Amaia Alvarez Berastegi. Justizia Trantsizionaleko doktorea

«Estatuak parte hartu gabe ere pausoak eman daitezke»

Ipar Irlanda eta Euskal Herriko bake prozesuak alderatu ditu Alvarezek bere tesian; Espainiako Estatuak prozesuari muzin egitea arazoa dela jakin arren, baikorra da, «hemen gizarte zibil aktiboa» dagoelako.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla -

2016ko urriak 15
Amaia Alvarez Berastegi (Iruñea, 1985) kazetaritzako lizentziaduna da, eta justizia trantsizionaleko eta giza eskubideetako doktorea. Ipar Irlandako eta Euskal Herriko bake prozesuak alderatu zituen bete doktore tesian, eta atzo hitzaldia eman zuen UEUk Azpeitian (Gipuzkoa) Bakea gugandik eraikiz goiburupean antolaturiko jardunaldietan. Justizia erreparatzailea eta adiskidetzea Ipar Irlandan. Iraganaren kontakizuna bakegintzako tresna gisa izan da haren hitzaldiaren izenburua.

Jardunaldiak jarraipena izango du gaur. Josu Ibargutxi frankismoaren garaiko preso ohiak, Iñaki Egaña historialariak eta Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak mahai inguru batean parte hartuko dute, eta «egia, justizia eta erreparazioaren bitartez bakea eratzeko prozesua» izango dute eztabaidagai. Horren ostean, Itziar Salegi ?Guardia Zibilak 1974an hildako Mikel Salegiren arreba? eta Julia Monge ?feminista eta Intxorta 1937 kultur elkarteko kidea? «emakumeen begiradaz» arituko dira, Irantzu Mendia EHUko irakasleak gidatutako eztabaidan.

Garai batean, Irlandako bake prozesuak interes handia piztu zuen Euskal Herrian, hango eredua hemen ere baliagarria izan zitekeelakoan. Hala dela uste al duzu?

Eredu gisa ezin dugu hartu, egoerak oso desberdinak direlako. Irlandan, bake prozesuak bide bat hartu zuen, seguru asko hemen hartuko ez dena. Baina, aldi berean, badaude antzeko prozesu batzuk, azken finean gatazka biak gertatu zirelako estatu demokratiko batzuen barruan, eta esparru kontzeptual berdinak erabiltzen ahal ditugu. Ez da eredu, baina beti da aberasgarria ikastea zer gertatu den beste herrialde batzuetan.

«Justizia erreparatzailea» aipatu duzu zure hitzaldiaren izenburuan.

Bai, baina nik nahiago dut justizia trantsizionalez hitz egin, azken finean justizia erreparatzailea horren arlo bat delako. Askotan ikusi ditut hemen justizia trantsizionalaren aldeko eta kontrako iritziak; batzuek uste dute justizia trantsizionalak dena konponduko duela, eta beste batzuek, aldiz, esaten dute hemen ezin dela aplikatu. Baina ez dut uste eztabaida hori denik.

Eta, zure ustez, zein da justizia trantsizionalaren balioa?

Azken finean, justizia trantsizionala esparru bat da, testuinguru bat gauzak eztabaidatzeko, iraganari aurre egin ahal izateko neurriak mahai gainean jarri eta adosteko. Horren bidez, eragileak elkarrengana hurbiltzen dira iraganari nola aurre egin eztabaidatzeko. Gero, neurri eta mekanismo asko adostu daitezke, baina, nire ustez, elkarrizketa ariketa hori egiteak berez du balioa.

Ipar Irlandako hainbat tradizio politikoren arteko harremana gatazkatsua izan da aspalditik. Nolakoa da gaur egun?

