Hilberria. Santi Zabala, 'Lexo'

Bat-batean nahiz idatziz, beti bertsolari

Juan Luis Zabala
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Santi Zabala Lexo bertsolaria hil zen atzo, 69 urte zituela, eta bihar emango diote azken agurra, 19:00etan, Irungo Junkaleko parroki elizan egingo diren hiletetan. Bat-bateko bertsolari gisa ez ezik, bertso jartzaile moduan ere nabarmendu zen Lexo, hainbat sari eskuratu baitzituen.

Lezon sortu zen, 1942an, Jose Antonio Zabala eta Manuela Urdangarinen 11 seme-alaben arteko gazteena. Baserrian hasi zen lanean, baina lanbideeskolan ikasketak egin zituen gero.

Aurreneko plaza 1962an egin zuen, jaioterrian, eta ordutik 90eko hamarkadaren erdialdera arte aritu zen bertsotan, goi mailara iritsi gabe, baina entzuleen estimazioa bereganatu zuen. Eskola zaharreko bertsolaria zen, bertso eskolekin hazitako belaunaldiaren aurreko giroan zaletua eta zaildua.

Gipuzkoako Txapelketan maiz parte hartu zuen. Txapelketa horren 1966-67ko ekitaldian finalista izatera iritsi zen. 1964an, 1988an, 1985ean eta 1991n ere parte hartu zuen, baina ekitaldi horietan ez zen berriro finalista izatera iritsi. Zepai bat-bateko bertsolari sariketan ere nabarmendu zen. 1972tik 1976ra bitarte urtero parte hartu zuen, eta azkeneko urte horretan bera izan zen irabazlea.

Hainbat bertso paperren lehiaketa ere irabazi zituen, hala nola Elgoibarko Etxegina saria 1984an eta 1987an, Hendaiako Iparragire saria 1990ean, Hernaniko Joxe Legarreta saria 1991n eta Errenteriako Zapirain anaiak saria 1993an. Postu onak eta aipamenak erruz jaso zituen lehiaketa horietan. Horretaz gain, aldizkarietan ere maiz argitaratu zituen bertso jarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.