Laura Perez Ruano. Nafarroako Ahal Dugu-ko hautagaia

«Harritu egiten nau Ahal Dugu-ren arazoen ardura niri egozteak»

Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak Santosen hautagaitzari egotzi dio ez duela bilatu gutxieneko adostasunetara heltzea. Zirkuluei autonomia gehiago eman eta barne koordinazioa hobetu behar dela iritzi dio.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2017ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Gaur amaituko da Nafarroako Ahal Dugu-ren barne prozesuaren kanpaina eta datorren astelehenean ezagutaraziko da nor izango den hurrengo idazkari nagusia eta nortzuk osatuko duten Herritarren Kontseilua delakoa. Idazkaritza nagusiari begira, Fran Espinosa Uharteko hautetsiak bere hautagaitza aurkeztuagatik, lehia, batez ere, Laura Perez Ruanoren (Iruñea, 1980) eta Eduardo Santosen artekoa da. 2015eko otsailean izendatu zuten idazkari nagusi Perez, eta ardura postu horrek lau urteko iraupena izan arren, irailean erabaki zuen barne prozesu horren barruan sartzea bere postua. Irabaziz gero, Nafarroako Parlamentuko eledun izateari utziko dio eta prest dago zirkuluekin harremana sendotzeko.

Zalantzak izan arren, hautagaitza aurkeztu zenuen. Zergatik?

Erabakiak ez ditugu bakarka hartzen. Kasu honetan, oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan talde on bat izatea atzean, batzuetan prozesu honetan ez baita halakorik egon. Orain arte egindakoarekin koherentzia politikoa gordetzea eta bide batez barrutik antzeman diren gabeziei aurre egitea dira helburu nagusiak.

Koherentziari eutsi behar zaiola diozunean zer esan nahi duzu?

Askotan gure baitan ikuspuntu politiko desberdinak daude. Badago beti harago joan nahi duen Ahal Dugu bat eta erakundeetan ematen diren egoeren aurrean men egiten duen beste bat. Guri garrantzitsua iruditzen zaigu aldaketari begira laukoaren baitan beti harago joaten saiatzea, eta ez gobernuak proposatzen dituen politiketara moldatzea.

Zer ekarpen egin dio Ahal Dugu-k aldaketari?

Gai askorekin erabakigarri izan gara, batez ere herritarren erreskatearen inguruan. Ez zaizkio iritzi publikoari helarazi gu geundela horien atzean eta barruan baldintza horiek jarri ditugula aurrekontuak onartzeko edo beste politika batzuetarako. Arazoa da Ahal Dugu-ren posizio politikoak nabarmentzen direla laukoaren baitan gatazka sor dezaketela ikusten denean, eta ez da hala. Gure politika defenditzen dugu eta gure zazpi botoekin baldintzatzen saiatzen gara, baina beti gai gara adostasunera heltzeko.

Lorpenak ikusarazteko arazoak dituzue?

Gure proposamenetako asko laukoaren baitan urtzen dira. Egia da indar gehiago eman diogula gauzak lortzeari eta gutxiago horien berri emateari. Zuzendu beharreko kontuetako bat da. Orain jabetzen gara gure lana ezagutuz gero jendeak balioa emateko elementu gehiago lituzkeela.

Barne prozesuan murgilduta zaude, eta lehia honek alderdiari eragingo dion kezka baduzu?

Nire ustez garrantzi gehiago eman behar genioke arlo politikoari, eta barne prozesu hau lasaiago egin beharko genuke, gutxieneko barne adostasun batzuetara helduz. Izenek garrantzi gutxiago izan beharko lukete eta ideiak lehenetsi beharko lirateke. Irudipena dut alderantziz izan dela. Hauteskunde prozesuaren berri eman genuen egunean [martxoaren 20an] hautagaitza batek agiria iragarri zuen, eta bertan parte hartu dutenek sinadura jakin batzuk aukeratu zituzten. Niri aukera eman izan balidate, berdin-berdin sinatuko nuke. Gauzak modu diferentean egin zitezkeen.

Irailean Lekarozen gatazka bat ireki ostean, eztabaida lasai bat egitea proposatu zenuen. Zergatik ez da posible izan?

Lekarozen hitzartu genuen Herritarren Kontseilua berritzea, denok onartu baikenituen gabezia batzuk zeudela. Duela bi urte kontseilua oso azkar eratu zen eta batez ere proposamen zein eduki politikoak hartu ziren aintzat, antolamendu arlokoak alboratuta. Lekarozen inork ez zuen zalantzan jarri idazkaritza nagusia etanire borondatezerabaki nuen kargua batzarraren eskuetan uztea. Orain harritu egiten nau erakunde politiko honen arazo guztien ardura niri egoztea. Lorpenak zein akatsak denon ardurak dira.

Sektore desberdineko pertsonek alderdiari buruzko barne azterketa bat egin dute. Zeintzuk dira gabezia nagusiak?

Nahiko gabezia izan ditugu: batzuk Nafarroako alderdiaren erantzukizuna izan dira eta beste batzuk estatuko agirien ondorioz izan dira, eztabaida prozesu parte-hartzaileagoak egiteko aukera mugatu digutelako. Nire ustez, autokritika zintzo bat egin behar genuen eta ikusi zerk huts egin duen. Huts egin duen kontuetako bat berme batzordea izan da eta harritzen nau orain Eduardo Santos alderdikideak ni kritikatzea bera batzorde horretako arduradun izan arren, Madrilera joan baitzen. Antolamendu idazkaritzak ere huts egin du, baina lehenengo idazkaria Nafarroara baino gehiago Madrilera begira egon zen. Herritarren Kontseiluko lan arloen banaketak, era berean, ez dio Nafarroako beharrei erantzun. Ez genekienez nola funtzionatu estatuko dokumentuak hartu ziren erreferentzia gisa eta hori bideratu nahi izan denean, barne oztopoak jarri dira. Adibidez leporatzen didate ez dagoela koordinazio batzorderik eta egia da. Nahiz eta dokumentuek idazkari nagusiari batzorde hori osatzeko ahalmena eman, egiazki ez didate taldea osatzeko aukera eman.

Irabaziz gero, zer aldaketa egingo dituzu?

Asko. Esperientziarekin ikasi dugu, adibidez, koordinazio hobea egon behar duela parlamentu taldearen, Kongresuko diputatuen eta alderdiaren artean, bai zirkuluekin, bai udal taldeekin. Uste dut Ahal Dugu eraldaketarako erreminta izan behar duela eta etengabe kanpora begira egon behar duela. Gizarte taldeen autonomia errespetatu behar dugu eta euren proposamenak erakundeetara eraman, baina sekula ez euren lana gureganatuz. Auzi horiei aurre egiteko zirkuluak koordinatzeko gune bat egon behar du, udal batzarrei baliabideak eman behar dizkiegu autonomia landu dezaten eta herritarrentzat garrantzitsuak izan daitezkeen gaietan Parlamentuko eztabaidak kalera eramango dituen agora edo foro bat sortu behar da.

Deszentralizazioa defenditu duzu. Zer erlazio izan behar du Ahal Dugu-k Podemosekin?

Ahal Dugu-k defenditu du proiektu autonomoa izatea, baina aldi berean, leiala proiektu komunarekin. Beti babestu dugu Podemosekin erlazioa parez parekoa izatea. Vista Alegreko batzarrari begira Deszentralizazioa bultzatzen zuten agiriak babestu nituen; aldiz, beste hautagaitzak, estatuko agirien irizpideak jaso ditu. Dokumentu horiek hala debekatu arren, guk nahi dugu Kongresu eta Senatuko ordezkariak Nafarroan aukeratzea, eta gobernu akordioak zein legealdiko itunak hemen erabakitzea. Konpromisoa hartzen dugu zirkuluen eta udal batzarren autonomia errespetatzeko.

Arriskua ikusten duzu Podemosek bi urte barru hori ez errespetatzeko?

Urrats handiak eman ditugu. Lehenago Nafarroa sakrifikatu egiten zen estatuaren interesen mesedetan. Ongi ikusia ez zen errealitate bat normalizatzeko gai izan gara eta tabuak hautsi ditugu. Ez luke halakorik berriro gertatu behar, baina gerta daiteke. Kongresurako hautagaitza bateratuarekin, hori gertatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.