Sinbologia bat sinkronizatzeko

Oihane Enbeitak, Andoni Gartziak eta Eneritz Zeberiok irabazi dute Joseba Jaka sorkuntza beka

Ezker-eskuin, Andoni Gartzia, Oihane Enbeita eta Eneritz Zeberio, atzo, Donostian.
Ezker-eskuin, Andoni Gartzia, Oihane Enbeita eta Eneritz Zeberio, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko apirilak 14

Oihane Enbeitak, Andoni Gartziak eta Eneritz Zeberiok irabazi dute aurtengo Joseba Jaka Sorkuntza Beka, antzerki lan bat sortzera zuzendutakoa. Proiektuak Lua Kastore du izena, eta izen bereko protagonistaren barneko bidaia izango du oinarri. Gartzia diseinu grafikoan eta ikus-entzunezkoetan aritzen da, Zeberio dantzaren alorrean, Enbeita eta antzerkitik eta hitzetatik dator. Ma kolektiboa osatu berri dute, eta taldearen aurreneko urratsetan jaso dute orain Elkar Fundazioak banatzen duen beka. «Lehen gogotsu baginen, orain are gogotsuago, aurrera egiteko», adierazi dute. Urtebete dute proiektua garatzeko, eta, oraindik hastapenetan egonik ere, zertzelada nagusiak aurkeztu dituzte. «Diziplina anitzeko proiektua da; geruza sinbolikoak dauzka, eta planteamendu poetiko batez adieraziko da», aurreratu du Enbeitak.

Ez da testu batean oinarritutako proiektua, «dramaturgia garaikidean» kokatzen den lan bat baizik, Enbeitaren hitzetan. Hala, bakoitzaren diziplinak taulan zelan «fusionatzen» diren landu nahi dute. Zeberio: «Horretan asmatzea da gure erronka. Badugu pertsonaia zentral bat, abiapuntu bat, baina lengoaia horien uztartzea oraindik entsegu gelan eta edizioan egin behar den gauza bat da. Aipatu dugun poesia geruza horrek fina izatea eskatzen du».

Estreinakoz antzerkiari

Joseba Jaka beka 2016an jarri zen berriz martxan, hamar urteko etenaren ondoren. Bi urtetik behin ematen da, eta 10.000 euroko laguntza banatzen du kultur lan bat osatzeko. Aurreko aldian literatur beka gisa ezagutzen zen, baina bigarren aldi honetan sorkuntza beka izendatu dute. Duela bi urtekoa literaturari eskaini zitzaion —Alaine Agirrek irabazi zuen, Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama nobelarekin—, eta, aurten, estreinakoz zuzendu dute beka antzerki lanen sorkuntzara.

Agurtzane Intxaurragak, Iratxe Retolazak eta Jaime Valverdek osatu dute epaimahaia. Orotara, antzerki lan bat egiteko bederatzi proiektu jaso dituzte. «Bizpahiru egitasmo sendo eta iradokitzaile, berritzaileak gaitegian edo dramaturgian, anbizio handikoak, eta ekarpen estetikoak zein sozialak proposatzen dituztenak», Intxaurragaren hitzetan. Bidenabar, aipatu du bederatziak eszena gainean ikusi nahiko lituzketela.

Halere, epaimahaiak aho batez egin du Lua Kastore proiektuaren alde. Haren izaera «berritzailea» azpimarratu dute, gaitegiarena batetik, baina batez ere dramaturgia proposamenarena, «nortasun handiko atmosfera bat sortzea helburu duena».

Ikuskizunerako propio sortuko dute musika. «Bai eszenografia, bai musika, bai ikus-entzunezkoak; denak hartzen ditugu pertsonaiatzat, edo, behintzat, aktibotzat, agertokian. Ez dira ilustratzeko erabiliko ditugun teknikak», azaldu du Enbeitak. Eta horiek lotzen hastea dute hurrengo urratsa. «Sinkronia lan bat egin nahi dugu geruza horiekin guztiekin; ez dugu testu bat hartu eta horren gainean eraikiko; geruza guztiak batera eraikitzen joango gara, nukleo beraren inguruan». Lua Kastore da nukleo hori, abiapuntu gisa marraztu duten pertsonaia. Enbeitak argitu duenez, Lua-k Hawaiiko arte martzialetan hezurrak haustea helburu daukan diziplinari egiten dio keinu; eta Kastore-k kastore animaliari, «ingurumena moldatzen duena, gizakiak bezala». Enbeita: «Hau esaten dut adierazteko sinbologia bat dagoela landuta, eta sinbologia horren baitan dena zipriztinduta dagoela, baita pertsonen izenak ere, eta proiektua, oro har».

Elkar sariak, ostegunean

Datorren ostegunean, hilaren 19an, Elkar sariak banatuko dira, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean (Gipuzkoa). Bertan jasoko dute Joseba Jaka saria Enbeitak, Gartziak eta Zeberiok .

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Txagorritxuko erietxean, COVIDaren test serologikoak aztertzen. ©G. RUBIO / FOKU

Eritasunari buruzko lezio berrikusia

Arantxa Iraola

Asko falta da oraino, baina COVID-19aren inguruko ezagutzak egunero ari dira argitzen, osatzen; ondorioz, izurriaren hasieran gaitzaz esan ziren hainbat gauza zahartuta eta atzeratuta geratu dira guztiz. Etengabeko berrikusketa eskatzen du gai honek.

Langile bat, Garesen, piperra biltzen iaz. ©Jesus Diges / efe

Nafarroan, PCR probak egingo dizkiete sasoikako langileei

Joxerra Senar

Abuztutik urrira bitartean, ardorako mahats bilketan edo bestelako barazki eta fruituen uzta bilketarako Nafarroaz kanpotik etorriko diren langileei probak egingo dizkiete, etan positibo emanez gero, konfinamenduan lagunduko die gobernuak.

Basurtun, PCR probak egiten ©Javier Zorrila / efe

300 positibotik gora Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian eta Araban gorakada nabarmenak izan dira.

Pentsionisten elkarretaratzea Bilboko Justizia Jauregian. ©Aritz Loiola

Pentsiodunek pandemiako testigantzen txosten bat aurkeztuko diote EAEko Fiskaltzari

Maialen Arteaga

Irailaren 7an bilduko dira fiskalarekin pandemiako testigantzak eta datuak biltzen dituen txostena helarazteko

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna