Niels Peter Rygaard. Psikologoa

«Kontua ez da guraso ona izatea bakarrik; sare on bat behar da»

Umeek lehen urteetan behar izaten duten atxikimenduaz mintzatu da Rygaard, Donostian; haurtzaro zailak izan dituzten neska eta mutil asko —eta haien gurasoak— artatu ditu sorterrian, Danimarkan.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2017ko urriak 24
Abandonua jasan duten umeen gainean idatzi dituen lanek eman diote entzutea Niels Peter Rygaard psikologoari. Hitzetatik ekintzetara ere usu egin du, eta sorterrian ezaguna da, bereziki, aski egoera zailetan hazitako haurrei eta haien familiei ematen dien aholkularitzarengatik. Hil honetan Donostian izan da, Tratu onak. Atxikimendua, trauma, garapena eta erresilientzia jardunaldietan parte hartzen.

Zer eratako zauriak uzten dituzte umetan eta nerabezaroan jasandako abandonuek?

Gauza bat abandonua da, ama galtzea zaila da; kontua da ume horiek gero maiz instituzioen esku geratzen direla, eta gabetasun egoeretan egoten direla sarri halako tokietan. Lanean ari gara orain, esaterako, Errusiako umezurztegietan; jarduteko beste era batzuetarako trebatu nahi ditugu horietako profesionalak, baina erresistentziak daude. Haiek esaten dute ez dela tratu pertsonalik izan behar umeekin... Zentro horietako askok jatorria erietxeetan izan zuten, eta lan egiteko darabilten ikuspegia da umea gaixo dagoela, eta, beraz, haren egoera fisikoari bakarrik erreparatu behar zaiola. Txilen antzeko kasuak ere ezagutzen ditugu; zentro batzuetan, umeek oraindik ere uniformeekin ibili behar dute, edota ospitaleetako oheak dituzte... Haurren gaixotasunei begira jarduten dute halakoetan; nola saihestu eritasunak, nola elikatu...

Abandonua bera bainoago, gabezia horiek guztiak izaten dira, beraz, neska-mutil horiek egoki garatzea eragozten dutenak...

Bai, halaxe da. Askotan, gainera, zentro horietara heldu aurretik, haur horiek portaera disfuntzionala izan duen guraso batekin edo familia batekin izanak dira.

Eta nola sendatu haur horiei jasan dituzten zauriak?

Garrantzitsua da ulertzea ume horiek buruko handikap bat dutela; usu buruko beste handikap batzuk ulertzen dira, baina ez atxikimenduarekin lotutakoak. Horregatik, adopzio gurasoek etengabe hezten egon behar dute horrek esan nahi duenaren inguruan... Eta ingurua heztea ere garrantzitsua da: gatazka asko izaten dituzte, adibidez, adopzio bidezko familiek eskolarekin, edo gizarte laguntzaileekin. Adopzio familia asko bakanduta geratzen dira; gainerako familiako kideek ere bakarrik uzten dituzte sarri askotan. Esaten diete zorrotzegiak direla, edo arau gehiegi ipintzen dituztela. Zorionekoak dira sistemako gainerako eragileen oniritzia lortu eta haien babesa lortzen duten familiak.

Zer babes mota behar izaten dute familia horiek?

Nik hileroko aholkularitza bat dut adopzio familientzat. Bertan, familiek modua izaten dute euren arazoei buruz hitz egiteko, bai eta arazoen aurrean perspektiba hartzeko ere. Zama emozional handia duten gurasoak badira. Tira, halakoak ere lagungarriak dira adoptatutako umeak ez dituzten gurasoentzat ere. Izan ere, bakanduta badaude, gurasoek umeen kontrako bortxa erabiltzeko arriskua dago. Kontua ez da guraso ona izatea bakarrik; oso garrantzitsua da gurasoek inguruan gizarte sare on bat izatea ere.

Umetan jasandako gabezien arrastoa zer izaten da nabariagoa, horien alde emozionalean edo ezaugarri kognitiboetan? Bietako bat gailentzen da?

Emozionala. Zailtasunak izaten dituzte bulkaden kontrolean, haserretutakoan lasaitzeko gaitasunean... Jendeak esaten duena ulertzea ere zaila izaten da sarritan adingabe horientzat. Umeek ulertzen dute, normalean, hainbat hitz erabiltzen direnean hainbat emozio erakusten dituztela horiek... Horregatik, haurrek, handitu ahala hitz hori entzun, eta emozio hori pizten zaie. Jendeak ikasi egiten du hitz bat entzun eta horrekin lotutako emozio batekin lotzen. Aldiz, zuk ez baduzu horrelakorik ikasi, ez duzu ulertzen jendeak zer esan nahi duen: ez baituzu sentitzen. Hitz egin diezaiokezu neska edo mutil horri gaizki dagoenari buruz, horrek ekarriko dituen ondorioen inguruan, baina ez dizu ulertzen. Baietz esan diezazuke, ez duela gehiago egingo, baina gero ahaztu egingo du...

Erresilientzia zenbateraino da gako? Zenbateraino posible?

Lau gauzak egiten dute erresilientzia posible. Lehena: zaintza maitekor bat, zaintzaile gutxi batzuen esku, bolada luze batean. Bigarrena: behin 2 urte dituenetik aurrera, umeak adin berekoen talde bateko kide izan behar du, horrek erakutsiko baitio nola moldatu gero gizarte sare batean. Hirugarrena: haurraren zaintzan, guraso edo zaintzaileak gainbegiratu behar dira. Laugarrena: ez du gatazkarik egon behar haur horren zaintzan ari diren arduradunen artean. Dibortzio kasuetan, esaterako, lehen urteetan umeen ikasketa maila apaldu egiten da; gurasoek harreman on bat badute, ordea, berriro hasten dira haurrak egoki ikasten. Aldiz, etengabeko borrokan eta liskarrean ari badira, ikasketen kurba okertzen da. Lau puntu horietan daude laburtuta umeen hezkuntzari buruzko sei hamarkada!

Beraz, lau aldagai horiek dira sekretua. Haurraren inguruan lau horiek baldin badaude, arrakastatsuak izaten dira prozesuak?

Hortxe duzu nire semea; kalte handia zuen hark, eta, egun, 19 urterekin, ia beste askoren parekoa da. Trauma zenbat eta handiagoa izan, orduan eta luzeagoa izango da prozesua; errealista izan behar da. Zenbat urte ditu Donald Trumpek? Eta oraindik ere ez da errekuperatu. Gabeziak izan dituzten haur askok atzerapenak izaten dituzte, eta 22 urte izan arren, akaso jokatzen dute 14 urteko baten gisan. 11-12 urterekin, pubertaro oso nahasia izaten dute askotan; horren ondorioz, lehen hogeitaka urteetan izaten dituzte portaera arazotsuak, eta zaila izaten da sarri babestea, haiek ez baitute ulertzen deus okerra dagoenik ere... Hogeitaka urteetan aurrera egin ahala, orduan hasten dira, sarri, hobera.

Zenbat eta lehenago lanean hasi, emaitzak ere orduan eta hobeak izango dira, noski...

Umeen esku hartzeak zenbat eta beranduago hasi, orduan eta pobreagoak izaten dira emaitzak. Ezinbestekoa da haur eskola onak izatea, osasun zerbitzu onak, eta terapia egokiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna