Ahoztar Zelaieta. Kazetaria

«Ustelkeria ikertzeko tresnen aldetik handia da prekaritatea»

Bere azken liburuan «ustelkeriaren diagnosia» egin nahi izan duela azaldu du Zelaietak, «ustelkeria agertzeko dauden faktoreak azaldu eta ikertzeko nolako tresnak dauden aztertu». EAJn jarri du arreta.
ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla -

2017ko azaroak 30
Ibilbide luzea egin du Ahoztar Zelaietak (Bilbo, 1972) ikerketa kazetaritzaren arloan Egin egunkariaren ikerketa taldean eta Ardi Beltza eta Kale Gorria aldizkarietan aritu zenetik, baina, berak dioen moduan, ez du «errentetatik bizi nahi», eta lanak plazaratzen jarraitzen du: azkena, Euzkadi S.A El gen corrupto del PNV (Euzkadi S.A. EAJren gene ustela) izeneko liburua.

Zein berritasun dakar zure azken lanak?

Hitz bat aukeratu beharko banu liburua laburbiltzeko, diagnosia aukeratuko nuke. Ez zegoen horrelakorik. Saiatu naiz bitsetik urruntzen, literatura asko dagoelako mataza eta ustelkeria kasuei buruz; gehiago azaldu nahi nuen nolako faktoreak dauden ustelkeria ager dadin, nolako tresnak dauden ikertzeko, eta eraginkorrak ote diren.

Termometro eskasa badarabilgu, ez dugu eguraldiaren berri zehatza izango, eta uste dut Madrilgo termometroak edo korruptometroak ez duela balio hemengo ustelkeria neurtzeko; beraz, beste tresna bat behar dugu, oraingoz ez daukaguna.

Liburuaren azpitituluan EAJren «gene ustela» aipatzen duzu. Ba al da horrelakorik?

Ideia hori ez da nirea, eta epaitegietara joatea egokitzen bazait hala defendatuko dut [barre egin du]. Liburuan, asmatutako elkarrizketa batzuk sartu ditut, fikziozkoak, EAJko zenbait kide eta hautetsi ohirekin aspalditik dudan harremana dela eta, eta haien eraginez, galdera hori bururatu zitzaigulako: zein gene ote duen EAJk, zein DNA berezia, hainbeste urtez botereari eusteko eta ustelkeriak ez zikintzeko.

Aipatu dituzun elkarrizketa horietan Guillermo izeneko jeltzale bat agertzen da. Pertsonaia hori benetakoa al da, asmazioa, edo egiazko pertsona batzuk ordezkatzen dituen mozorroa?

Uste dut irakurlea jabetuko dela hainbat iturritatik iritsitako informazioa bideratzeko modu bat dela pertsonaia hori. Ez nuen irakurlea zorabiatu nahi, eta, beste alde batetik, horrekin, eta tristea da esatea, kontakizuna sinesgarriago egin nahi nuen. Iturri asko dituzula esaten baduzu, eta iturri bakoitzaren profila eman, irakurlea zorabiatzeaz gain, sinesgarritasuna galtzen du horrek.

Zure tesietako bat da ustelkeriak iraun egiten duela denboran, ez dela une jakin bateko gertaera.

Iraunkortasun hori badago. Ustelkeria ez da krisi garaian sortutako zerbait, eta hori argi ikusten da alderdiek erabiltzen dituzten txostenetan. Txosten horiek, edo txosten horiek argitaratzeko mehatxua, trukerako txanpon gisa erabiltzen dira alderdien arteko negoziazioetan. EAJk horrelako txostenak erabili ditu PSOErekin negoziatu duenean, eta PPrekin ere bai, eta errentagarri suertatu zaio: azkena, PPrekin izandako negoziazioa. Lezo auziaren inguruko zenbait konturekin mehatxu egin zuten, eta, horri esker, AHTrako milioi batzuk eskuratu zituzten.

Liburuan hainbat arlo aztertzen dituzu; esaterako, EAJri lotutako fundazio eta elkarteei emandako diru laguntzak.

Hori ikertzen ari nintzela ezusteko batzuk hartu ditut. Alde batetik, EAJ txapelduna da diru emaitza ilunen sailkapenean. Horrelako ikerketak egin dira: 2007an arautu zuten alderdi politikoei emandako diruaren auzia, eta diru emaitza anonimoak debekatu ziren; nik 1987tik 2007ra arteko datuen berri izan dut, eta ondorioa da emaitza anonimo guztien %25 EAJk jaso zituela, beste inork baino gehiago.

Beste aldetik, ikusi dut EAJk kontabilitate asko ezkutuan dituela, eta epaitegiek kargu hartu dietela horregatik: esaterako, epaitegiak ez dira iristen Ipar Euskal Herriko jarduerara, eta, hala eta guztiz ere, detektatu dute Hego Euskal Herritik bi milioi euro bideratu dizkiotela Ipar Buru Batzarrari, eta ez dutela modu zuzenean egin, kreditu moduan jarri dutelako. Gero, Sabino Arana fundazioa dago: mundu guztiak daki fundazio hori EAJrena dela, hala aitortu dute jendaurrean behin baino gehiagotan, baina, hori fiskalizatzeko ordua iritsi denean, EAJk ez du onartu nahi izan berea denik, eta fiskalizatu gabe egon da hainbat urtez. Horiek guztiak egunkarien azaletan agertzeko moduko albisteak dira.

Espainiako ustelkeria auzietan ikusi dugu enpresa batek edo norbanako batek alderdi bati dirua ematen dionean zerbaiten truke izaten dela. Zuk salatzen dituzun kasuetan ere hala da?

Liburuan retorno edo itzulbide deitzen diot horri. Modu asko daude mesedeak itzultzeko. Enpresariekin, esaterako, palanka asko daude kidetasuna saritzeko: diru laguntzak, esleipenak, abantaila fiskalak, zordunen zerrendak ez argitaratzea —legebiltzarrak duela urtebete eskatu zuen paradisu fiskaletan dirua dutenen zerrendak argitaratzeko, eta ogasunak ezetz erantzun dio—, zorrak barkatzea eta abar. Horrekin, konplizitatea lortzen da: PPren ustelkeria auzi asko agerian geratu dira enpresariek salatu dituztelako, eta haietako batzuek Justiziarekin kolaboratu dute; hemen, aldiz, inongo enpresarik ez du ustelkeriarik salatzen.

Hala ere, begien bistakoa da herritar gehienen pertzepzioa dela EAEn ez dagoela ustelkeriarik, ez behintzat Espainiaren mailakorik. Zergatik da hori?

Itzulbideak aipatu ditut lehen. EAJk negozio asko egin ditu zenbait komunikazio talderekin, bereziki Prisa eta Vocentorekin, eta, gainera, komunikazio lobby garrantzitsua kontrolatzen du. Baina, horretaz gain, tresna gutxi eta kalitate eskasekoak daude ustelkeria ikertzeko.

Ustelkeria ikertzeko tresnen aldetik prekaritate handia dago: lau urte daramagu [EAEn] ustelkeriaren kontrako fiskalik gabe legebiltzarrak eta Euskadiko fiskal nagusiak eskatu arren; fiskalek jendaurrean esan dute ez dutela erremintarik ustelkeriaren kontra borrokatzeko; ustelkerian espezializatutako epaitegi bakar bat ere ez dago; Ertzaintzak hogei agente baino ez dauzka delitu ekonomiko eta informatikoen atalean, ustelkeriaz gain beste hamaika delitu ikertu behar dituztenak; Ogasun Sailak ere ez du ustelkeria ikertzeko unitate berezirik; eta epaile, ertzain edo fiskalen batek zerbait egin nahi duenean, EAJk haren kontra jotzen du: adibidez, [Arabako fiskal nagusi] Jesus Izagirrek bazuen aukera EAEko fiskal nagusi izateko, baina denok dakigu ustelkeria auzi batzuk ikertu dituela eta EAJk ez duela maite, eta ez dute izendatu.

Eta horrek guztiak nolako eragina izan dezake arlo politikoan? Nik uste dut gizartea sentsibilizatuta dagoela ustelkeria kontuetan, eta gizarte mugimenduetan ere lan ona egin dela arlo horretan; beraz, pentsa liteke erreakzio bat egon beharko litzatekeela. Baina erreakzio hori alderdi politikoen esku uzten bada, alderdiek zerbait egin dezaketelakoan, arriskua dago frustrazioa eta are mesfidantza ere sortzeko.

Nik uste dut badela garaia motxila hori iritzi publikotik eta gizarte mugimenduetatik alderdietara pasatzeko. Batez ere, ustelkeriaren biktimengatik. Alderdiak hasi dira ustelkeriaz hitz egiten, eta larria izango litzateke biktimek ulertzea dena demagogia hutsa dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna