Konpromisoa nahi du Urkulluk AHTa egiteko

Akitania-Euskadi euroeskualdeko presidenteek abiadura handiko trena lehentasuntzat jo dute aho batez.

Proiektua atzeratuko dela aurreikusi du Alain Roussetek
Akitania-Euskadi euroeskualdeko ordezkariak, atzo Busturian egindako bileran.
Akitania-Euskadi euroeskualdeko ordezkariak, atzo Busturian egindako bileran. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2015eko apirilak 8
Akitania-Euskadi euroeskualdeko presidenteek agerian utzi dute elkarlanerako eta bultzatu beharreko proiektuetarako duten adostasuna. Euroeskualdeak Busturiako (Bizkaia) Madariaga dorretxean egin du aurtengo biltzarra, Iñigo Urkullu eta Alain Rousset presidenteak buru zirela. Elkarlanean sakontzearen onurak goratu dituzte biek, eta horretan ari direla azaldu. Urte honetarako plangintza ere adostu dute; egin beharreko ekintza zehatzen zerrenda egin dute, lehen aldiz. Aurrera begirako lehentasunak izendatzeko orduan, abiadura handiko trena martxan jartzeko premian egin dute indarra. Beharrezko azpiegitura dela esan dute, eta, arazoak arazo, proiektua gauzatuko dela seguru azaldu dira.

«Zoragarria izango da», esan du Roussetek, AHTaren onurak erakutsi nahian: «Bordeletik Bilbora zortzi ordu behar dira egun trenez, eta hiru autoz. Etorkizunean, bi ordu baino gutxiago beharko dira trenez». Haren esanetan, bidaietako denbora erdira jaitsiko da kasu batzuetan, eta orduan ikusiko da proiektuaren garrantzia. AHTa martxan denean Euskal Herrira egun baino askoz bidaiari gehiago etorriko direla ziurtatu du Akitaniako presidenteak, eta hori onuragarria izango dela herriarentzat.

Berrikuntza beharra

«Gure trenbidea XIX. mendekoa da», ohartarazi du Roussetek. «Dugun azpiegiturarekin zirkulazioa ezin da hazi, eta salerosketek ere ez». «Ezinezkoa da orain arte bezala jarraitzea. Trenbideak berritu behar dira», esan du. «AHTa derrigorrezkoa da».

Akitanian AHTa alderdi guztietako ordezkariek babesten dutela adierazi du; «eskuinekoek zein ezkerrekoek» egiten dutela bat proiektuarekin. Ados agertu ez diren agintariei dagokienez, «konbentzituko» dituztela uste duela esan du.

Urkulluk, berriz, AHTa martxan jartzeko hartua duen konpromisoa berretsi du Eusko Jaurlaritzaren izenean. Proiektuaren alde ahal duen guztia egiten ari dela azaldu du, lanak azkartzen saiatzen ari dela, eta hala jarraituko duela. «Gauza bera eskatzen diegu konpromisoa hartu duten gainerako erakundeei: konpromisoak eta epeak bete ditzatela». Izan ere, haren ustez, EAErentzat zein Akitaniarentzat ez ezik, Europarentzat ere «proiektu estrategikoa» da AHTa.

Uste baino beranduago

Roussetek aitortu du espero baino beranduago izango dela martxan abiadura handiko trena: «Agian urte batzuk atzeratu beharko da, finantzaketa arazoengatik». Garraioen alorrean mugaz gaindi «sei hilean behin» aurrerapausoak emango direla ere esan du, eta, ondorioz, gaur egun mugak duen «indar hori» deseginda egongo dela hogei urte barru. «Benetako euroeskualdea osatuko dugu horrela». Horretarako, Akitania-Euskadi euroeskualdean garraio gaietarako lantalde bat osatzearen alde egin du. Baita hezkuntza eta osasun alorretarako taldeak sortzearen alde ere, besteak beste.

Euroeskualdeak 2014-2020 urte arteko plan estrategikoa onartu zuen abenduan, Hendaian (Lapurdi) egindako bileran. Atzo, 2015erako ekintza plana onartu zuen. Lau ardatz izango dituzte aurtengo proiektuek: euroeskualdeko herritartasuna sustatzea; enpresetan ezagutzaren, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren ekonomia sustatzea; lurralde iraunkorra; eta gobernu irekia. Oinarri horien gainean 40 ekintza gauzatzea ere adostu dute: «Hizkuntzen elkar ezagutza eta erabilera sustatzea», esaterako. «Frantsesez eta espainieraz gehiago ikas dezagun ahalegindu behar dugu», esan du Roussetek, berak gazteleraz ez dakiela adibidetzat jarrita. Euskararen garapenari ere «arreta berezia» eskaintzea onartu dute. «Lurralde bietan hitz egiten den hizkuntza izaki», Akitaniako eta EAEko ikastetxeen artean «truke programak» sustatuko dituzte. Sektore turistikoko profesionalentzat, lau hizkuntzatan egindako gida osatzea hitzartu dute.

Bestalde, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburu gisara ezagutaraztea eta Kultura-Herritarrak-Gazteria Batzordea zein Ikerketa-Berrikuntza-Garapena Batzordea sortzea hitzartu dute.

Halaber, mugaz gaindiko mugikortasuna bultzatu nahi du euroeskualdeak. Horretarako, EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen artean iaz sortutako bikaintasunaren campusa garatuko dute, eta Lanbide Heziketan lankidetza sustatuko. Garraioa hobetzen jarraitzea ere adostu dute. Esate baterako, TER trenak eta autobusak Irunera iritsita.

Nafarroari aukera

Datozen foru hauteskundeen ondoren Nafarroa euroeskualdean sartzeko aukerari buruz galdetuta, hala nahiko lukeela adierazi du Urkulluk: «Euskadik eta Akitaniak lotura bereziak ditugu Nafarroarekin, eta gure nahia elkarlanean aritzea da». Nafarroak Auñamendietako Lantaldean parte hartzen duela gogoratu du, eta, Nafarroak hala nahi badu, Akitania-Euskadi euroeskualdean ere jardun ahalko duela. «Euroeskualdearen egituran ateak irekita daude Nafarroak, nahi badu, bertan parte hartzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna