mendebaldeko auzo ultraortodoxo bateko sinagogan errezoan ari zirenei. Poliziak tokian bertan hil zituen biak, baina gero hamabi senide atxilotu zituen. Haietako bederatzi aske utzi zituen atzo.

Jerusalem ekialdeko bere auzunera itzultzea alferrik du, ordea, familiak: «terroristen» etxeak eraisteko agindua eman du Israelgo Gobernuak; Abu Jamal lehengusuenak eta aurreko asteetan Israelgo herritarrak hil dituzten guztienak. Horrenbestez, Abdelrahman Xaludiren familia ere aterperik gabe utzi dute: urri amaieran autoarekin bi israeldar harrapatu eta hil zituen hark; Israelgo indar armatuek tokian bertan hil zuten hura ere. Denera, bederatzi zibil geratu dira gau bakarrean etxerik gabe, 972mag atariak jakinarazi duenez.

Kolonoekin istiluak

Estatuaren errepresioaz gain, muturreko sionisten haserrea ere hedatu da sinagogako hilketaren biharamunean. Asteartean bertan zauri larriak eragin zizkioten lau kolonok 22 urteko palestinar bati Jerusalem iparraldean, eta handik gutxira 16 urteko beste bat tirokatu zuten Ramallahetik gertu. Biak zaintza berezia jasotzen ari dira ospitalean.

Hiriburu historikoan ez ezik, Zisjordania osoan ere eman dute istiluen berri. Kolonoek herri palestinarretan elkartzeko deialdiak egin dituzte, eta etxebizitzei, lursailei eta bestelako jabetzei egin diete eraso. Ramallahen istiluak sortu dira palestinarrek kolonoei harriak jaurtiz egin dietelako aurre; soldaduek israeldarrak babestu dituzte, eta alboko errefuxiatu guneraino jazarri diete gazte arabiarrei, gomazko balak eta negar gasa erabiliz.

Hebron eta Nablus inguruko herri palestinarretan ere ikusi dituzte kolono taldeak, etxeetako leihoak eta ibilgailuak apurtuz. Nablustik Ramallahera doan errepidea erabat itxi dute, eta armadak propio setiatu du Betleem inguruko Beit Iskarija herria, bertako herritarrak inguruko manifestazio kolono batekin nahas ez zitezen.

Gaza iparraldean ere tiro hotsak aditu dituztela jakinarazi du Maan agentziak; zehazki, Erezeko igarobidean, Gaza eta Israel banatzen dituen mugatik gertu. Agentziaren arabera, ez da inor zauritu.

Gobernutik, haizea suari

Ziurgabetasuna bolboraren gisan barreiatu da, eta Israelgo Gobernutik heldutako adierazpenek haizea ematen diote piztear egon daitekeen suari. Benjamin Netanyahuk agintari palestinarrei egotzi die azken aldiko erasoen ardura, eta haren gobernuko ministro batzuk hasiak dira muturreko neurriak eskatzen: armak gainean eramateko baldintzak leuntzea aztertzen ari da Yitzhak Aharonovitch Segurtasun Publikorako arduraduna. Naftali Bennet Ekonomia ministroak, berriz, operazio militar bat eskatu du zuzenean, The Jerusalem Post egunkariaren arabera.

PAE Palestina Askatzeko Erakundeak ohartarazi du Palestina «presio eltze» bilakatzen ari dela Israelgo Gobernuaren erruz. «Netanyahu egiten ari den okerrena zera da: herri bat galtzeko ezer gabe uzten ari da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna