Piotr Barczak. Europako Ingurumen Bulegoko Hondakin Politikaren arduraduna

«Ekonomia zirkularra errausketarik gabe bakarrik da posible»

Europan hondakinak erraustearen aldeko 'lobby'-ak, indar handia eduki badu ere, gero eta zailtasun gehiago dituela uste du Barczakek. Ekonomia zirkularrera iristeko oztopotzat jo ditu erraustegiak.

inaki petxarroman
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ekonomia zirkularraren ideia ari da sustatzen Europa, baliabideak alferrik galtzea galarazteko asmoz. Horrek, ezinbestez, saihestu nahi du hondakinak erreak edo isuriak izatea. Horren inguruko azalpena eman berri du Piotr Barczakek, sindikatuek Donostian erraustegiari buruz egindako jardunaldian.

Kanpoko hondakinen inportazioa mugatu du Txinak. Zer egoera sortu du horrek Europan?

Herrialde askok menpekotasun handia zuten Txinarekiko, baina hark erabaki du haren ingurumena garbitzen hastea, eta horrek, besteak beste, hondakinen murrizketa eta birziklatze azpiegiturak bultzatzea dakar. Uste dut Txinak egindakoa ona dela eurentzat eta munduarentzat. Lehen hara hondakinak esportatzen zutenek berrikusi beharko dute euren baliabideen kontsumoa eta kudeaketa. Hondakinak hobeto kudeatzea eta ikuspegi zirkular bat izatea aukera onak dira enpresentzat eta enplegua sortzeko. Hala bada, kutsadura esportatzeari utzi eta lanpostuak sortzeari ekin beharko diote.

Zein da alternatiba ontzien kontsumo masiboa saihesteko?

Ekonomia zirkular batean, baliabideen bizitza ahalik eta luzeena izatea da helburua. Baina, horrez gain, baita gure ekoizpen eta kontsumoaren ingurumen eragina ahalik eta txikiena izatea ere. Ontzien kasuan, horrek ekarri beharko luke erabilera bakarreko ontziak pixkanaka ordezkatzea gehiago irauten duten ontzi berrerabilgarriekin. Ez da horren arraroa, gure aitona-amonek horixe egiten zuten, eta joera horiek itzultzen hasi dira, tuper eta Bock'n Roll bilgarriekin.

Europako Batasuna ekonomia zirkularrari dagozkion neurriak hartzen ari da. Zer deritzezu?

Negoziazio luzeen osteko konpromisoa zentzuzkoa da, kontuan edukita zenbait herrialdek denbora gehiago beharko dutela lege berrietara egokitzeko. Zenbait eskualde ari dira jadanik aurrerapausoak egiten, besteei bidea erakutsi eta irtenbideak bilatuz, eredu zuzena emanez.

Baina zenbait helburu murriztu dituzte; esaterako, birziklatze tasa 2035erako %65 izatea, %70 izan beharrean.

Helburuak handiagoak izan beharko lirateke, zeren eskualde askok erakutsi baitute posible dela. Pena da helburuak jaistea. Baina birziklatzen irabazitako puntu bakoitza CO2 gutxiago da atmosferarako, hondakin gutxiago zabortegira eramateko eta errausteko, aukera gehiago negozioa egiteko eta lanpostuak sortzeko, eta diru xahutze txikiagoa herritarrentzat. Pozik nago bio-hondakinaren gaikako bilketa hobetzeko irizpideak bete direlako. Hori estatuen legeetara ongi egokitzen bada, eta indarrean jartzen, birziklatze tasak hobetuko dira, ez bakarrik konpostaren kalitateagatik, baizik eta beste hondakinak ere garbiagoak izango direlako.

Beti egon da errausketaren aldeko lobby indartsu bat Europan. Zein da haren egoera orain?

Europaren kasuan, dardarka daudela esango nuke. Irauteko argudioak galtzen ari dira. Europako Batasuneko arduradunek ikasi dute, zenbait eskualdetako esperientzien bidez, ekonomia zirkularrera iristea bakarrik dela posible errausketarik gabe. Hondakinak erraustea oztopo bat besterik ez da birziklatzea edo hondakinen murrizketa bideragarri bihurtzeko. Hau da: birziklatzea handitu nahi baduzu, birziklatu hondakinak, ez erre. Tokian-tokian, berriz, oraindik botere handia dute, tokiko agintariekin lotura zuzena dutelako, Euskal Herrian gertatzen den moduan. Eta hori arazo handi bat da, herritarren gain geratzen delako erraustegi garestiak eraikitzeko zama.

Haiek diotenez, hobea da erraustea hondakinak zabortegira eramatea baino.

Zabortegiak gutxitu behar dira, argi dagoelako mehatxu zuzena direla ekonomia zirkularrarentzat. Baina, nire ustez, zabortegi batek, ongi kudeatuta, hondakin arriskutsu eta organikorik gabe, ingurumen eragin txikiagoa dauka errauste planta batek baino. Gainera, erraustegiek etengabeko hondakin fluxu bat behar dute euren labeak elikatzeko, eta zabortegiak, berriz, malgutasun handiagoa ematen du horretan. Erraustegi batek ekonomia zirkularra oztopa dezake hamarkadetan, eta zabortegi batek ez.

Gipuzkoan tokiko agintariak erraustegi bat eraikitzen ari dira. Zer esango zenieke?

Erraustegia egitearen kontra azaldu den jende andana baten aurka egitea da, baita ekonomia zirkularraren kontzeptuaren aurka ere. Gipuzkoako kasua esanguratsua izan da, gaikako bilketa handitzeko egin den ahaleginagatik. Sarri aipatu dut haren adibidea Europako leku askotan. Lastima litzateke etorkizunean adibide txar moduan aipatu behar izatea.

Nafarroan hondakin gehien sortzen dutenei gehiago ordaintzeko sistema bat ezarriko diete.

Sortzearen araberako ordainketak emaitza onak ekarri ditu ezarri duten udalerrietan. Horrek esan nahi du hondakinen kudeaketaren kostuaren zama hartzen dutela gehien sortzen dutenek. Tasa hori ez zaie ezarriko ongi sailkatutako hondakinei (birziklatuak, organikoak) baizik eta errefusari. Neurri horrek beste abantaila bat du: pertsonei pentsaraziko die euren kontsumo moduaz, eta ontzi berrerabilgarrien aldeko joera indartuko du.

Gipuzkoako herritarren zati bat kezkatuta dago erraustegiak euren osasunean eduki lezakeen eraginagatik.

Bat egiten dut euren kezkarekin. Dozenaka ikerketa epidemiologiko daude Europan kezka hori burugabea ez dela frogatzeko.

Badago zereginik Europan erraustegiak gelditzeko?

Jakina. Bai Ekonomia Zirkularrerako Paketearen anbizioa handitzeko, eta bai Europako funtsak behar bezala erabiltzeko; hau da, hondakinen zuzentarau esparruaren 4. artikuluak dioenari eta hondakinen kudeaketaren hierarkiari jarraikiz, non murrizketa, berrerabilera eta birziklatzea diren lehentasunak. Eta, jakina, garrantzitsua da tokiko garapen programetako parte hartzea. Inbertsio asko geldi daitezke haien inguruko erabaki bat hartu aurretik. Erraustegi guztiak diru publikoz eraikitzen dira, eta, beraz, ezinbestekoa da herritarrei galdetzea. Hor ez bada arrakastarik lortu, etengabeko kanpaina eta erresistentzia ezinbestekoak dira, zaila izanik ere.

Erraustegi asko eraikitzen ari dira Europan?

Batez ere ekialdeko herrialdeetan ari dira eraikitzen, zeren tamalez Europako Batasunaren dirua oraindik ere erabiltzen baita proiektu ez eraginkorretarako. Alabaina, errausketaren industriak badaki jadanik ez duela asko irabazteko Europan, eta ikusten dugu, zoritxarrez, garabidean diren herrialdeetara ari dela joaten.

Euskal Herriko agintariek sarritan diote errausketak ez duela eraginik klima aldaketan. Zer esango zenieke?

Norbaitek esaten badu errausteak ez duela CO2 isurketarik sortzen, orduan gezurretan ari da, edo ez du ongi ulertzen zer egiten ari den. Hondakinak erreta sortzen den elektrizitatea CO2 gehiago ari da isurtzen unitate bakoitzeko ikatza eta, are gehiago, gasa erreta baino. Ez naiz babesten ari erregai fosil horiek, baina nabarmendu nahi dut klima aldaketan hondakinen errausteak daukan eragin handia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.