Erabakitzeko eskubidea. Kataluniako galdeketa. Jaume Marfany. ANCko presidenteordea

«Bozkatuko dugu, berme demokratikoak baldin badaude»

ANCk prest ditu ehun mila boluntario galdeketarako kanpainaren barruan lan egiteko. Kataluniako etxe guztiak bisitatu nahi dituzte, herritarren ekarpenak jasotzeko estatu berriaren prozesu eratzailerako.
Jaume Marfany, ezkerretik hasita lehena, Carme Forcadell ANCko presidentearen ondoan.
Jaume Marfany, ezkerretik hasita lehena, Carme Forcadell ANCko presidentearen ondoan. JAUME SELLART / EFE

Iñaki Petxarroman -

2014ko irailak 28
Kataluniako Batzar Nazionalak (ANC) prest du galdeketara begirako kanpaina. Oraingoz, azaroaren 9an bozkatzea besterik ez dute buruan. Independentismoak irabaziko duela ziur da Jaume Marfany batzarreko presidenteordea (Bartzelona, 1948).

Artur Masek galdeketera deitu du, iragarri bezala. Zer balorazio egiten duzue?

Positiboa. Normaltasunaren barruan sartzen da, zurrumurrua baitzegoen ea berandutzen ari ote zen, baina ez da horrela. Izan ere, Generalitatearen legeek astebete inguru behar izaten dute buletin ofizialean argitaratzeko. Kontuan eduki behar da gaztelaniara itzuli behar direla eta, beraz, denbora behar dutela.

Espainiako Gobernuak iragarri du Konstituzionalean helegitea jarriko duela. Horretan ere sorpresa gutxi, ezta?

Ez dugu espero sorpresarik. Ondo etorria litzateke, esaterako, Auzitegi Konstituzionalak ez onartzea tramiterako gobernuaren helegitea, baina badakigu ez dela hala izango, eta uste dugu prozesu hori ere aurrera joango dela, mantsoago edo azkarrago. Alegia, Auzitegi Konstizionalak tramiterako onartuko du, eta galdeketa behin-behinean geldiaraziko du.

Kasu horretan, zer proposatuko du ANCk?

Kanpaina bat dugu zain, Orain da garaia lelopean, Omniun Culturalekin batera. Horrekin bat egingo dute beste erakunde, elkarte eta alderdiek. Alegia, kanpaina zabala eta bateratua izango da. Iragarri dugu urriaren 4an hasiko garela, baina Auzitegi Konstituzionalak 4a baino lehen baliogabetzen badu galdeketa, modu baketsu, umoretsu eta irmoan elkartuko gara hirietako plazetan, eta kanpaina hasiko dugu. Gure erantzuna hori izango da.

Konstituzionalak galdeketa legez kanpokotzat jotzen badu?

Behin-behinean baliogabetuko du, ikertu behar dituelako legea eta argudio juridikoak. Horrek denbora behar du. Edonola ere, Kataluniako legediari eutsiko diogu, ez Espainiakoari. Zeren, gure legezko ordezkariak Kataluniako Parlamentuan daude, eta haiek gehiengo handiz babestu dituzte legea eta Kataluniaren burujabetza. Badakigu galdeketa hori ez dela juridikoki bete beharrekoa, baina politikoki bai. Horregatik nahi dute oztopatu. Orain gure apustua da kanpainarekin jarraitzea Konstituzionalak dioena dioela.

Alderdien arteko ezberdintasunez hitz egiten da. Uste duzu kontsentsuari eutsiko diotela?

Ikusten dugu alderdiek eusten diotela batasunari. Sei alderdi daude, eta ñabardurak eta ezberdintasunak izango dituzte, baina, azaroaren 9an bozkatzeari dagokionez, denek eutsi diote konpromiso horri. Konfiantza daukagu gizarte zibilean, eta baita alderdietan eta Generalitateko presidentearengan ere, oraingoz ez digutelako hutsik egin.