Koexistentzia batera iritsi dira, baina ezin da esan adiskidetzea erdietsi dutenik. Justizia trantsizionalean beti dago bakearen eta justiziaren arteko oreka bati eusteko nahia. Irlandan, 1998ko bake akordioetan bakearen aldeko hainbat neurri adostu zituzten: esaterako, botere partekatuko gobernua, presoak askatzeko neurriak eta abar. Baina justiziari edo iraganari buruzko ezer ez zuten adostu. Geroztik, prozesuak itzuli asko egin ditu, eta 2007tik esan daiteke prozesua nahiko egonkor dagoela. Baina oraindik ez dute lortu iraganari buruzko akordio zabal bat adostea. Haien arteko tentsio eta zailtasun asko horri buruzkoak dira: egiaren ingurukoak, ordainaren ingurukoak eta abar. Aurrerapauso asko eman dituzte, baina iraganari nola aurre egin da arazo nagusia.

Beraz, eta boladan dagoen berba erabiliz, Ipar Irlandan ez dago gertatutakoaren kontakizun bakar bat.

Ez, hainbat kontakizun daude. Bakegintzan aritzen diren sektore batzuek proposatzen dute kontakizun bakar eta partekatua egin behar dela, baina oraindik hortik oso urrun daude. Adibidez, gobernua botere partekatuan oinarritzen da, eta horrek ere nolabait bi narratiba sustatzen ditu, nork bereari eusten diolako.

Zer irtenbide izan dezake auzi horrek?

Hainbat aukera daude: bat, orain arte bezala nork bere kontakizunari eustea tokitik mugitu gabe; bestea, kontakizun bakar baten alde lan egitea, nahiz eta hori oso zaila dela jakin; eta, hirugarrena, baldintza batzuk sortzea eta kontakizun guztiak onartzen dituen esparru bat osatzea. Euskal Herrian ere pentsatu beharko dugu zein eredu aukeratzen dugun; Irlandan behintzat ikusi dugu egindako hautuak ez dituela gauzak konpondu eta haien arteko harresiek hor dirautela.

Presoen gaian ere alde nabarmenak daude bi egoeren artean.

Presoena mahai gainean izan zuten gairik garrantzitsuenetako bat izan zen bake prozesua adostu zutenean. Argi ikusi zuten presoen gaiaren inguruan akordiorik egon ezean prozesuak ez zuela aurrera eginen. Beraz, erabakigarria izan zen. Biktima batzuek kontra egin zuten, baina irtenbidea adostea lortu zuten; alderik zailena izan zen, baina 2000. urterako preso gehienak baldintzapean kaleratu zituzten, amnistiarik ez baitzen egon.

Emakumeek zeresanik izan dute Irlandan bakearen bidean?

Hainbat erakunde daude emakumeen iritzia plazaratzeko eta emakumeek pairatutakoa ikertzeko, eta ez dut esango garrantzirik izan ez dutenik, baina gizarte zibilaren arloan izan da hori batez ere. Instituzioetan gizonek izan dute nagusitasuna: gizonek kontrolatu dute prozesua, eta bide luzea dute oraindik horri buelta emateko.

Irlandako esperientziaren argitara, nola ikusten duzu Euskal Herriko egoera?

Oso prozesu desberdinak dira, eta argi dago hemen beste bide bati jarraituko diogula. Gauza batzuk ez dira askorik mugitu, baina nik uste dut halako prozesuek denbora behar dutela eta azkenean mugituko direla. Aurrerapauso asko eman ditugu, eta, Irlandarekin alderatuta, hemen abantaila bat dugu: gizartea ez dago horren zatituta; hildako eta biktima kopurua ez da hain handia izan, eta hori beti da positiboa, aukera politak eskaintzen dituelako.

Baina arazoak ere badaude.

Bai, esaterako, hemen estatuak ez duela negoziatu nahi. Irlandan, estatuak negoziatu egiten du, eta horrek ez ditu arazo guztiak konpondu, baina behintzat badago horren aldeko jarrera. Nik uste dut Euskal Herritik prozesua ahal den neurrian bultzatzen saiatu beharko genukeela. Justizia trantsizionalaren ikuspegitik estatua beharrezkoa da hainbat arlo betetzeko: adibidez, egiari buruzko arloa ezin da estaturik gabe gauzatu, estatuak dituelako informazioa eta justiziaren inguruko eskumenak. Baina estatuak parte hartu gabe ere pausoak eman daitezke. Ni baikorra naiz, gizarte zibil aktibo bat dugulako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna