Noiz sortua: 2018-04-20 00:30:00

François Heran. Soziologia irakaslea

«Argi da ahal zen guztia egin dugula etorkinak ez hartzeko»

Frantziak etorkin gehiago hartzen ahal dituela uste du irakasleak; haiek gizarteratzeko, frantsesa irakatsi behar zaiela deritzo. Europa ekialdeko estatuak eta Alemania jarri ditu integrazioaren adibidetzat.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Eneko Etxegarai Urain -

2018ko apirilak 20

Gaur eta bihar Immigrazioa bestela pentsatu, hemen berean ekin lelopean Baionan egingo diren jardunaldietan hizlari izango da François Heran soziologoa (Laon, Frantzia, 1953). Etorkinei egin harreran hamaseigarren postuan sailkatu du Eurostatek Frantziako Estatua. Horren zergatiak azalduko ditu bihar Baionako Arteen Gunean.

Zein da Frantziaren egoera immigrazioari begira?

Alemaniak baino hamar aldiz gutxiago egin dugu; Europako hamaseigarren postuan gara. Gauzak bere lekuan jartzen ditu horrek. Propaganda deseraikitzeko balio du. Ohiko immigrazioan, europarrak ez direnentzat Frantziak 200.000 egonaldi baimen ematen ditu urtero: familiak elkartzeko, ezkontzeko, nazioarteko ikasleentzat... Frantzia berezitua da halako etorkinen harreran; Alemaniak askoz gutxiago egiten du. Alemaniak, ordea, karitate indar ikaragarria du, guk ez bezala, nahiz eta baditugun ekinaldi lokalak. Gehienetan, sostengu juridikorako laguntzak ditugu.

Zer neurri hartu dituzte Europako beste estatuek?

Eskaerak tratatzeko instituzioak badituzte, eta onarpen gehiago ematen dituzte. Berlingo harresia erori zenetik, hiru krisi handi izan dira: Jugoslavia ohiko gerrak, Kosovo, eta Siria. Aldi guziz, proportzionalki, Alemaniak guk baino zortzi edo hamar aldiz iheslari gehiago hartu ditu. Beraz, hobeki egin dezakegu; horrek ez du erran nahi Alemaniaren heinera iritsi behar dugunik, problematikoa bailitzateke, baina harrigarria da Belgikak, Finlandiak, Herbehereek eta Luxenburgok baino bi aldiz gutxiago egitea.

Hamaseigarren leku hori nola azaltzen duzu?

Faktore asko dira, baina argi da ahal zen guztia egin dugula etorkinak ez hartzeko. Horretarako, kontuan hartu behar dira asilo eskaera kopurua eta estatuak onartzen dituenen kopurua. Alemaniak etorkinak erakarri ditu Merkelek harrera diskurtso bat zuelako, nahiz eta gero aldatu den. Frantzia operazio guneetatik urrunago da, Ingalaterra are gehiago, baina ez da aski horren azaltzeko. Esate baterako, herrialde eskandinaviarrak, nahiz eta oso urruti izan, biziki aktiboak izan dira. Ohiko immigrazioa hartzeko tresnak ditugu, baina ezohikoak errezibitzeko egiturarik ez izatea ondorioztatzen du.

Alta, ez da lehen aldia Frantziak immigrazioa ezagutzen duela.

1939an Francok Bartzelona hartu zuenean, 600.000 kataluniar edo errepublikanok muga pasatu zuten, eta oso gaizki tratatuak izan ziren. Bigarren Mundu Gerra iragan zen horren gainetik, eta kasik ahantzi dugu. Erretiradaren memoria hirugarren belaunaldia berreskuratzen dabil. 1962an, Aljeriako gerratik milioi bat herriratu genituen, bi hilabetez; eta 1980ko urteetan, 70.000 Vietnametik.

Bigarren Mundu Gerraren ostean, lanerako ere Ipar Afrikatik etorri zen jendea.

Ez ziren haiek etorri: gu joan ginen haien bila 1950eko hamarkadan, Marokora, Aljeriara, eta Kabiliara batez ere; nahiago genituen. Gero, konpentsatu behar zela pentsatu da, italiarren eta espainiarren bila joanez, eta portugaldarrengana ere bai. Garai batean, langile behartuak deitzen ziren. Hori asko egin zen, etenaldi batzuekin, 1974ra arte. Immigrazio garai handiak izan ziren: eraikuntza, meategiak, laborantza...

1950eko hamarkadako etorkinen bigarren belaunaldiak Frantziako gizartean etengabe azaleratzen ditu identitateari lotutako galderak. Horiek ere ez al dira hamaseigarren postuaren azalpena?

Erabat; krispazioa eragiten dute halako galderek. Jakin dugu haien bila joaten Europako beste herrialdeak baino fiteago, baina belaunaldi hori lan merkatura iritsi denean; langabeziaren garaian iritsi da masa. Lehen etorkin belaunaldiari bere egoeraz eta jasandako diskriminazioaz galdetzen diogularik, oro har aski pozik dago. Badakite irabazi egin dutela migrazioarekin, sorterrian daudenei konparatuz. Aldiz, haien haurrek ez dute beren burua alderatzen Aljeriako beren belaunaldiarekin, baizik beren adineko frantsesei, eta gaizki bizi dute, adin eta diploma berak izanik ere aukera ezberdinak dituztelako.

Bigarren belaunaldiaren arazoa ekonomikoa al da soilik?

Badira galdera kulturalak ere. Eskola ibilbidea lortzeko, familiaren ondare kulturala beharrezkoa da. Segur da immigratuen seme-alabek ez daukatela guraso frantsesek beren haurrei transmititzen dietena. Bourdieuk zioen bezala, eskolak gauza anitz irakasten baditu ere, kapital kulturalean asko hartzen du. Beste belaunaldi bat beharko litzateke ezberdintasuna berreskuratzeko.

Bigarren belaunaldiarekin integrazio arazoak baldin badira, nola egin orain datorren lehen belaunaldia integratzeko?

Bada gauza garrantzitsu bat: Alemanian, urtean 600 orduz alemana irakasten diete etorkinei; asko da. Gu 120-150 ordutan gara; luzaz gutxitu dugu frantsesaren irakaspena. Gure immigratuak kolonia ohietatik heldu zirenez, pentsatu dugu ez zela beharrik. Orain ulertu dugu frantsesaren irakaspena sustatzearen garrantzia.

Alta, bigarren belaunaldiak oso ongi daki frantsesez.

Jendea 15-20 urtez aztertu duten ikerketen emaitzak baditugu gaur egun. Segur da etorkinen lansarien batezbestekoa hizkuntzaren ezagutzari lotua dela, eta lurraldean daraman denborari. Hizkuntzaren ezagutzak gizarteratuagoa izateko balio du, eta eragina du lansari hobean. Frantziak gutxietsi egin du hizkuntzaren ezagutza. Kanadan eta Quebecen askoz gehiago landu dute gaia, eta emaitza ezin hobeak dituzte. Lehenago lotu behar ginen.

Kanadako eta Quebeceko gizarteak multikulturalak dira; Frantzia, ordea, asimilazioan oinarritzen da.

Ni ez naiz sartzen integrazioaren eta kultura aniztasunaren inguruko eztabaidetan; aski abstraktuak dira, eta ideologikoak.

Unibertsitate publikoan irakasten da gai hori.

Bai, baina jada oso egina den eztabaida bat da; gehiegizkoa da. Badira integratu nahi dutenak, asimilatu nahi dutenak; egin dezatela. Badira besteak. Adibidez, Euskal Herrian zuen identitate kulturala sustatzen ahal duzue edo ez.

Asimilazio sisteman, etorkinari kultura transmititzen zaio, berea baztertzen badu.

Nire barne konbikzioa da asimilazio eredua biziki teorikoa dela; formula ezberdinak badira, jendea libre utzi behar da. Batzuk emantzipatuko dira beren lotura kulturalez; besteek lotura elikatu nahiko dute, eta integrazio bikoitza egon daiteke. Bi kulturatako gurasoak dituen haur batek zergatik aukeratu beharko luke? Eredu aniztasuna badela ulertu behar du Frantziak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 6an eguneratua. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Hamalau positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta gaixo bat ospitaleratu dute. Euskal Herrian 29.843 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.096 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Haur bat, konfinamenduan, etxean jolasten. / ©Iñigo Uriz, Foku

Astelehenetik ireki ahal izango dituzte haur eskolak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Irati Urdalleta Lete

Hiru herrialde horietako herritarrek hiruretan mugitzeko aukera izango dute. Ostalaritzan ez da gehienezko edukierarik egongo, eta barran zerbitzatzeko aukera ere izango dute. Diskotekek eta gaueko tabernek itxita jarraitu beharko dute. Hogei pertsona arte elkartu ahal izango da, bai etxean eta bai kalean.

Atzo Villabonan egin zuten bertso saiora sartzeko segurtasun neurriak. / ©Gorka Rubio, Foku

Alarma egoera amaitu ondoren ere maskarak erabiltzea beharrezkoa izango da Hego Euskal Herrian

Jon Ordoñez Garmendia

Ehun euro arteko isunak aurreikusten ditu Espainiako Gobernuak prestatu duen dekretuak, maskara erabiltzen ez dutenentzat. Urgentziazko kasuetan Osasun Ministerioak eskuduntzak bereganatzeko aukera izango du berriro.

Herritar batzuk Debako (Gipuzkoa) parke batean, elkarren arteko distanziak zainduz. ©GORKA RUBIO / FOKU

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean ibili ahalko da astelehenetik aurrera

Jakes Goikoetxea

Espainiako Gobernuak jakinarazi du Hego Euskal Herria hirugarren fasera pasatzea onartu duela. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak izurritearen kudeaketaren kontrol osoa berreskuratuko dute

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna