Ahozkotasunaren topagunea

25 ekitalditik gora izango dira Ahoz Aho jaialdian, otsailaren 23an hasi eta martxoaren 17ra bitarte

Ahoz aho jaialdiko ekitaldiak antolatu dituzte otsailaren 23tik martxoaren 17ra, Ordizian, Tolosan, Ataunen, Albizturren eta Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maider Galardi F. Agirre.
Donostia
2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
«Hamaika kontatzeko jaio gara». Hala hasi du hizketaldia Joxe Mari Karrere kontalariak. Iaz jaso zuen Ahoz aho jaialdiko lehenengo Urrezko Kalabaza. Eta aurten jaialdiaren aurkezpenean izan da: «Erabat beharrezkoak dira topaketa hauek; ahozkotasunari balioa ematen diote». Hamaika kontatzeko, hamaikagarren aldiz antolatu du Intujai elkarteak Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia. 25 ekitalditik gora antolatu dituzte hilaren 23tik martxoaren 17ra bitarte, Gipuzkoako bost herritan: Ordizian, Tolosan, Donostian, Ataunen eta Albizturren.

«Iaz esan genuen berezia izango zela, hamarkada beteta, baina aurtengoa ere indartsu dator. Urtez urte handituz doa jaialdia», adierazi du May Gorostiaga antolatzaileak. Izan ere, inoiz baino gehiago hedatuko da jaialdia, bost herritara zabalduta. Hainbat eskolatan ere egingo dituzte ikastaro bereziak haurrentzako eta gazteentzako.

Ordizian, esaterako, Urdaneta eta Jakintza ikastetxeetan arituko da Eneko Haritza kontalaria. «Hitzaren garrantzia transmititzea beharrezkoa da», azaldu du Joseba Aranburuk, Ordiziako kultur zinegotziak: «Egun, jendea ez da komunikatzen. Alemaniako filosofo batek esan zuen beharrezkoa dela pertsonen arteko interakzioa komunikatu ahal izateko. Bestela, informazio truke hutsa da».

Bat egin du Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko kultur zuzendariak ere: «Pantailaren aroan, ahozkotasuna eta transmisioa beharrezkoak dira». Diziplina hori gutxietsita dagoela salatu du Patxi Amantegik, Tolosako Udaleko ordezkariak.

Garrantzi handiko diziplina

Gorostiagak azaldu du Ahoz Aho jaialdiak sustatu egiten duela ahozko kontakizunen diziplina, eta balioa ematen diola lan horri. Horretarako, nazioarteko zein Euskal Herriko hainbat profesionalek bat egiten dute topaketetan. Besteak beste, Benita Prieto Brasilgo kontalari eta aditua izango da, baita Nicolas Alberto Lubo kolonbiarra eta Paula Carballeira galiziarra ere. Tailerrak eta ikuskizunak, bietatik eskainiko dituzte hara bildutako artistek.

«Bada azpimarratu beharreko kontu bat», ohar egin du Karrerek: «Askotan, pentsatzen dugu ahozkotasunak lotura duela haur eta gazte literaturarekin. Baina kontaketa arte eszenikoen barruan kokatutako diziplina bat da». Horregatik, gogorarazi du badirela helduentzako prestatutako saioak eta ikastaroak. Besteak beste, Pello Añorgaren saioa izango da Ordiziako Goiztiri euskaltegian, eta Caballerok narraziorako ikastaro trinkoak eskainiko ditu Tolosan.

Horrez gain, hiru ekitaldi nagusi prestatu dituzte Euskal Herriko kontalarientzat: seigarren ipuin narrazio lehiaketa, euskal narratzaileen topaketak eta Urrezko Kalabazaren sari banaketa.

Aitorpen beharra

Gorostiagak lehiaketaren garrantzia azpimarratu du: «Kontalari gutxi gara Euskal Herrian, eta aukerak ere ez dira asko, baina lehiaketak bide bat irekitzen du. Izan dira parte hartzaileak hurrengo urtean artista gisa etorri direnak». Karrerek gogora ekarri du euskal kontalarien topaketek duten balioa ere: «Geure lanbidea sendotzeko eta elkar ezagutzeko ezinbestekoak dira». Aurten, Añorga eta Dorleta Kortazar izango dira hizlariak.

Egitaraua ixteko, bigarrenez banatuko dituzte Urrezko Kalabazak. Ipuinen distiraren metafora ere badela azpimarratu dute; horregatik, topaketetan Euskal Herriko bi kontalari eta nazioarteko bat omenduko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.