Egin daiteke iraganaz beste?

Ezer oroitzen ez duen protagonista du abiapuntu Felipe Juaristik 'Iraganik gabe' azken nobelan

Felipe Juaristi idazlea Iraganik gabe azken nobelaren aurkezpenean, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Gizon bat, ohe batean. Kostata altxatuko da, eta egingo du komunerako bidea; astindu bat eman diote. Ez du ezagutzen ispiluak bueltatzen dion irudia: ez daki zein den, ez du ezer gogoratzen. Ez du iraganik. Hala hasi du Felipe Juaristik Iraganik gabe nobela laburra (Erein). Identitateari buruzko nobela da; hasieran Nor? jarri zion izenburu, baina atzera bota zuen, esan nahi zuena «hobeto» adierazten zuelakoan Iraganik gabe-k.

Aurpegia alda daiteke, edo gorpuzkera; kirurgia estetikoa egin daiteke. Norbaitek aurpegi oso ezaguna badu, eta ihes egin nahi badu, bide hori har dezake, Juaristiren arabera. «Egin daiteke: hau da, desagertu, eta gero beste nonbait agertu, beste identitate batekin». Horretarako tentazioa «edonork» izan dezake, haren esanetan, baina egin, inor gutxik egin dezake, eta inor gutxik egiten du.

Baina egin daiteke iraganaz beste? Izana ezabatu, eta hutsetik has daiteke inor? Bizitza jarreren eta esperientzien baturatzat du Juaristik; alde horretatik, buruan kolpe bat hartu eta ezer gogoratzen ez duen norbaiten kasu hipotetikoa jarri du adibide. «Demagun iraganaren karga kentzen digutela: beste norbait izango ginateke, baina benetan gauza izango ginateke bizitzari aurre egiteko? Beste bat izateko?».

Erantzuna ez dago norberaren esku; besteek norberaz ezagutzen dutenak baldintzatuko du: «Gu ez, baina besteek gogoratzen dute, eta esango digute: 'Zuk hau egin zenuen, kontuz'. Eta, azkenean, egin duguna izango gara». Horixe gertatuko zaio nobelako protagonistari: «Kalera ateratzen denean hasten da martxan istorioaren makineria: norbaitek ezagutu egingo du, eta gogoratzen du zer egin duen».

Bigarren aukerak

Benetan gertatutako pare bat istorio kontatu ditu. Horietako bat. ustez 2001ean New Yorkeko Dorre Bikien aurkako atentatuan hil zen gizon batena da. Lanean behar zuen une horretan, eta, gorpurik agertu ez arren, hiltzat jo zuten. Hortik zenbait urtetara, Parisko atentatuan, DNA bera zuen gizon bat zauritu zen. «Nonbait, bere bizimoduarekin aspertuta, bere bizitzaz beste egin zuen, bere iraganaz beste: atentatua aprobetxatu zuen Parisera joateko maitalearekin bizitzera».

Antzeko istorioa da Adolf Eichmannena: Alemania naziko SS zerbitzuetako goi mailako ofiziala zen. Juduak kontzentrazio esparruetara eramateko trenen arduraduna zen. Argentinan harrapatu zuten Israelgo zerbitzu sekretuek: bahitu, Jerusalemera eraman eta epaitu egin zuten. «Argentinan zegoela, beste gizon bat zen; bazuen iragana, baina ez zen agerian gelditu Israelen epaitu zuten arte».

Juaristik «zipriztinak» utzi ditu nobelan, «iritzi tantak». «Denok gara egiten dugunaren erantzule, onerako zein txarrerako». Norbaitek gaizki jokatu duenean, «iraganarekin bakean geldituko balitz», zein jarrera hartu behar luke gizarteak? «Pertsona horrek, iragan horretaz beste eginda, ez du berriro hutsetik hasteko eskubidea?». Juaristiren ustez, bai, egindakoaz «damutu eta ordaindu» duen pertsonak «biziberritzen hasteko» aukera bat merezi du.

Nobelan ez dago pertsonaia erabat gaiztorik; «nahiko onak» omen dira denak —«poliziak eta gaizkileak barne»—. «Optimista naizelako izango da. Azken finean, gaizkileak gehiago balira ongileak baino, ez ginateke gu hemen egongo: munduak aurrera egiten du jende ona gehiago delako gaiztoa baino».

Kosta egin zaio nobela osatzea, besteak beste, bere prosaren «kontra» idatzi duelako. Baina, batez ere, amaieran jarri du arreta: behin baino gehiagotan aldatu du. «Galdera morala dago bukaeran. Nire zalantzen araberako bukaera bat da, eta momentu honetan niri gustatzen zaidan soluzioa da». Azken liburuetan agertu duen «kezka etikoa» islatu du liburu honetan ere.

Perzebal gazte literatura sailean sartu dute, baina helduek ere berdin irakurtzeko modukoa da, Inaxio Mujika Ereingo editorearen ustez. «Nobela filosofikoa» dela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.