Venezuela. Presidentetzarako hauteskundeak. Hernan Vargas. Venezuelako Herritarren Mugimenduko kidea

«Bonbak erortzen ari diren bitartean egingo ditugu hauteskundeak»

Vargasek uste du chavismoa errotuta dagoela eta, hortaz, biharko bozak irabaziko dituela: «Gerra gertaleku honen erdian gobernuak herria babestu du». Eskuinak politika kanpora begira egiten duela dio.

BERRIA.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Venezuelako eskuina inperialismoaren txotxongilo bat baino ez da Hernan Vargasentzat (Caracas, 1979). Venezuelako Herritarren Mugimenduko kideak argi dauka «gerra betean» dauden arren, chavismoa sendo dagoela: «Gerra gertaleku honen erdian gobernuak herria babestu du».

Madurok ozta-ozta irabazi zituen azken bozak, 2013an, botoen %50,61arekin. Chavezek, 2006an, botoen %62,85 eskuratu zituen. Gehiago higatuko al da chavismoa igandean?

Chavismoa errotuta dago, herri antolatu baten ondorio delako eta gehiengoaren beharrei erantzuten dion mugimendua delako. Denen eskura jarri ditu hezkuntza, osasuna, azpiegitura sozial eta kulturalak, zerbitzuak, baita ura eta argindarra ere... Komunitateak indartu ditu, herrietan eratutako autogobernuak prozesu chavistaren emaitza dira, eta jende askok horregatik egin du bat politika chavistarekin, ez berez ezkerreko jendea zelako, baizik eta oinarrizko aldarrikapen justu horiekin bat egiten dutelako. Esku sartze ekonomiko eta militarraren aurrean, eskubide sozialak bermatu nahi ditugu, eta chavismoa da horretarako egitura sendoena.

Nola islatuko da hori bozetan?

Ezohiko hauteskundeak dira, zailtasun askoren artean egingo direnak, baina, hala ere, herritarrak jabetzen dira gobernua dela euren alde egiten ari den bakarra, beraz, chavismoa babesten jarraituko dute. Ataka zailean gaude, azken batean bonbak erortzen diren bitartean egingo ditugu hauteskundeak. Janaria eskuratzeko zailtasunak daude, bizitzaren gastua izugarri hazi da, garraioan arazo itzelak daude... Gobernua saiatzen ari da hori guztia bermatzen, baina krisiaren eragina oso handia da. Venezuelaren kontrako gerra itzela da.

Nork sustatu du gerra?

Estatu yankia. Etengabe ari da auzitan jartzen prozesu demokratikoa. AEBetako Estatu Departamentuak, azken hogei urtetan ez bezala, emaitzak ez dituela onartuko esan du. Politikoki etapa berri bat hasi da. Washingtongo ildoarekin egin dute bat eskuineko alderdi gehienek, euren mendean jarri dira, eta politika barrura begira egiteari utzi diote. Oposizioaren borroka politikoaren frontea ez dago Venezuelan.

MUD oposizioko aliantza nagusiak, ez aurkeztea erabaki, eta abstentzioarako deia egin du...

Washingtonek hauteskunde eremua baztertu du ikusi duelako bide horretatik ezin duela chavismoa garaitu. Oposizioa, estatu kolpe saiakeratik duela bi urtera arte, chavismoa bozetan garaitzen saiatu da, baina ikusi duenean bide hori ez dela eraginkorra, estrategia aldatu du. Orain, chavismoa ahultzeko beste estrategia bat garatzen ari dira; chavismoa kalean garaitzeko agenda bat daukate, baina bere kontra bihurtu da bide hori. Herriak bakean eta modu demokratikoan konpondu nahi ditu gauzak, esku sartzerik gabe. Eta eskuina inperialismoaren esanetara dago. Hori du bere drama nagusia. Politika egiteari utzi, eta matxinadaren eta indarkeriaren bidearen aldeko hautua egin du, baina herriak ez du hori nahi, herriak politika egin dezagun nahi du, esparru demokratiko batean bozek erabaki dezatela herrialdearen etorkizuna. Ezin duzu herrialdea erre.

Oposizioa, hala ere, zatituta dago. Eskuineko lau alderdi lehiatzen dira bozetan.

Badira bide demokratikoak babesten dituzten alderdiak. Dena den, eskuina oso ahulduta dago, eta dagoeneko denok ulertzen dugu ez daudela eskuinekoak diren alternatibak krisi honetatik ateratzeko. Ez dute gaitasuna izan atsekabea kapitalizatu eta herrialde aukera bat planteatzeko, proiektu alternatibo bat sortzeko.

Polarizazioa al da gaur egun, politikan eta gizartean, herrialdearen ezaugarririk nabariena?

Chavezek presidentetza eskuratu zuenetik, 1998tik, dago polarizatuta gizartea. Chavezek berak mengeltasuna deitzen zion oposizio horri, inperialismoa eta neoliberalismoa babesten zituelako. Hogei urtetan gerra hori gogortu egin da, eta bi aldeak higatu dira, baina eskuinaren higadura dramatikoagoa da, antichavismoak jada helburu bakar bat duelako, chavismoa erasotzea, programa politiko propiorik gabe. Asanblea Nazionala 2016ko abendutik dago oposizioaren esku, baina ordutik ez da gai izan gobernuarekin pozik ez daudenak elkartzeko, ez da gai izan legeak egiteko, agenda politikorik ez duelako. Konfrontazioa da estrategia bakarra, eta erasoa ez da bidea.

Iraultza bolivartarra aldarrikatu zela hogei urte beteko dira aurki. Zeintzuk dira bere erronkak?

Inperialismoaren hegemonia horren aurrean, eredu kolonial horren aurrean, indarrak batzea ezinbesteko zaigu. Kontinente honetako herri guztien erronka da, eta mugitu egin behar gara: lotan gaude eta esnatu beharra daukagu, gure eskubideak eta gure herriak eta gure identitateak babesteko. Hori da erronka nagusa. Kontinente osoan dago arriskuan demokrazia eta batera egin behar diogu aurre horri. Gobernu demokratikoak modu antidemokratikoan hausten ari dira; Brasilen, Hondurasen, Paraguain.... Inperialismoaren jazarpenari elkarrekin egin behar diogu aurre. Ezinbestekoa zaigu une honetan herrien arteko elkartasuna, nazioartearen babesa, munduko herriena, denonak diren eta partekatzen ditugun kausen alde borrokan jarraitu dezagun. Lehen kafea eta kakaoa zen, eta orain petrolioa arpilatzeko ahalegina egiten ari dira. Logika kolonial horri aurre egin eta gure ereduak eta baliabideak babestu behar ditugu, hori da iraultza bolivartarra, sistema oso bat aldatzea, politika bera ere, politika egiteko moduak eraldatzea, hori ere bada gure erronka, komunitateei eskumen gehiago eman, herri mugimenduei, herriaren esku jarri behar da boterea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.