Muturreko neurriak proposatu ditu Cameronek immigrazioa mugatzeko

Sei hilabetean lana aurkitzen ez duena kanporatu egin nahi du.

Laguntzak jasotzeko, lau urte

Xabin Makazaga -

2014ko azaroak 29
Urte erdi falta da Erresuma Batuko hauteskundeetarako, eta David Cameron lehen ministroak Europako Batasuneko herritarren immigrazioari aurre egiteko neurri sorta «muturreko bat» aurkeztu du. Cameronek bigarren agintaldia lortuz gero soilik jarriko luke indarrean, eta helburu horixe du haren proposamenak, Alderdi Laboristari eta UKIP eurofoboari aurrea hartzea, neurri populista batzuekin.

Estatuko laguntzak jaso ahal izateko, EBko herritarrek lau urtean bizi beharko dute aurrez Erresuma Batuan, Cameronen proposamenaren arabera. Eta sei hilabetean lana aurkitzen ez duena kanporatzeko bideak aztertuko lituzke. Seme-alaba bakoitzeko laguntza eskatzen duten migrante kopurua ere murriztu egin nahi du, eta Erresuma Batuan ezartzen denak eraman dezakeen senide kopurua gutxitu.

Delituren bat egin edo eskean aritzen direnak deportatzeko bideak azkartzeaz gain, Europako Batasuneko kide egin berriak diren herrialdeetako migratzaileei sarrera ukatu ere egin nahi die Cameronek, harik eta herrialde horien ekonomiak bazkideen mailarekin parekatzen diren arte. Eta, Erresuma Batuan sartzeko, EBko herritarrei lan eskaintza bat badutela egiaztatzeko ere exijitu nahi die Cameronek, beste neurri murriztaile batzuen artean.

Cameronek proposatutako neurri asko ez datoz bat EB barruan pertsonen mugimendu askatasuna bermatzen duten arauekin, baina Europako Batzordeko bozeramaile Margaritis Schinasek atzo esan zuen lehen ministro tory-aren plana «debatearen parte» dela eta «dramarik gabe, lasai» eztabaidatu beharko dela.

Alemaniako Gobernuak, bestalde, 1.000 milioi jarri ditu, lander eta udal administrazioek asiloa eskatu duen migrante oldeari aurre egin ahal izateko. Aurten 135.634 eskaera jaso dituzte, iaz urte osoan baino gehiago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna