Albistea entzun

Rosana Triviño Caballero. Filosofia Moralean doktorea

«Aurkakotasuna dago objekzioa modu argi batean adierazteko»

Liburu batean aztertu du osasun arloko profesionalen kontzientzia eragozpena nola arautzen eta gauzatzen den. Iruditzen zaio sarriegi jotzen dela «obskurantismora» abortuaren kasuan: kalterako.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2015eko maiatzak 21

Bioetikarekin lotutako ikasgaien irakaslea da Coruñako Unibertsitatean (Galizia) Rosana Triviño Caballero (Almendralejo, Espainia, 1977). Aurretik, fisioterapeuta gisara egin zituen bere lan ibilbideko lehen urteak; osasunaren arloko profesional gisara, alegia. Gero Humanitate ikasketak egin, eta Filosofia Moralaren arloan egin zuen doktore tesia; kontzientzia eragozpena osasunaren arloan nola araututa dagoen ikusi nahi zuen: nola gauzatzen den. Behar bezala arautu gabeko eremua dela erakutsi zuen, eta babesik gabe lagatzen dituela usu pazienteak. Andrazkoen egoerak eragiten dio kezka, batez ere; profesionalek jarritako eragozpenengatik, haurdunaldiak eteteko trabak baitituzte usu. Hari horri tiraka, liburu bat argitaratu du: El peso de la conciencia. La objeción en el ejercicio de las profesiones sanitarias (Kontzientziaren zama. Objekzioa osasun arloko lanbideen jardunean). Lehengo astean Iruñean izan zen aurkezten. Oihartzuna izan dute haren hitzek, Nafarroako agintariek beti argudiatu baitute profesionalen kontzientzia eragozpena dela osasun zerbitzu publikoan aborturik ez egiteko motibo nagusia.

Abortua. Hitz horixe dator ia beti gogora osasunaren arloko profesionalen kontzientzia eragozpenaz aritzean. Beste hainbat gai ere ukitzen ditu, ezta?

Bai, zalantzarik gabe alorrik deigarriena horixe da. Baina ezkutuan badira beste hainbat eremu; esaterako, bizitzaren amaierarekin lotutakoak. Izan ere, heriotza ez dago definituta modu unibertsal batean; ezta osasunaren arloan ere. Eta horrek gatazka etiko eta moralak sortzen ditu. Badira, baita ere, gatazka berriak, esaterako orain Espainiak paperik gabeko etorkinei osasun zerbitzuak murrizteko egindako dekretuaren ondorioz sortutakoak. Beste zenbait herrialdetan, berriz, bestelako gatazkak sortu dira; badira profesionalak, adibidez, uko egin diotenak nesken birjintasuna egiaztatzen duten agiriak egiteari, edo eta apurtutako himenak jartzeko ebakuntzak egiteari.

Pluralismo politikoa eta morala dauden heinean, beti egongo dira ezarritako arauen aurrean ihesbidea eskatzen duten profesionalak. Baina nola bateratu hori pazienteen eskubideekin?

Horixe da arazo nagusia. Eta horixe agerian geratu da, hain zuzen ere, Nafarroan abortuaren gaiarekin. Argi dago kontzientzia eragozpena tresna on bat dela: aintzat hartu behar da, eta ezin zaio uko egin. Baina salbuespen bat izateari ezin dio utzi. Nafarroan bertan inork ez daki zenbat diren kontzientzia eragozleak, eta behin baino gehiagotan hainbat profesionalek argi utzi dute prest daudela haurdunaldiak eteteko. Profesional horiek diote, ordea, ez dutela sostengu instituzionalik, eta erakundeen partetik mediku guztiak batzen dituen nolabaiteko adostasun bat erakutsi nahi dela, benetakoa ez bada ere.

Kontzientzia eragozpenaren abusua da Nafarroakoa?

Obskurantismoa badago, gardentasuna falta bada, abusuak gerta daitezke, jakina. Onartezina da sistema publikoak zerbitzu bat onetsita badu, pazienteak hori gabe uztea. Kontzientzia eragozpena babestu egin behar da, ados; baina zerbitzu publiko bat onartuta badago, bermatu behar da.

«Obskurantismoa», diozu. Kontzientzia eragozleek ez dute behar adinako informaziorik ematen hartutako erabakiei buruz?

Oinarrizkoa iruditzen zait profesionalek bere jokabidearen zergatiak aurkeztea: argudioak ematea. Eta, baita ere, esplikatzea, esaterako, zein kasutan dauden haurdunaldiak etetearen aurka; izan ere, abortu guztiak ez dira berdinak. Andre batek bikiak dakartzalako abortu bat egin nahi ez izatea gauza bat da; baina agian gainerako kasuetan bat dator. Osotasunean uko egitea ez zait egokia iruditzen. Izan ere, gerta daiteke haurdun dagoen andre baten bizitza jokoan egotea ere. Eta kasu horretan ere zer egin behar da? Ez aborturik egin? Baina ez da lortzen benetako gardentasunik gai horien inguruan; ez dakit ondo zergatik, baina erresistentzia handia dago. Hori konpontzeko bide bat litzateke kontzientzia eragozleen zerrendak egitea, baina erabaki hori ez da inon funtzionatzen ari: ez Nafarroan, ez beste inon ere.

Baina osasunaren arloko profesionalak ez daude legez behartuta beren erabakiaren zergatiak modu ofizialean ematera?

Legez, bai. Abortuaren inguruko legeak arautzen du kontzientzia eragozpena; eta jartzen du profesionalak idatziz eman behar duela bere erabakiaren berri, eta garaiz, lantaldean lana antolatu ahal izateko. Baina egun hori egiten ari den? Ezin da jakin. Barruan ari den jendeak daki hori, baina mundu guztiak jakiteko moduan, behintzat, ez da egiten. Aurkakotasun handia dago profesionalen partetik objekzioa modu argi batean adierazteko. Pentsatzekoa da norbaitek arauaren kontrako desobedientzia egiten badu, horretarako argudioak ikusten baditu, horren aldarrikapena egin behar lukeela. Ez dirudi oso logikoa isilarazteko joera horrek... Gogoratu ditzagun soldadutzaren kontra zeuden objektoreak; haiek aldarrikatu egiten zuten beren ikuspegia, eta batu egiten ziren horren inguruan. Abortuaren kasuan, pribatutasuna argudio gisara hartuta, ez dute nahi agerian geratzea. Baina zuk egiten duzunak beste pertsona batzuengan eragina badu, ezin zara ezkutuan geratu. Gogoan hartu behar da, gainera, legeak esaten duela kontzientzia eragozpena aintzat hartuko dela betiere abortuak egin nahi dituzten emakumeei eman beharreko zerbitzuak betetzen badira, eta bigarren parte hori askotan ahaztuta geratzen dela. Ondorioz, usu erietxe pribatuetara joan behar dute andreek, edo beren bizilekuetatik urrun, beste erkidego batzuetara. Arazoak dakartza horrek, eta senti dezaketen erruduntasuna ere handitzen da.

Badute osasuneko profesionalek aski informazio eta trebakuntza gai horren inguruan?

Segur aski, ez. Usu galdetzen dute bide hori hauta daitekeen horretarako modurik ematen ez duten egoeretan; esaterako, inoiz edo behin kontzientzia eragozpena erabili izan da arrazoi erlijiosoengatik odol transfusiorik egin nahi ez zuen pazienteren bati odola emateko. Baina kasu horietan ez dago balekoa den kontzientzia eragozpenik; ezin duzu inor nahi ez duen zerbait egitera derrigortu.

Kasu horretan pazientearen autonomia gailentzen da, ezta? Eta gero eta nabarmenago, gainera.

Hain zuzen ere. Baina zenbaitetan jo izan ohi da kontzientzia objekzioa erabiltzera konpontzen zailak diruditen arazoei irtenbidea emateko, ebazteko. Eta horrek ez du horrela izan behar. Medikuak argi izan behar du gai batean aditua izateak ez diola moralki aparteko nagusitasunik ematen; irekita egon behar du beste errealitate batzuen aurrean, sentibera. Izan ere, aurrean duen pertsonak bere bizitza eta balioak dituela ulertu behar du. Garai batean inork aurre egin ezin zion figura zen medikuarena; aita bat, nolabait ere. Baina herritarrok eskubideak hartu ditugun heinean, aldatu egin da egoera. Jendeak akaso medikuntzaz ez daki, baina badaki beretzat zer nahi duen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zaldibarko zabortegiko egituratze eta egonkortze lanak, 2021ean. ©BERRIA

Zaldibarko Zabortegiaren gainean industrialde bat eraiki zitekeen aztertzeko eskatu zuen Jaurlaritzak

Imanol Magro Eizmendi

Txostenak ez eraikitzea aholkatu du, askotariko arrazoiengatik, baina haien artean ez dago Joaquin Beltranen gorpuak bertan dirauela. Sprilur agentziaren bitartez egin zuen eskaera

Donostia ospitalea, artxiboko irudi batean. ©JON URBE / FOKU

Lehen azterketen arabera, Donostian ospitaleraturiko andreak ez du ebolarik

Edurne Begiristain Arantxa Iraola

Eria ondo dagoela eta herritarrentzako arriskurik ez dela esan du Xabier Zubeldia medikuak. Gaitz tropikaletarako protokoloa martxan dute
Nekane Arratibel irakasle eta ikertzaileak <em>Zer behar dute gazteek?</em> jardunaldietan parte hartu zuen atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Euskara, gazteen ikuspegitik

Olatz Silva Rodrigo

Lehen mailako ikasleen profil linguistikoa ezagutzeko ikerketa egin du Mondragon Unibertsitateak. Azterlanaren arabera, testuinguruak eragina dauka gazteen hizkuntza ohituretan eta hautuetan
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Periferia maiz deserosoa da, eta injustizia ere bada»

Gotzon Hermosilla

Euskarari eta euskal kulturari dagokionez periferian dauden gazteek «euren zentroak» sortzen dituztela azaldu du Jauregizuriak, eta hori «balioetsi» behar delakoan dago.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.