Leire Etxaniz 22 Maider Mendizabal 13

Dirudien baino gogorragoa

Leire Etxanizek irabazi du Emakumeen Master Kopako lau eta erdiko finala elite mailan
Maite Iriarte, Maider Mendizabal, Eneritz Arrieta eta Leire Etxaniz, atzo, sariekin.
Maite Iriarte, Maider Mendizabal, Eneritz Arrieta eta Leire Etxaniz, atzo, sariekin. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Ainara Arratibel Gascon

2017ko abenduak 7
Iraupena.45 minutu.

Pilotakadak. 419 pilotakada jo dituzte.

Sakez. Etxanizek bat egin du

Markagailua. 3-0, 3-1, 7-2. 8-4, 9-6, 11-7, 13-11, 17-12, 22-13

Bestelakoak. Sopelako udal kiroldegian giro aparta izan da, Emakumezkoen Master Kopako lau eta erdiko finalak ikusteko.

Leire Etxaniz da Lau eta Erdiko Emakumeen Master Kopako garailea elite mailan. Binakakoa irabazi eta gero, bigarren txapela jantzi du. Etxaniz zen faborito atzo, eta ez zuen huts egin Maider Mendizabalen aurka. 22-13 gailendu zen. Markagailua ikusita, erraz irabazi zuela pentsatuko dute partida ikusi ez zutenek. Baina ez zen horrela izan. Partida gogorra eta polita izan zen, eta Mendizabalek ez zizkion gauzak erraz jarri, batez ere partidaren erdialdera. Amaieran egin zuen behera, nekearen ondorioz. Baina bi pilotariek final batek merezi ikuskizuna eskaini zuten.

Partidak izandako gogortasunaren isla izan zen jotako pilotakada kopurua: 419. Hasieran, ordea, ez zirudien hala izango zenik. Izan ere, Etxaniz 7-2 aurreratu zen. Aurkaria lau eta erdiko arrastoan eduki zuen, eta erraz amaitu zituen tantoak.

Mendizabali kosta egin zitzaion hasiera horretan frontoian lekua hartzea. Baina, egokitzearekin batera, bere jokoa ezartzen hasi zen. Airez defentsa ikaragarria erakutsi zuen. Hala, frontisetik gertuago aritu ahal izan zen, eta aurrean tantoak bizkorrago amaitu horma-bikoen eta txokoan utzitako piloten bidez. Gantxoz ere tanto bat egin zuen. Tanto horietako batzuetan zoria ere izan zuen, arriskatu egin baitzuen, eta pilotak ozta-ozta jo zuen txaparen gainean edo zabalerako arrastoan.

Etxaniz haren jokoan sartu zen, eta horrek ez zion mesede egin. Txapeldunari gehiago komeni zitzaion lau eta erdiko marratik gertu jokatzea eta pilotakadak luzeagoak izatea. Hala, Mendizabal errenta murriztuz joan zen. Bi tantora ere jarri zen: 13-11.

Partidako zati hori izan zen politena. Lehia gogorra eta parekatua ikusi zen bi pilotarien artean, eta bazirudien Mendizabalek uste baino zailago jarriko ziola garaipena Etxaniz faboritoari. Mendizabalek bazekien partida luzatuz gero asko murriztuko zitzaizkiola garaipena lortzeko aukerak. 23 urte gazteagoa izanda, Etxaniz gehiago zen fisikoki. Hori dela eta, ahalik eta azkarrena bukatu behar zituen tantoak. Hala, arriskatzen segitu zuen. Baina pare bat tanto zabalera joan zitzaizkion gutxigatik, eta, horrekin batera, finala. Izan ere, nekea agertzearekin batera, behera egiten hasi zen. Etxanizek berriro ere partidaren aginte makila hartu zuen. Gehiago behartu zuen aurkaria atzera korrika egitera, eta 9 eta 2ko partzialarekin 22ra iritsi zen.

Zaleek txalo zaparrada bero batekin eskertu zuten bi pilotariek emandako ikuskizuna eta egindako ahalegina. Biek pozik amaitu zuten norgehiagoka. Hunkituta mintzatu zen Etxaniz garailea: «Final polita eta gogorra izan da. Ikuskizun polita eman dugula uste dut». Txapeldunak onartu zuen partidaren erdialdean sufritu egin zuela. «Bere jokoan sartu naiz, eta gerturatu egin zait markagailuan. Eskerrak botileroak gauzak aldatzen lagundu didan». Mendizabalek egindako partida ere nabarmendu zuen: «Faboritotzat jotzen ninduten. Baina nik ez nuen horrela ikusten, eta argi geratu da Maider lanak emateko gai dela. Oso partida ona egin du».

Egindako lanarekin harro ikusten zitzaion Mendizabali: «Gaizki hasi naiz, baina horri buelta eman diot. Irabazteko arriskatu egin behar nuen. Ez zait ondo atera, baina zer egingo diogu».

Arrieta garaile

Elite mailakoaren antzeko emaitza izan zuen lehen mailako finalak. Eneritz Arrietak 22-12 irabazi zion Maite Iriarteri. Kasu horretan ere faboritoa garaile izan zen. Baina, elitekoan ez bezala, erraz irabazi zuen. Iriartek lehen lau tantoetan baino ez zion eutsi, eta berehala egin zuen zuloa markagailuan Arrietak: 6-13.

Hor zertxobait suspertu zen Iriarte, eta 9-14 ere jarri zen. Baina susperraldia gehiago izan zen Arrietak egindako okerrengatik. Hortik aurrera, ordea, txapelduna nagusi izan zen. Azkar joan zen partida. Guztira 183 pilotakada jo zituzten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna