Hezbollah, Israelen jomugan

Libanoko miliziak Israelgo bi militar hil ditu Golanen.

Erantzunean, soldadu espainiar bat hil dute

Xabin Makazaga -

2015eko urtarrilak 29
Israelgo armadak duela hamar egun Quneitran (Siria) hildako zazpi kideengatik mendekua hartu du Hezbollah-ek, Golango gainean egindako eraso batean gutxienez Israelgo bi soldadu hil eta beste zazpi zauritu baititu. Baina, begia begi truk, «erantzun sendo eta gogor bat» agindu dute Israelgo agintariek Libanoko milizia xiitaren kontra.

Hezbollaheko sei kide —Mohamed Ahmed Issa komandantea eta Imad Mugniyah buruzagi historikoaren seme bat tartean— eta Irango Iraultzaren Zaindarien jeneral bat hil zituen Israelek urtarrilaren 18an Quneitran, drone batekin egindako erasoan. Eta, ordutik, soldaduak pilatuz joan da Tel Aviv Golango gainean, Siria hegoaldeko lur okupatuetan.

Mendeku hartzea agindua zeukan Hezbollahek, eta, «Quneitrako martirien izenean», Libanoko milizia xiitak Israelgo armadaren konboi bati eraso zion Xebaako etxaldeetan atzo; Golango gainaren iparraldean, Libanok berekotzat aldarrikatzen du Israelek 1967an, Sei Eguneko Gerran, okupatutako eremu hori. Siriak ere ontzat jotzen du eskaera, baina ez NBEk eta Israelek.

Israelgo Defentsa Ministerioak erasoan bi soldadu hil eta zazpi zauritu direla baieztatu zuen atzo, nahiz eta Hezbollahek, erasoa bere gain hartzeko agiri batean, «soldadu sionista ugari» hil zituela baieztatu zuen, milizia xiitaren Al-Manar telebista katean. Libanoko Al-Mayaden telebistak ere, Israelek biktimen berri eman aurretik, 15 soldadu hil zituztela zabaldu zuen.

Libano bonbapean

Hezbollahek Israelgo konboi militarrari eraso egin eta segidan, Libano hegoaldera suziri andana bat jaurti zuen Israelgo armadak, eta Al-Mayedia, Kafar Xuba, Al-Abasiya eta Al-Wazani inguruetan kalteak eragin zituen. Ustekabeko ondorio bat ere izan zuten Israelen bonbardaketek, Unifil misioan —NBEren Libanorako bake indarrean— ari zen soldadu espainiar bat hil baitzuten. Israelek doluminak agertu dizkio Espainiako Gobernuari, eta Hezbollahi ohartarazi dio gogor erantzungo duela.

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu Sderot hirian zen atzo, hegoaldean, eta udan Gaza txikitu zuen Hegi babesgarria zigor operazioa aipatu zuen, Hezbollah miliziari mehatxu egiteko: «Armada, une hauetan, iparraldeko gertakariei ari zaie erantzuten. Eta guri iparraldeko mugan erronka botatzen digun edonori, hemendik ez hain ez urrun, Gazan gertatu zena gogorarazi nahi nioke».

Avigdor Lieberman Israelgo Atzerri ministroak «neurriz gaindiko erantzun bat» agindu du Hezbollahen kontra, eta, milizia xiita ez ezik, Libanoko Gobernua ere erasoaren erantzuletzat jo du. Taman Salam Libanoko lehen ministroak, berriz, «tentsioa handitzea» egotzi dio Israeli, eta bere herrialdea 2006an Israel eta Hezbollahen arteko gerra amaitu zuen NBEren ebazpenari atxikitzen zaiola gaineratu du.

Elkarrizketak Moskun

Siriako Gobernuaren eta oposizioaren arteko negoziazioak atzo hasi ziren Errusiako hiriburuan, aste hasieratik elkarrizketak errazteko harremanak izan ostean. Moskuko negoziazioetan, baina, oposizioko indar nagusiak ez du parte hartuko: NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioaren Koalizio Nazionalak Baxar al-Assaden kargu uztea jartzen du negoziatzeko baldintza gisa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna