EHZ 2019. urtean antola dadin, eztabaida prozesuari ekinen diote

Aurtengoa trantsizio urtea izanik, hiru ekitaldi eginen dituzte beste horrenbeste herritan

Orain dela bi urte egin zen azkenekoz EHZ jaialdia. Iaz, bertan behera gelditu zen eguraldiagatik. BOB EDME.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herria Zuzenean elkarteak 2019. urtean antolatu nahi duen jaialdia asmatu eta erabakitzeko eztabaida prozesua abian da. EHZ berrasmatzen jarri diote izena ekainera arte iraunen duen eztabaida «zabal eta parte hartzaileari». Elkarteko kideek hala erabaki zuten joan den igandean, Hazparnen (Lapurdi) iragan zen biltzar nagusian. Horretarako, eskualdeko bilkurak antolatuko dituzte, eta jomuga 2019ko proiektuaren definitzea izanen dute. «Urte luzetan, hainbat belaunaldirentzat hain inportantea izan den tresna bat berrasmatzera goaz. Orain da garaia, ideiak atera, eztabaidatu, sortu eta amesten hasteko», adierazi dute EHZkoek. Horretarako «denen beharra» dutela azpimarratu dute, «denen ideiez eta gogoz jostea ezinbesteko baita».

Proiektuaren atal guziak izango dituzte aipagai prozesuan: «Dena eztabaidagai izanen da, ez gara batere mugatuko EHZk orain arte izan duen formatura», zehaztu du Jon Irazabal bozeramaileak. «Orain arte, musika eta festa erabili dira jendearen erakartzeko, baina ez du erran nahi berdin egingo denik 2019an». Formaren aldetik ere lanketa berdina egingo dutela dio Irazabalek: «Ez dakigu nolakoa izango den, ez dakigu urtean behin jaialdi bat izanen den, edo bat baino gehiago. Ez gara mugatzen orain arte izan garenera; dena irekia da».

Eztabaida hiru fasetan definitu dute antolatzaileek, «bata bestearen osagarriak izanik», bozeramaileak azaldu duenez. Lurraldeko erronkei erantzuteko, EHZren helburuak eta funtzioak definitzea izango dute eginkizuna, eta modu eraginkorrenerako formatua asmatu beharko dute.

Martxotik apirilera lehen faseari ekingo diote, eta bi helburu jarri dituzte. Alde batetik «elkartearen diagnostikoa» egitea, barne zein kanpoko faktoreak identifikatuz. Bestetik, Ipar Euskal Herriko «egoeraren argazkia» egitea: «erronkak azaleratuz». «Eskualdeka bilkurak antolatzea interesgarria iduritu zaigu fase honetarako; tokiko jendea biltzeko errazago da, eta iduritzen zaigu horrela jendea gehiago zentratuko dela bere eskualdeko errealitatean», esplikatu du Irazabalek. Lehen fasean identifikaturiko erronkei begira, EHZren «helburu eta funtzio potentzialak» definituko dituzte apiriletik maiatzera. «EHZk potentzialki bete behar dituen helburu guztien artean inportantziaren araberako sailkapen bat eginen dugu», azaldu dute elkarteko kideek. «Ariketa izango da jakitea jendeak non pentsatzen duen eragin behar duela EHZk, identifikaturiko problematikei erantzuteko, tresna gisa non eragiten ahal duen». Azkenik, apiriletik ekainera bitarte, «Euskal Herria Zuzenean festibalaren formatua adostuko dugu».

Eguraldiagatik bertan behera gelditu zen iaz ekitaldia. «Oso gogorra» izan zela dio Irazabalek, baina «jaso genuen elkartasunak kristoren indarra eman zigun; ohartu ginen jendea zinez lotua zela proiektura». Bozeramaileak oroitu du: «Azken urteetan duda momentuak izan ziren, mobilizazioaren apaltze bat sentitzen zen, baina ohartu ginen ez zela bortxaz hala, jendea zinez lotua zela EHZra».

2018rako ekitaldiak

Heldu den urteko proiektua definitzeko lanetan murgilduko baldin badira ere, aurtengo ekitaldiak prestatzen ari da jada lantalde bat, baina Irazabalek argi utzi du: «Trantsizio urte bat izanen da aurtengoa, eta, beraz, antolatuko ditugun ekitaldiak ez dira baitezpada 2019an egingo ditugunak; hori eztabaida prozesuak erranen du». Ekainaren 29an, 30ean eta uztailaren 1ean egin beharko litzatekeen hiru eguneko festibalaren ordez, festibal ibiltari bat izanen da. Hiru ekitaldi izanen dira festibalaren egunetan, Ipar Euskal Herriko hiru herri ezberdinetan. Arriskurik ez dute hartu nahi antolatzaileek: «Eztabaida prozesua bururaino eramatea eta horretatik aterako den 2019ko EHZren formatua segurtatzea direlako gure lehentasunak aurten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.