Doinu propioen aldeko oihua

Skasti musika taldeak 'Ye' diskoa kaleratu du. Gaur emango dute birako lehen kontzertua

Skasti taldeko Mattin Saldiasek, Josu Ondarrak eta Iker Iñigok aurkeztu dute lana. Ye du izena hamahiru kantuz osatutako diskoak. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maider Galardi F. Agirre.
Donostia
2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun

Ye du izena Skasti taldearen disko berriak. Lagunarteko hizkeraren adierazpidea da, alaitasuna transmititzen duena, txikitasuna azpimarratzen duena. Baina, batez ere, aldarri oihua da disko berriaren izenburua. Musika propioa egitearen aldekoa; etiketei ihes egiteko hautuaren defentsa: «Guk musika egiten dugu soilik, eta zuek, entzuleek, jartzen diguzue etiketa», ohartarazi du Mattin Saldias taldeko gitarristak. Ohikoa duen ska estiloa albo batera utzi eta bestelako doinuetan murgildu da Zarauzko (Gipuzkoa) taldea laugarren lanean: «Funka, rock alternatiboa eta indiea entzuten da diskoan, besteak beste», adierazi du Iker Iñigo abeslariak. Baga Biga diskoetxearekin kaleratu dute lan berria.

«Izenaren eta izanaren arteko talka suma daiteke diskoan», azaldu du Ritxi Aizpuru diskoetxeko kideak. Skastik erroan badu lotura ska musikarekin, baina, Aizpururen ustez, estuegi gelditu zaio izaera hori: «Hazi egin da taldea estiloan eta musika egiteko moduan». Iñigo abeslariak ere nabarmendu du talka hori, baina haren hitzetan, baliagarria izan da kontraesana musika propioa sortzeko eta abesti berriak egiteko: «Ahulgune zen lehen, baina indargune bihurtu da. Borroka hori inspirazio bilakatu da guretzat».

Musika estiloan bakarrik ez, hitzetan ere nabari da taldearen bilakaera: «Lehen, gai sozialei abesten genien», oroitarazi du abeslariak. «Orain, ordea, geure-geureak diren arazoak lantzen ditugu». Besteak beste, nomofobiaren inguruko abestia da Geiser, eta harreman toxikoen inguruan hitz egiten du Galdu/Irabazi kantuak. Rosa Parks eguneroko iraultza txikien aldeko kantua da: «Denok sentitu gara inoiz zapalduta», dio Iñigok; «baina, denok dugu aldaketak egiteko aukera». Hain justu, kantu hori da taldeak single moduan argitaratu duena.

Hamairu kantuz osatutako lana da Ye, baina zabalagoa izan da proiektua. «21 ideiarekin sartu ginen Eñaut Gaztañagaren estudiora [Zestoa, Gipuzkoa]. Hemeretzi lan bukatu genituen, eta hamabost grabatu. Horietatik hamairu sartu ditugu diskoan», azaldu du Josu Ondarra tronboi jotzaileak. Horregatik, prozesua patxadaz hartu du taldeak: «Maiatzean hasi ginen grabatzen, baina, udan etenaldia eginda, irailean bukatu genituen estudioko lanak», adierazi du Saldiasek.

Tartean, ordura arte egindako lanak are gehiago sendotzeko eta estilo propioan gehiago murgiltzeko aukera izan dute. Edonola ere, Ondarrak ohartarazi du ez dutela galdu berezko izaera: «Izan garenaz harro gaude, eta horregatik mantendu dugu geure izena». Zuzeneko indartsuak eta dantzagarriak egingo ditu taldeak aurrerantzean ere: «Hori da ondoen egiten dakiguna». Azaldu dutenez, «rock basatia» nagusituko da taula gainean, eta «hazi» egingo da taldea: «Bereziki prestatzen ari gara zuzeneko lan berria».

Bira berria aurkezpenerako

Oholtza gainean freskotasuna, dantzagarritasuna eta erritmo alaiak nagusi izango direla azpimarratu du Aizpuruk. Kideek ere bat egin dute: «Ez da izango lehen bezain berbeneroa, baina show-a egin nahi dugu».

Disko berriarekin egindako lehen kontzertua gaur joko dute. Gasteizen antolatu dute emanaldia, 22:00etan Kubik aretoan, Ze Esatek taldearekin batera. Hilaren 22an, berriz, Bilboko Kafe Antzokian izango dira.

Edonolako etiketen gainetik, berritzea gustuko dute, eta, oraingoan ere, ezustean harrapatu nahi dute entzulea: «Aurreiritzirik gabe sortu dugu, eta gustatzen zaigun hori bildu dugu diskoan». Horra taldeak bere nortasuna aldarrikatzeko oihua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.