Maku Basabe eta Julen Orbea. Gutun bat idazteagatik zigortuak

«Kartzelara goaz iritzi artikulu bategatik; hau guztion arazoa da»

BERRIA eta 'Gara' egunkarietan gutun bat argitaratu zuten, 25 urte lehenago hil zen Maite Perez auzokidearen izaera eta ibilbideari buruz. Urtebeteko espetxe zigorra jaso dute «terrorismoa goratzea» egotzita.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko urriaren 16a
00:00
Entzun
1987an hil zen Maite Perez, gainean zeraman lehergailuak eztanda eginda. Gertaera horren 25. urteurrenean, gutun bat bidali zuten egunkarietara Maku Basabek (Bilbo, 1982), Julen Orbeak (Bilbo, 1980) eta beste hiru gaztek. Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortu, eta espetxeratze aginduaren zain daude.

Iritzi artikulu bat idazteagatik espetxeratzear zaudete, terrorismoa goratzea leporatuta. Zergatik idatzi zenuten gutun hori?

JULEN ORBEA: Maite Perez oso pertsona berezia izan da gure auzoan. Guk ez dugu ezagutu, baina bai haren senide eta lagunak. Erreferentzia asko genituen haren izaerari buruz: oso umoretsua omen zen, oso aktiboa auzoan, bai talde feministan, bai amnistiaren aldeko batzordeetan, bai unibertsitatean... Oso-oso ezaguna zen, mugitua eta oso maitatua. Hil zela 25 urte bete zirela eta, haren izaera, ibilbidea eta konpromisoa gogoratzeko garai ona zela pentsatu genuen.

MAKU BASABE: Maite herri honetako historiaren parte dela irudikatu nahi genuen era orokor batean, eta herri honetako historian belaunaldiz belaunaldi errepikatu den jarrera bat dela erakutsi nahi genuen: erresistentzia eta borroka etengabeak izan direla. Uste dugu historia idaztean gauza batzuk ezkutatu nahi direla. Fermin Valenciak kantatzen duen moduan, «la historia la hace el pueblo y la escriben contrabandistas» [historia herriak egiten du, eta kontrabandistek idazten dute]. Gure historiaren zati hori gogoratu nahi genuen. Egian oinarritutako pasartea da, eta ez dugu inolako gezurrik esan. Erresistentzia eta herria eraikitzearen aldeko hautua jarrera historikoak izan dira.

J.O.: Gu auzitegian konturatu ginen gaiak berak zuen garrantziaz, gure historiaren kontakizun desberdinen gakoaz, errelatoarenaz. Fiskalak argi esan zigun: «Zuzenbide estatuak ezin du onartu jende hori pertsona konprometitu gisara oroit dadin eta ez gaizkile soil gisara». Esaldi horren atzean dago gure zigorraren zergatia. Nik auzitegian sentitu nuen euskaldunok ezin dugula esan nor garen, nondik gatozen eta zein den gure historia.

Kontakizun bakarraren nahi horregatik jo dute zuen aurka?

J.O.: Gure aurka bainoago, herri honetan bestelako kontakizunak plazaratzearen aurka. Duela mende bateko diktadura faxistetara itzultzen ari garela dirudi, non, hasteko, ezin duzun adierazi iritzi artikulu batean zer pentsatzen duzun. Ezin duzu esan herri honetan pertsona konprometituak egon direla eta daudela; ezin duzu esan maitatuak izan daitezkeela ere. Ez dute onartzen euren kontakizun bakarretik irteten den kontakizunik. Hori esan ziguten epaiketan.

25 urteren ondoren Maite zaitugu da espetxera zaramatzaten gutunaren izenburua. Modu baikorrean idatzitakoa dela esan izan duzue...

J.O.: Modu guztiz positiboan idatzitakoa da. Ez dugu inondik pentsatu inor mindu edo iraintzea.

Nola jaso duzue zigorra?

M.B.: Ez genuen espero, baina ez gaitu harritu. Hemen aurrekari asko daude: egunkariak itxi dira, topatu.info-ko kazetari batzuk auzitegira eraman berri dituzte, Aritxulegiko operazioa hor dago, eta beste prozesu asko daude zabalik. Ezagutzen dugu hemen dagoen errealitatea eta injustiziak.

J.O.: Azken urteetan figura berri bat asmatu eta horretan sakondu dute, 2009tik aurrera batez ere: terrorismoa goratzea. Oso lege subjektiboa da. Presoen argazkien auzia da horren adibide [Orbeak berak beste urtebeteko espetxe zigorra du argazkien auziagatik, eta, beraz, bi urterako sartuko dute kartzelan]. Sakabanaketa salatzeko jar ditzakezu argazkiak, adibidez, baina ez dela horretarako esaten dizute; ekintza terroristak goratu nahian ari zarela. Nola frogatu daiteke hori? Ez genuen zigor hau espero, baina, edonola ere, ezin gara isilik egon zigorra jasoko dugun beldurragatik. Halakoekin jarrera desobediente orokor bat hartu beharra dago.

M.B.: Argi dago gutun hori ez genuela idatzi espetxera joateko. Baina egia esateagatik, sentitzen duguna azaltzeagatik espetxera bagaramatzate, behin joango garen bezala mila aldiz joan gaitezke. Eta ez gu bakarrik.

Uste duzue gizartea konturatzen ari dela horretaz guztiaz?

M.B.: Guk babes handia jaso dugu, baina uste dut jendeak oro har ez duela ulertzen hau gizarte osoaren arazoa dela; kartzelara goaz iritzi artikulu bategatik! Honek zuzenean hondatzen du herriaren duintasuna. Eta, gure arazo soila ez den heinean, erantzunak ere ezin du gurea soilik izan.

J.O.: Adierazpen askatasuna eta oroimenerako eskubidea guztion oinarrizko eskubideak dira; horiek norbaiti mozten zaizkionean gizarte osoaren oinarriak hondatzen ari dira. Beraz, pasibotasunaren aurkako mezua eman nahi dugu. Aktibatzea beharrezkoa da, eta mila modu daude.

Zergatik ez da mugitzen herria behar beste?

M.B.: Indarrean dauden salbuespen legeek ohikoa bihurtu dute idazteagatik, argazki bat jartzeagatik edo pintaketa bat egiteagatik halakoak gertatzea. Eta ohikoa dena normaltasunaren barruan kokatzen dugu, ez badiogu aurre egiten. Normaltzat hartzeak asimilatzea dakar, eta horrek herri duintasunaren galera dakar. Beraz, adieraztera eta historia idazten jarraitzera animatu nahi dugu jendea; bere egia kontatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.