Hormigoiaren giza zama

June Crespok azken urtean sortutako zazpi pieza batu ditu Bilboko Carreras Mugica galeriak

Azken urtebetean sortutako zazpi pieza bildu ditu June Crespo artistak Bilboko Carreras Mugica galerian zabaldutako Cosa y tú erakusketan. M. DEL VALLE / ARP.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Gorantz erortzen ari direla dirudite Bilboko Carrera Mugica galerian June Cresporen artelanek (1982, Iruñea). Hormigoizko manikien adarrak aretoko lurrean; hanka puska batzuk hemen, gerri batzuk han, eta horregatik erorketarena. Bata bestearen gainean pilatu eta ordenatu ditu gorpuzkiak artistak, ordea, eta horregatik gorantz erortzearena. Igarri daiteke haragia ere hormigoiaren atzean, halere. «Gorputz biziak kontziente dira lurrerantz bultzatzen dituen grabitazio indarraz eta zutik eusten dien suspentsioaz. Pertsonekin pasatzen da hori, baina baita landareekin ere. Suspentsio eta grabitazio jolas hori presente dago izaki bizidun guztiongan, eta monumentuen kasuan ere lurrean finkatzen direlako altxatzen dira». Azken urtean sortutako zazpi pieza biltzen ditu Cosa y tú erakusketak (Gauza eta zu), eta uztailaren 10era arte egongo da zabalik.

Irudi pilaketarekin egin ohi du lan Crespok, eta lan egiteko modu horregatik jaso zuen Gure Artea saria orain bi urte. Oraingoan ere joera hori igar daiteke haren lanetan. «Ezagun zaigun eta egunerokoa den zerbait errekonozitzeko prozesuan eten bat sortzea interesatzen zait, bai forma abstraktu bidez edo bai bestelakotze baten bidez. Beste memoria batzuk piztea, beste iruditeria bat esnatzea da asmoa». Hormigoizko gorpuzkien piezak dira horren froga. Prakak jantzita dauzkate hanka eta gerri zatiek, baina, ikuspuntuaren arabera, ez da beti erraza ohartzea bata bestearen gainean pilatutako gorputz atalak gorputz atalak direnik. «Forma modura bakarrik ere funtziona dezaten nahi dut».

Baina ez dira denak gorpuzkiak erakusketan. Metalezko xaflak eta 60ko eta 70eko hamarkadako moda aldizkariak uztartzen dituzten bi pieza daude atetik hurbil, eta hormigoizko blokeak eta moda aldizkariak pilatuz eraikitako totem moduko bat ere badago aretoaren barrualdean. Eta, hain zuzen ere, hori da hitz funtsezkoa: pilaketa. Maiz erabili ditu aurrez ere collage eta muntatze teknikak Crespok, eta oraingoan ere bide hori hartu du erakusketako pieza guztiak sortzeko. Hori da, adibidez, totem itxurako artelanaren kasua. Hormigoi pieza bat, aldizkari batzuk, harri bat, hormigoi pieza perpendikular bat, aldizkariak... Brancussiren zutabeak aipatu ditu erreferentzien artean artistak, baita haren konbinazio metodoa ere.

Hurbilpen fisikoa

Badute beren pisua piezen parte diren aldizkariek ere. Nova magazine aldizkariaren aleak ditu batek, esaterako, eta haren deskribapena egin du Crespok: «Bere garaian, emakume berriarentzako aldizkari berria zela esaten zen, eta gai arantzatsuak lantzen zituen. Askapen mugimenduen eta garai hartako giroaren bueltan sortutako aldizkariak dira, eta interesatzen zait tentsio hori». Avantgard izeneko aldizkari aleak ditu beste pieza batek. «Orain hasi naiz horien bilduma egiten. Lantzen ditu komunak, sexu askapena eta AEBetan garai hartan indarrean ziren beste gai batzuk, eta gustatuko litzaidake publikazio horrekin eta gisako beste batzuk aztertzea».

Espresuki erakusketa aretoraegokitu du zazpi piezen kokapena Crespok. Aretoa lerro zuzenetan banatzen dituzten lerroak iradokitzen dituzte eskulturek, horizontalean eta bertikalean. «Koadrikula moduko bat marrazten dute», aitortu du. Tentsioan utzi nahi izan ditu gainera eskulturak, narraziorik gabe. «Kontua ez da lanak beste buru buelta bat behar duela; fisikotasunetik jasotzea da ideia. Gauzez dakizuna etetea da asmoa, eta hala piezetarako hurbilpen fisikoagoa eta afektiboagoa bultzatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.