Rolls-Roycek Senerri ITP erosi dio, baina Zamudion eutsiko dio egoitza nagusiari

720 milioi eurogatik erosi du aeronautika konpainia bizkaitarra. «Deskonfiantzarako arrazoirik» ez du ikusten Jaurlaritzak, aitortu arren nahiago zuela Sener ITPn egotea
ITP / BESTEAK

Jon Fernandez -

2016ko uztailak 12
Erabakigunea Euskal Herritik kanpora joateko arriskua hartu duen beste konpainia bat da atzodanik Zamudioko ITP (Industria de Turbo Propulsores). Rolls-Roycek osorik bereganatu du konpainia bizkaitarra, Sener euskal multinazionalari akzio guztiak erosita. Orain arte Getxoko Senerrek zituen ITP enpresaren akzioen %53 eta Rolls-Roycek %47; aurrerantzean, ITPko akzioen 100% izango ditu autogile britainiarrak, Senerri 720 milioi euro pagatu ostean. Erresuma Batuko taldeak, hala ere, iragarri du Zamudion mantenduko duela ITPren egoitza nagusia, eta eutsi egingo diola 3.113 laguneko lantaldeari ere —horietatik 2.258 Hego Euskal Herrian eta Espainian—.

Eusko Jaurlaritzaren esanetan, «ez dago arrazoi objektiborik jabe berriengan konfiantzarik ez izateko. Are gutxiago jabe berria Rolls-Royce denean, orain arte ITPren aliatu beharrezko eta estrategikoa izan delako». Hala ere, Gasteizko gobernuak aitortu du nahiago zuela Senerrek akziodun gisa jarraitzea, posizio txikiagoan bada ere. Erresuma Batuko taldea ITPren bazkidea izan da haren sorreratik Senerrekin batera.

Kontua da, Sener bizkaitarrak bere zatia saldu ostean, erabakigunea, praktikan, Londresera joateko aukera zabaldu dela, nahiz eta ITPren egoitza nagusia Zamudion mantentzeko konpromisoa agertu. Enpresen erabakigunea Euskal Herritik urruntzeko atea ireki duen antzeko beste kasu bat ere oraintsukoa da; izan ere, Gamesak Siemens alemaniarrarekin bat egitea iragarri zuen ekainean. Akordioa Siemensen aldekoa dela salatu du, esaterako, ELAk, eta kolokan gera daitezkeela enpresa eolikoaren euskal hornitzaileak.

Langileen «sorpresa»

ITPko langile batzordeak «sorpresaz» hartu du salmenta akordioaren albistea: «Ez zegoen inolako mugimendurik aukera hori gerta zitekeela pentsatzeko». Zuzendaritzak atzo eman zien salmentaren berri langileen ordezkariei, eta enpresak «lasaitasun mezua» helarazi zien, enplegua, plan estrategikoak eta indarrean dauden kontratuak bere horretan mantenduko direlako. Nolanahi ere, UGT, ELA, eta CCOO sindikatuetako ordezkariek osatutako langile batzordeak bilera bat eskatuko dio Ignacio Mataix ITPko zuzendari nagusiari akordioaren xehetasunen berri eman diezaion.

Erosketa bi urteko epean likidatuko da, eta Rolls-Roycek aukera izango du operazioaren erdia bere akzioen bidez ordaintzeko. Transakzioa 2017 hasieran ixtea espero dute bi aldeek. Erresuma Batuko taldeak azaldu du ITP bereganatuta adar zibileko motor handien programetako posizioa indartuko duela, eta baita adar militarrekoa ere. «ITP Rolls-Roycen konfiantzazko bazkidea izan da urte askoan. Inbertsio honek gure ahalmen aeroespazialak indartuko ditu», azaldu du Warren Eastek, Rolls-Royceko kontseilari nagusiak.

Jorge Sendagorta Senerreko presidentea ere pozik agertu da salmentarekin, eta «oso harro» 27 urtean ITPk lortu dituen emaitzekin. Ingeniaritza enpresa da Sener, eta hainbat adar ditu. Horietako batean, aeronautikoan, ITP izan du enpresa nagusi, motor aeronautikoen eta gas turbinen mundu mailako liderretako bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna