Magdalena Bobowik. Psikologo soziala

«Kultura bitasuna da etorkinen ongizatea bermatzeko gakoa»

EHUk eta Utrechteko Unibertsitateak ikertu dute nolakoa izaten den emigranteen jarrera arbuio sentimenduaren aurrean. Ikusi dute ez dutela berdin jokatzen errefuxiatuek eta etorkin boluntarioek.

EHU.
Gasteiz
2017ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Magdalena Bobowik EHUko irakasleak (Bialystok, Polonia, 1981) aztertu du errefuxiatuek eta borondatezko migratzaileek zer estrategia erabiltzen dituzten euren ongizatea babesteko, harrerako herrialdean jasotzen dituzten arbuio adierazpenen aurrean. Horretarako, EHU eta Utrechteko Unibertsitatea (Herbehereak) batera aritu dira lanean.

Zergatik erabaki zenuten ikerketa egitea?

Nire doktoretza tesiaren jarraipena da, eta Ikuspegirekin [Immigrazioaren Euskal Behatokiarekin] egiten ari naizen kolaborazioaren jarraipena ere bai. Orain arte errefuxiatuak eta migratzaile boluntarioak aztertu direnean, gutxitan probatu dira unibertsaltzat jotzen diren bi eredu, eta, egin denean, ez dute emaitza oso sendorik eman.

Horregatik, gure ikerkuntzan bi eredu teoriko horiek probatu nahi genituen. Lehenengoa, arbuio identifikazioaren eredua: harrera gizarteak etorkinak arbuiatzen dituenean, immigranteak euren talde etnikoarekin identifikatzen dira, eta babesa bilatzen dute bertan. Bigarrena, arbuio desidentifikazioaren eredua: arbuio egoera baten aurrean, immigranteen joera gehiengoarengandik aldentzea da.

Zein zen zuen hasierako tesia?

Egia esan, gure gain hartu genuen bi modelo hauek unibertsalak izan litezkeela. Baina bagenekien aurretik egindako ikerketa txikiago batzuetan eredu horiek ez zirela beti betetzen.

Zeri deitzen diozue «immigrante boluntarioa»?

Immigrante boluntarioak eta behartuak daudela diogu guk gure ikerketan. Hori egiten dugu desberdintzeko, eta, nolabait, etorkinak bi taldetan sinplifikatzeko. Etorkin behartuak dira errefuxiatuak, arrazoi politikoengatik jazarpena jasaten dutenak, gerretatik ihes egiten dutenak, diskriminazio oso larria jasaten ari direnak eta, horren ondorioz, herrialdetik ihes egiten dutenak. Arrazoi horiengatik ez badatoz, etorkin boluntarioak esaten diegu. Egia da kontuan hartu behar dela borondatez migratzen dutenak agian pobreziatik ihesean datozela, eta, hortaz, behartuak izan daitezkeela. Azpimarratu behar da ikerketan elkarrizketatu genituen migratzaile boluntarioek seguruenik ez dutela migratu ehuneko ehun euren borondatez. Zeure herrialdea uztea, familia jatorrizko herrialdean utzita, oso gogorra da, eta, normalean, ez da izaten haiek nahi dutelako. Gerretatik ihes egiten dutenen egoera bezain dramatikoa izan daiteke, gainera.

Zer ondorio nagusi atera duzue ikerketa egin ostean?

Ondorio garrantzitsuena zera da: herrialde berri batera migratzen dutenei euren ohiturak mantentzen uzteak eta euren identitate etnikoa lantzeak migratzaileen integrazioa eta ongizatea ekartzen duela. Aldi berean, gizarte berrian integratzera motibatzeak, tokiko hizkuntza ikasteak eta harrera gizartearen parte direla sentiarazteak ere etorkinen gizarteratzea eta ongizatea ahalbidetzen ditu. Beraz, migratzaileen ongizatea bermatzeko sustatu behar dira kultura bitasuna eta kultur aniztasuna. Bestalde, ondorioztatu dugu hemengo migratzaile boluntarioek, arbuio sentimenduen aurrean, ez dutela jotzen euren talde etnikora; hau da, ez direla euren talde etnikoarekin identifikatzen. Herbehereetako emigrante behartuen kasuan, ordea, arbuio sentimenduaren aurrean, euren talde etnikoarekin identifikatzen dira.

Zer eragin izan ditzake diskriminazio etnikoak edo arrazagatiko diskriminazioak etorkinengan?

Psikologia sozialean eta osasun psikologian asko ikertu da gai hori. Orain dela hiru urte egin zuten ikerketa batean, ikusi zen edonori eginiko edozein diskriminazio pertsonalek efektu negatiboak dituela pertsonen ongizatean eta osasunean. Baina efektu horiek oraindik eta negatiboagoak dira gizartean bazterturik dauden talde minoritarioetan. Beraz, diskriminazio etnikoak edo arrazagatiko diskriminazioak ondorio larriak ditu pertsonen osasun fisiko eta mentalean, baita pertsonen zoriontasunean ere.

Zergatik egin duzue ikerketa Utrechteko Unibertsitatearekin?

Ikerketa hala egin dugu nahi genuelako egoera ikusi Europako bi testuinguru ezberdinetan, migratzaileen profil desberdinak zituzten bi herrialdetan.

Ulises sindromeak zerikusia du horrekin guztiarekin?

Izan dezake, baina ez dut uste migratzaileek Ulises sindromea nahitaez sufritu behar dutenik. Nire doktoretza tesian, 2013. urtean, planteatzen nuen migratzaileak ikusteko beste ikuspuntu bat. Modu metaforiko batean, Goffman soziologoak esaten zuen bezala: «Gutxiengo etnikoetako kideak lekuan lekura egokitzen diren heroiak dira». Horrez gain, etorkinak, diskriminazio egoeren aurrean, pertsona aktiboak izan daitezke.

Migrazio prozesuak zailtasun handiak ditu, esfortzu handia egin behar dute migratzaileek, eta asko sufritzen dute. Baina alde positiboaikustea proposatzen dugu guk: migrazio prozesua izan daiteke sekulako ikasketa eta izugarrizko esperientzia aberasgarria. Oso garrantzitsua da alde positibo hori ikustea, eta ez bakarrik gure herrialdeetara datozen migratzaileen kasuan, baita euskaldunek kanpora emigratzen dutenean ere.

Errefuxiatuen estatus soziala handiagoa bada, beste errefuxiatuek bezala jokatzen dute harrera herrialdean?

Guk egindako ikerketan, esaterako, Herbehereetan, estatus sozial handia duten errefuxiatuak irandarrak izan ohi dira. Horiek, arbuio sentimenduaren aurrean, ez dute jotzen identitate etnikora. Estatus sozial apalagoa dutenek, ordea, bai: Somaliakoek, Afganistangoek edo Irakekoek, adibidez.

Estatus sozial handiagoa diozunean diruaz ari zara?

Ez gara diruaz ari derrigor, esan nahi dut baliabide sozial gehiago dituztela; hezkuntza maila handiagoa, hizkuntza hobeto ezagutzen dutela… Guk egindako ikerketan, behintzat, horixe da Herbehereetara migratu duten irandarren kasu ohikoena.

Ikerketan ateratako ondorioak ikusita, zer dago egiteko?

Garrantzitsua da sustatzea politika batzuk non aurreiritzi arrazisten aurka borrokatzen den eta xenofobiari aurre egiten zaion. Badago biztanleriaren zati bat pentsatzen duena etorkinak mehatxu bat direla gizartearen ekonomiarentzat, edo Europako gizartearen segurtasunarentzat. Horrez gain, beste batzuek uste dute migratzaileek euren jatorrizko kultura alde batera utzi behar dutela, harrera herrira moldatzeko. Uste dut badagoela lana egiteko eta guztion zeregina dela, bai bertako biztanleena, bai etorkinena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.