Beraz, uste duzu azaroaren 9an katalanek bozkatuko duzuela?

Uste dut bozkatu eta irabaziko dugula. Baina bozkatuko dugu, baldin eta horretarako berme demokratikoak badaude. Zeintzuk? Mundu guztiak libre eta demokratikoki bozkatu ahal izatea, lasai eta inolako arazorik gabe. Hori hala bada, bozkatuko dugu. Berme demokratikoak oztopatzen dituzten gertakariak baleude, kasu horretan beste bide batzuez hitz egiten hasiko ginateke.

Madrildik etor daitezkeen mehatxuei buruz ari zara?

Guk argudio eta arrazoiak erabiltzen ditugu, eta beste aldetik ezezkoak eta mehatxuak bakarrik iristen dira. Guk nahiko genuke hilabete eta erdi honetan eztabaida bat balizko independentziaren onurak eta kalteak baloratzeko. Alegia, baiezko bikoitzaren alde gaudenok gure arrazoiak azaldu ahal izatea eta ezezkoaren alde direnek eurenak, Eskozian gertatu den moduan. Ondoren, mundu guztiak bozkatu eta emaitza errespetatzea.

Hauteskunde plebiszitarioak ere aipatu dira. Ados zaudete?

ANCk bide orrian aintzat hartu du aukera hori ere. Guk lau aukera aurreikusten genituen. Lehen aukera baztertuta dago, Espainiako estatuaren baimenarekin ez delako egingo galdeketa. Bigarrenean gaude: alegia, galdeketa egitea estatua aurka egon arren. Eta, gero, beste bi aukera ikusten genituen. Bat galdeketa ez egitea litzateke, berme demokratikorik ez dagoelako. Eta, kasu horretan, beste bide batzuk egon daitezke, tartean hauteskunde batzuk antolatzea herritarrek bozkatu ahal izateko independentziari buruz.

Eskozia aipatu duzu. Zer ondorio atera dituzue handik?

Oso prozesu ezberdinak dira. Hango prozesua oso lotuta dago botoen %25 zituen alderdi politiko bati. Hemen prozesua gizarte zibilean hasi zen, eta galdeketaren alde sei alderdi daude. Estatuen jarrera ere ezberdina da, bistan denez. Guk nahi genuen baiezkoak irabaztea han, Europako estatuak mugitzera behartuko zituelako. Baina, hala ere, Erresuma Batuko agintariek emandako demokrazia lezioarekin geratzen gara gu.

Aste mugituak datoz. Zer moduz zaudete aste hauei begira?

Garai historiko batean gaude, azken mendeetako garairik erabakigarrienean. Pribilegiatuak gara, historia, bizitzeaz gain, idazten ari baikara. Azken-aurreko ahaleginean gaude, indar eta ilusioz, irabazle izan nahi dugulako. Konbentzimendu osoa dugu azaroaren 9an bozkatuko dugula eta estatu berri bat izango dugula.

Uste duzue baietzak irabaziko duela eta jendearen parte hartzea nahikoa izango dela?

Inkestek diote %80k baino gehiagok bozkatu nahi dutela; halaber, horietatik %90 edozein emaitza onartzeko prest daudela eta independentismoak botoen %58 jaso ditzakeela. Uste dut irabazten ari garela, baina, badaezpada ere, ziurtatu egin nahi dugu hori. 100.000 boluntario pasatuko dira Kataluniako etxe guztietatik, eta jendeak esango digu zer herri mota nahi duen. Ideia hori politikariei igorriko diegu estatuaren prozesu eratzailerako. Nahi dugu gehiengo zalantzaezina izatea, eta, horretarako, parte hartze handia nahi dugu.

Beldur zarete herritarrengan beldurra eragin dezakeela balizko ukatze edo boikot batek?

Nahi dugu mundu guztiak askatasun osoa sentizea bozkatzera joateko, eta, edonola ere, alderdi unionistaren batek ez bozkatzera deituko balu, uste dugu parte hartze handia izan dezakegula.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna