Sarraskia, pantaila handira

1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutakoari buruzko pelikula filmatzeari ekingo diote urrian
'Vitoria, 3 de marzo' (Gasteiz, martxoak 3) pelikulako ekoizle, zuzendari eta gidoilariak, M3 elkarteko ordezkariekin batera, aurkezpenean.
'Vitoria, 3 de marzo' (Gasteiz, martxoak 3) pelikulako ekoizle, zuzendari eta gidoilariak, M3 elkarteko ordezkariekin batera, aurkezpenean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ivan Santamaria -

2017ko irailak 13
«Gasteizek behar zuen». Oskar Bañuelos kazetari eta produktore exekutiboaren hitzak dira. Hari zor zaio 1976ko martxoaren 3an hiria astindu zuten gertaera lazgarriei buruz film bat bultzatzeko ideia. Zazpi urtez «era guztietako trabak» gaindituta, proiektua errealitate bihurtuko da aurki. Urriaren 9an hasiko dira pelikula filmatzen, Arabako hiriburuan.

Euskal Herriko bi ekoiztetxek heldu diote proiektuari: Gariza Films eta Gasteizko Sonora Estudios. Pelikula gazteleraz filmatuko dute, bospasei astetan, eta Vitoria, 3 de marzo (Gasteiz, Martxoak 3) izenburu ofiziala jarri diote. Zuzendari lanak Victor Cabaco bilbotarrak egingo ditu. Aktore nagusiak Amaia Aberasturi, Ruth Diaz, Jose Manuel Seda eta Alberto Berzal izango dira.

Pelikulak 1,5 milioi euroko aurrekontua du. «Nahi genuen pelikula egiteko adina da», zehaztu du Pako Ruiz Sonora Estudios ekoiztetxeko arduradunak. Euskal Telebistak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Espainiako Kultura Ministerioaren ICAA institutuaren laguntza ekonomikoa jaso dute. Horrekin batera, M3 elkartea bidelagun izan dute proiektuan hasieratik.

Ruizek berak aurkitu zuen zuzendaria. Orain dela hiru bat urte proiektuan parte hartzea eskaini zion Victor Cabacori. «Gertaeren berri baneukan, nire aita Gasteizen bizi zelako 1973an. Harekin hitz egin nuen, eta garai hartako egoera deskribatu zidan». Cabacoren ustez, bazegoen gaiaren inguruan kitatu beharreko zor bat, oraindik ere hil ziren bost langileen senideei eta ehunka zaurituei justizia egin ez zaielako.

Pelikularen nondik norakoak azaldu ditu zuzendariak. «Ez da izango dokumental bat. Fikzio bat da, baina saiatuko gara benetako historiarekin ahalik eta fidelen izaten». Dagoeneko nabaritu du Cabacok dagoen jakin-mina. «Kalean gelditzen zaituzte, eta esaten dizute farolak lurrean botata zeudela. Mundu guztiak du oroitzapenen bat egun horri buruz, eta horregatik da hain garrantzitsua pelikula hau hiriarentzat». Film laburretan, publizitatean eta telesailetan aritutakoa da Cabaco, baina hauxe izango da zinemarako zuzenduko duen lehen aldia.

Neska gazte baten istorioa

Gasteizko familia baten bizitza jarriko dute istorioaren erdian. Begoña, alaba gaztea eta pelikulako protagonista, kontzientzia soziala hartuz joango da garai hartako gertakariak bultzatuta. Haren gurasoak, Jose Luis —Radio Alava frankismoko irratiko esataria— eta Ana, ezingo dira geratu hiri guztia eragin duen egoeratik kanpo, eta noren alde egin erabaki beharko dute. Zortzi bat egunez pertsonaia horiek eta beste batzuek jasaten duten transformazioa izango da kontakizunaren ardatz.

Gidoia Juan Ibarrondo idazleak egin du, Hector Amadorekin elkarlanean. Gasteizen jaiotakoa da Ibarrondo, eta 14 urte zituen sarraskia gertatu zenean; gazte baten begietatik oroitzen du. Erronka bikoitza zuen gidoia idazteko orduan. «Batetik, Gasteizen gertatu zenaren egia kontatu behar zen, baina, bestetik, istorio emozionante bat sortu behar nuen, Gasteizko edo Euskal Herriko ikuslea ez ezik, mundu osokoa ere hunkituko zuena».

Orain dela 41 urte gertatu bazen ere, garai horretako protestak gidatu zituzten balioek eta aldarrikapenek ez dutela gaurkotasunik galdu eta unibertsalak direla uste du Ibarrondok, gainera. «Duintasuna da hori, eta duintasuna da pelikula honen mamia».

Orain dela pare bat aste mila lagunek parte hartu zuten filmean agertzeko casting batean. Manifestazioak edo elizako itxialdia antzezteko boluntario asko beharko dituztela aurreratu dute ekoizleek, eta laguntza hori bideratzeko deialdiak egingo dituzte filmazioaren asteetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna