Oihalezko gerrak eta bakeak

Nazioen Ligaren Genevako egoitzarako Jose Maria Sertek egindako margolanen zirriborroak daude ikusgai Donostian. Erakusketarekin eman dio amaiera D2016k 'Bake-ituna' proiektuari

Nazioen Ligak 1936an inauguratu zuen Genevako egoitza, Serten horma irudiz apainduta. Haien zirriborroak daude ikusgai San Telmo museoan. GORKA RUBIO / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Jose Maria Serten mihiseak dira Donostiako San Telmo museoaren ondare preziatuenetako bat. Udalaren enkarguz ondu zituen muralista katalanak 11 oihal handi horiek, 1932an, domingotarren komentu zaharra museo bilakatu eta inauguratu zutenean, eta bertan daude gaur egun ikusgai, zaharberrituta gainera. Orain, artistak ondorengo urteetan ondutako beste hainbat lan parez pare dituzte mihise horiek. Nazioen Ligak Genevan zabaldu zuen egoitza apaintzeko egindako horma irudien zirriborroak ikusgai daude atzotik Etxeberritarren kaperan, 1936. Jose Maria Sert eta Nazioen Liga. Optika eta diplomazia erakusketan. Martxoaren 5era bitarte izango da zabalik, eta Donostia 2016ren Bake-ituna egitasmoa itxiko du erakusketak.

Salamancako Unibertsitatean (Espainia) ikusgai egon ondotik, eta beste hainbat artelan gehituta, heldu da erakusketa Donostiara. Izan ere, Salamancako Unibertsitatearen eta San Telmo museoaren artean ekoitzi dute, Bake-ituna proiektuaren barruan. Artearen historian bakearen, bake ezaren nahiz bake itunen irudikapenak nolakoak izan diren aztertzeko xedearekin, erakusketa nagusi batek, artista garaikideek ondutako zazpi proiektuk, eta gertakari historiko zehatzak aztertzen zituzten beste zazpi erakusketa txikiagok osatu zuten proiektua. Ikerketa kasu zehatz horietan azkena da Serten obrari eskainitakoa. Eta proiektu osoak bezalaxe, XVI. mendeko Salamancako Eskolak eta Frantzisko Vitoriak nazioarteko zuzenbideari egindako ekarpena du abiapuntu. Hain zuzen, gai horixe hartu zuen hizpide Sertek Genevako egoitza apaintzeko irudiak osatzeko. Espainiako Errepublikak Nazioen Ligari eginiko oparia izan ziren artelanok, eta hain juxtu, 1936ko gerra piztean inauguratu zuten egoitza.

Kaperara sartu eta aurrez aurre, Nazioen Ligako Frantzisko Vitoria aretoan dagoen horma irudiaren zirriborroa ikusiko du bisitariak. Urrez eta beltzez ondutako margolana da —gainerako gehienak bezala—, eta bost titan ageri dira, elkarri besotik helduta, bost kontinenteak irudikatuz, erakusketako komisario Patricia Molinsek azaldutakoaren arabera. Haien azpian, Salamancako eskolako irakasle eta ikasleak irudikatu zituen Sertek. Lanaren azpian, beste horma irudi bat dago, hiru zatitan banatuta: erdian, bakearen ikur gisa, arku bati eusten ageri dira hainbat lagun, eta bi aldeetara, garaileak eta garaituak daude irudikatuta. Horma beraren ezkerraldean, legeari eta zientziaren aurrerapenari eskainitako lan bana daude ikusgai.

New York eta Espainia

Baina ikusgai dauden guztiak ez dira Genevako egoitzarako egindako lanak. Aretoko beste horma batean, New Yorkeko Rockefeller zentroarentzat artistak egindako beste bi horma irudiren zirriborroak paratu dituzte: Esklabotzaren abolizioa izenekoan hainbat lagun ageri dira murru bat behera botatzen; eta Medikuntzaren aurrerapena lanean, berriz, beste zenbait lagun, zubi bat zeharkatzen. Bi irudi horiek maiz erabili zituen Sertek. Gizateriaren garaipenak izenburupean ondu zuen zentro hartarako obra Sertek, 1933an, Diego Rivera margolari mexikarraren lanen ordezko. Izan ere, Leninen irudi bat margotu zuen Riverak, eta ez ziotenez jartzen utzi, haren lanen partez Sertenak jarri zituzten azkenean.

Beste horma batean, 1940 eta 1942 urteen artean egindako bi lanen zirriborroak daude. Frankisten alde lerratua zen Sert ordurako, eta Toledoko (Espainia) alkazarreko kriptarako bi irudi ondu zituen, garaileen gorazarrerako. Parisko 1937ko Nazioarteko Erakusketarako, Santa Teresa matxinoak garaipenera gidatzen erakusten zuen pintura bat ere ondu zuen —Picassok Gernika erakusketa berean erakutsi zuen lehen aldiz, Errepublikaren pabilioian; aldiz, Sertek Vatikanoaren pabilioian jarri zuen berea, matxinatuak ordezkatzen zituena—.

Erakusketaren osagarri, hainbat dokumentu eta argazki ere jarri dituzte, tartean, Sert tailerrean lanean erakusten dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.