Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia Siemens Gamesa datorren astean hasiko da 408 kaleratze negoziatzen

Publizitatea

Ekonomia

Siemens Gamesa. Berregituraketa

Siemens Gamesa datorren astean hasiko da 408 kaleratze negoziatzen

Espainiako lantokien berregituraketarekin batera negoziatuko dute Euskal Herrikoena. Hilaren 23an zehaztuko dute lantegiz lantegiko eragina. Inor kaleratzeko arrazoirik ez dagoela diote sindikatuek
Siemens Gamesaren egoitzetako bat, Sarrigurenen (Eguesibar).
Argazkia: JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

2017-11-14 / Iker Aranburu

Dozenaka asko edo ehunka gutxi batzuk. Hori da Siemens Gamesaren berregituraketak Euskal Herriko lantokietako enpleguan izango duen eragina. Kopuru zehatzak datorren astean jakinarazi behar ditu multinazionalak, Espainiako adarrerako lantokietarako aurkeztuko duen enplegu erregulaziorako espedientea negoziatzen hasten denean. Hego Euskal Herrian eta Espainian 408 langile bota nahi ditu kalera konpainia eolikoak, adarrak dituen 4.000 lanpostuetako %10ak.

ELAko iturriek berri agentzi bati esandakoaren arabera, berregituraketak ez du eraginik izango Euskal Herriko ekoizpen fabriketan —hiru ditu, Agoitzen (Nafarroa), Mungian (Bizkaia) eta Asteasun (Gipuzkoa)—, baina bai, ordea, bulegoetan eta ikerketa eta garapen zentroetan. Hori hala balitz, Zamudioko egoitza nagusia eta Sarrigurengo I+G zentroak izan daitezke galtzaile nagusiak. Hor biltzen dira enpresak Euskal Herrian dituen 2.300 lanpostuetako zati handi bat.

Lantokiz lantokiko zehaztapen gehiago espero zituzten sindikatuek atzo goizean Siemens Gamesako zuzendaritzarekin bideokonferentziaren bitartez izandako kontaktuan, baina ez zuten halakorik jaso. Hori bai, argi geratu zitzaien berregituraketa berehala datorrela. Izan ere, kendu nahi dituen 408 lanpostuetatik 341 aurten bertan joango direla esan zieten. Beste 67ak 2020. urtera bitartean joango dira kalera.

Kaleratzeak, abian jada

Iragarpen horrek erakusten du berregituraketaren zatirik handiena Europa iparraldeko lantegietan egingo duela Siemens Gamesak. Joan den astean, 26.700 langileetatik 6.000 «inguru» kenduko zituela iragarri zuen zuzendaritzak, enpresaren errentagarritasuna handitu nahi duelako. Kaleratze horietako batzuk dagoeneko abian daude: uztailean, Tillsonburgeko lantegiaren itxiera iragarri zuen (Kanada), eta halaber jakinarazi du 700 lanpostu kenduko dituela Aalborgen (Danimarka) eta beste hainbat Bremerhavenen (Alemania). Aldi berean, Siemens Gamesak. iragarri du haize erroten ekoizpenaren zati handiagoa eraman nahi duela kostu txikiko herrialdeetara. Horrela, palak egiteko fabrika zabaldu berri du Tangerren (Maroko).

Siemensen adar eolikoaren eta Gamesaren batuketak lehen seihilekoa bete du, emaitza kaskarrekin: salmentak %12 jaitsi zaizkie, besteak beste geratu egin delako Gamesaren merkatu nagusia, Indiakoa. Apiriletik urrira 135 milioi galdu ditu Siemens Gamesa, baina galera hori ezohiko bi kosturen ondorio da:252 milioi bat-egiteari lotutako kostuak dira, eta beste 88 milioi, berriz, inbentarioan egindako egokitzapenean. Horiek gabe, irabazi garbia 206 milioi euro izango litzateke.

Sindikatuen ezezkoa

Siemens Gamesak hilaren 23an hasi nahi du kaleratzeei buruzko negoziazioa. Mahaiaren bestaldean ez diote lana erraztuko. «Ez dago inolako arrazoirik kaleratzeak egiteko. Dei egiten diegu beste sindikatuei bat egin dezaten zuzendaritzaren asmoei aurre egiteko borrokan, eta ez daitezela erori zuzendaritzaren jokoan».

UGT ere kaleratzeen aurka azaldu da, eta ezer egitekotan negoziatuta egitea exijitu du. «Zuzendaritzak ziurtatu zuen fusioak ez ziola enpleguari eragingo, eta egonkor eusteko konpromisoa hartu zuen; doikuntza puntual bat egin behar izanez gero, agindu zuen sindikatuekin negoziatuta egingo zuela, eta ez zirela traumatikoak izango».

Sindikatu horrek gogorarazi du 2012az geroztik hainbat berregituraketa jasan dituela Gamesak. Guztira 3.000 enplegu kendu zituen, eta horietatik 300 inguru izan ziren Euskal Herrian. Tuterako eta Altsasuko lantegiak itxi zituen haize erroten egileak, eta azken horretako langile batzuk Agoizko fabrikara bidali zituen.

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Aranburu Iker Aranburu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak