Andere serora prest da

Hiriburuko pastorala ekainaren 3an emanen dute. 130 aktore biltzen ditu bi urteko proiektuak
<em>Andere serora Hiriburun</em> pastolareko mustrakako irudia; Pantxika Urruti du errejenta.
Andere serora Hiriburun pastolareko mustrakako irudia; Pantxika Urruti du errejenta. MARTINE MARCEL

Nora Arbelbide Lete -

2018ko maiatzak 23
Orotara, 191 bertset, 130 bat aktore eta bi urteko lana eskatu duen proiektua. Horra hiru zifratan laburbildurik Hiriburun (Lapurdi) ekainaren 3an estreinatuko duten Andere serora Hiriburun pastorala.

Baionako Gerezien denbora, Karmen Etxalarkoa edo Katalina de Erauso-ren haritik, hori ere Zuberoatik kanpo egina da, baina Zuberoan ikusten diren pastoralen kode eta protokoloak jarraikitzen ditu. Funtsean, Pantxika Urruti du honek ere errejenta. Urrutik, hain zuzen, ez du dudarik, aldi honetan ere pastoralen «magia» hor izanen dela. Hasiz, arizaleek biziko dutenetik. Hasieratik egin den bideari atzera begirako bat emanik, segur da «emozioa» ez dela eskas izanen. Herritarrek izan inplikazioaren araberakoa. Izan ere, arizale, idazle, dantza asmatzaile, kantu musika egile, musikari, edo gainerakoen egiteko, herritarrak hasieratik presente izan direla poztu dira arduradunak. Jostunetaraino. Jostunen lana goraipatu dute bereziki. Ez dakitela oraino nola eskertzen ahalko dituzten. Eta orain, hala diote: «Prest gara». Prest, Andere serora behingoz historiaren zentroan jartzeko, halaber, bere bidez, Hiriburu hiria.

Andere serora apaizen menpekoa bezala ikusia izan bada, «rol nagusi bat» izan duela erakusteko xedez pentsatua dutela pastorala esplikatu du pastoralaren idazleetako bat den Gillaume Irigoienek. Beste idazlea Patxi Iriart da. Andere serorak «lehengo euskal gizartearen estruktura egiten zuen etxearen erritoen zaintzaile gisa», gogoratu du Irigoienek. «Ohartzen gara hor zela sortzeetan, ezkontzetan, herioetan. Ordezkatzen ahal zituen etxekoandereak zeremonia batzuetan. Etxekoandereen ordezkaria zen, auzapeza etxeko nagusien ordezkaria zen bezala».

Andere serora du pertsonaia nagusi pastoralak. Eta, haren bidez, zortzi mende zeharkatuko ditu publikoak. Izan ere, pastoralaren alde «sinbolikoak» ematen du aukera hori, Irigoienen ustez. Hau da, zortzi mendez bizi den pertsonaia bat irudikatzea. Hiriburu herri zena hiri bihurtzen delarik, orduan hilen da Andere serora. Azken urteetako hiriaren garapenaren lekuko. Baina ez dagoela hor nostalgiarik argi utzi nahi izan du idazleak. Hiltzen bainoago, Andere serora «eraldatzen» dela, Hiriburu bera eraldatzen den bezala. Izan ere, Andere serora Hiribururen «pertsonifikazio» bat da. Andere serora historiatik bazter gelditu den bezala, Hiriburu bera ere bazter batean gelditu baita.

Eta aldi berean, Euskal Herriaren historiaren parte dela, horretaz ere ohartarazi nahi du pastoralak. Pastoralak euskal historiaren atal berri bat ezagutarazten duela errana duela Jean Louis Davant idazleak oroitarazi baitu Irigoienek.

Herensuge bat ere ukanen du pertsonaia pastoralak. Izan ere, Beltzuntzeko jaunaren legenda ekarriko dute oholtzara. Jaun hark XV. mendean herensuge bat hil zuela dio legendak. Buru bat moztu, eta berriz ere beste bat hazten zitzaion herensugeari. Hiltzearekin, hura bera hil zela ere erraten da. Baionaren sorrerari lotua da legenda, baina Hiriburun zuen hil herensugea. Errobiko hegietan. Hiriburuko armarriak horren lekuko dira.

Kantu eta dantzarik ere ez du eskas izanen pastoralak. Zibel Dameztoiek sortu hiru dantza nabarmendu dituzte. Bata Lapurdiko soka batean oinarritua, bestea La pamperruque dantzak inspiratua, eta hirugarrena Andere seroraren omenaldia dena.

'ANDERE SERORA HIRIBURUN'

Eguna. Ekainaren 3an, 15:30ean, Plaza Berrin. 10:30ean meza. 11:30ean desfilea. 13:00etan bazkaria. Erreserbatzeko: hiriburukopastorala.repas@gmaill.com

Xehetasunak. hiriburupastorala.wixsite.com/2018eu

Bigarren saioa. Irailaren 16a.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna