Udalbiltzaren batzar nagusia. Luis Intxauspe Arozamena. Udalbiltzako lehendakaria

«Udalbiltzak zabaldu egin behar du, eta erronka berriei heldu»

Testuinguru politikoak «aukera berriak» ematen dituelakoan, egungo egoerara egokitzeko ariketa egin du Udalbiltzak. Instituzio nazionala izanik, Intxauspek uste du administrazioak «saretu» ditzakeela.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Hernani
2017ko azaroaren 19a
00:00
Entzun

2016ko otsailean aukeratu zuten Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspe (Hernani, Gipuzkoa, 1972), eta karguan berretsi zuten atzo. Gogoeta urtearen ostean, instituzioaren «erronkak» ditu mintzagai, baina «ilusioz» begiratzen dio geroari: «Lana, erronka handiak eta ilusioa dauzkagu, talde ona antolatu dugu, gauzak argi ditugu... beraz, lanera».

Zerorrek jarraituko duzu lehendakaritzan. Zer balorazio egiten duzu azken urte eta erdiaz?

2016an hasi ginenean, egitasmo batzuk martxan zeuden, eta guk horiekin lanean jarraitu dugu, baina hasieratik erronka nagusia izan zen Udalbiltzak gogoeta egin beharra zeukala, ikusten genuelako aukera berriak zabalduko zirela hurrengo urteetan, eta horietara egokitu behar zuela. Epaiketen eta arazo legalen fasea bukatu da; egun instituzio publiko eta nazional bakarra da, legezkoa, horrek segurtasun juridiko bat ematen dio, eta, beraz, zabaldu egin behar du, erronka berriei heldu behar die. Aztertzen ari gara, udalez gain, kontzejuek eta herriko etxeek parte hartzea. Horrek lurralde osoan hedatzea eragingo luke, eta instituzio guztiekin zubiak eraikitzea. Garai berri batean gaude, eta lan egiteko modu berri bat behar dugu.

Hautetsi, herritar eta eragileen iritziak jaso dituzue. Zein da Udalbiltzaz dagoen iritzia?

Hautetsien artean atxikimendu handia nabaritu dugu. Ia 1.000k osatzen dugu Udalbiltza, eta prozesuan parte hartu dute 471k. Gai batzuei buruzko eztabaidak mamitsuak izan dira. Herritarren ekarpenak puntualagoak izan dira, proiektu zehatzen ingurukoak; kasu askotan, Udalbiltza EHNArekin lotzen da. Eragile askok, berriz, Udalbiltzaren beharra ikusten zuten, instituzio publiko nazional bakarra izanik, administrazioen joskeran.

EHNAri buruzko kezka hautetsietatik dator? Edo herritarren ekarpenetatik?

Bileretan asko eztabaidatu da EHNAz, haren erabilgarritasunaz, funtzioaz, balioaz... presentzia handia izan du, lurralde guztietan, interesgarritzat jo da. Hautetsien eta herritarren aldetik ekarpen asko jaso ditugu gai horren inguruan. Hori da mahai gainean dugun erronketako bat, aztertu behar dugulako zer izan zen bere garaian; eta, berreskuratzen badugu, ikusi behar dugu nola, zergatik, zein baliabide behar diren, zertarako nahi dugun... Lehentasunetako bat da, eta lantalde berriak heldu beharko dio gaiari.

Erakundea sendotu beharra aipatu izan duzu, ekonomikoki nahiz hautetsi kopuruari begira.

Finantzaketa iturri nagusia partzuergoko kide diren udalen kuotak dira. Kuota sistema berrikusi da, antzeman baitugu orain arteko ereduarekin herri txikiek esfortzu handiagoa egiten zutela handiek baino, eta parekatu dugu ahalegin hori. Halere, uste dugu, instituzio publikoa izanik, beste erakunde publikoetatik finantzabideak landu beharko genituzkeela. Halaber, kideen aniztasuna indartu behar da, presentzia lurralde guztietan ahalik eta handiena izan dadin, eta hori modu praktikoan gauzatu behar da. Egun, kolore ezberdinetako kideak gaude, baina lan handiagoa egin behar dugu hor. Bada erronka bat, garai batzuk pasatu direlako eta lan ildoekin eta printzipioekin bat egiten duten udal hautetsi asko egon daitezkeelako.

2013an berrantolatu zen Udalbiltza. Bideaz aseta zaudete, edo gehiago espero zenuten?

1999an sortu zenean, babes politiko zabalarekin eratu zen, perspektiba oso handiekin. Beste garai politiko bat zen. Gerora zatiketa bat egon zen, prozesu judiziala... 2013an martxan jartzean, pentsatu zen Udalbiltza tresna baliagarria izan daitekeela, instituzio publiko nazional bakarra delako. Bagabiltza prozesua horretara dator; Euskal Herriaren elementu kohesionatzaile inportante bat da administrazioaren ikuspegitik. Hori da erronka: aniztasunean lan egitea eta izan zen haren ilusio eta helburuarekin jarraitzea. Ñabardurak ñabardura, printzipioak ez dira zalantzan jarri, eta printzipio horien gainean eraiki zen 1999an aniztasun politiko zabala. Historia gorabeheratsua izan dugu; horregatik diogu fase hori igaro dela, aukera berriak daudela mahai gainean.

2015eko bozen osteko mapa politikoaz zer iritzi duzu?

Gogoeta hasi genuenean, esan genuen helburuetako bat zela Udalbiltzaren egitekoa egungo egoerara egokitzea. 2015ean, aldaketa handia izan zen Nafarroa Garaian, gobernuan baina baita udal askotan ere. Lehen Espainiara begirako indarren nagusitasuna zegoen, eta orain Euskal Herriaren beste lurraldeekin elkarlanean aritzeko sentsibilitate bat dago. Eusko Legebiltzarrean, gehiengo bat dago Euskal Herria esparru gisa onartzen duena, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Euskal Elkargoa sortu da formalki. Urte luzeko prozesua izan da; subjektu politiko bat lortu da, baina ez da bukaera.

Zer ekarpen egin diezaioke Udalbiltzak une politikoari?

Errealitate horiek aukera ematen dute Euskal Herriko errealitate juridiko eta administratibo ezberdinek elkarrekin lan gehiago egiteko. Aldi berean, egia da administrazio bakoitza berera dagoela. Hortaz, Udalbiltza da lurralde guztietan hedatuta dagoen errealitatea, eta guk saretze hori osatu dezakegu; lagun dezakegu errealitate juridiko horien baturan.

Instituzioaren sendotasuna unean uneko emaitzen mende dago?

Hala ez izatea da erronketako bat. Esaten dugu Udalbiltza kolore politikoetatik haragoko instituzio publiko bat dela, irekia, eta ahalik eta pluralena izan behar duela, eta aniztasun horretan lanean jarraitu behar dugula. Gure erronka da, egitasmo zehatzen bitartez, proiektuekiko atxikimendua eta inplikazioa lortzea. Elkar ezagutu behar dugu; sarri, eskualde bateko herritarrok ez ditugu beste batzuetakoak ezagutzen. UPN edo PPrekin ez dugu ezer lortu, baina gainerako alderdiekin harremana zabaltzen joan behar dugu.

Zer harreman duzue Eudelekin, Euskal Elkargoarekin eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioarekin?

Hirurekin elkartu gara, eta bakoitzarekin aztertu behar da zein proiektu motatan egin dezakegun bat. Nafarroan, tokiko entitateen maparekin ari dira, eta esan ziguten itxaroteko, baina badagoela aukera. Euskal Elkargoaren kasuan ere ideia ugari jarri dira mahai gainean, baina garatu, landu eta gauzatu behar dira.

Katalunian, AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartearekin harremanak landu dituzue, eta hango erreferendumean izan zineten, begirale.

Oso gertutik aztertu dugu Katalunian gertatzen ari dena. Oso rol garrantzitsua jokatu dute han hautetsiek, eta horiek koordinatzen jakin izan du AMIk. Uste dugu prozesuari begira eragile oso inportantea izaten ari dela. Azken batean, udal hautetsiak gara herritarrengandik gertuen gauden estamentua. Alde horretatik, eredugarria iruditzen zaigu udaletatik egiten ari diren lana, eta guretzat baliagarria da irakasgai moduan. Garrantzitsua da Euskal Herrian ere udalak saretzea eta antolaketa komuna aurrera eramatea. Erne egon behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.