Joan Benach. Medikua

«Gaixotasuna eta sendagaia enpresa berak sortzen ditu»

Osasun sistemaren pribatizazioa izan du Benachek mintzagai Bilbon. Mozkin ekonomikoak lortzeko asmoz, eritasunak asmatzen eta osasun prozesuak medikalizatzen dituzte konpainia handiek, azaldu duenez.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Joan Benach (1957, Bartzelona) Medikuntza lizentziaduna da, eta Zientzia Politiko eta Sozialen sailean egiten du lan Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Osasun publikoa eta lan osasuna ditu aztergai eta irakasgai. Horrez gain, GREDS/CONNECT ikerketa taldeko zuzendaria da: osasun baldintzak, lan baldintzak eta desberdintasun sozialak ikertzen dituzte. Bilbon izan da egunotan, osasun sistemen pribatizazio prozesuen inguruko Medicus Mundik antolatutako jardunaldi batzuetan. Azaldu duenez, osasun publikoa borroka sozialak defendatu behar du: «Aldaketen mendea da, eta ikasteko eta borrokatzeko gaitasun kolektiboa izan behar dugu».

Publikoa eta pribatua. Termino zabalegiak egungo sistema sozial eta ekonomikoa ulertzeko.

Tradizionalki, publikoa estatuak daukana da, estatuaren ondasuna. Esan izan da zerbitzu publikoa dela populazio guztiari zerbitzu bat ematea, edonork ordainduta ere, eta nolanahi dela ere. Ideia sinpleegia da. Publikoa eta pribatua denaren dimentsioak ezagutu eta ulertu behar ditugu, eta gaur egun ez dira hain zehatzak. Pribatuaz eta pribatizazioaz hitz egin beharrean, merkantilizazioaz hitz egin behar da. Modu horretan argiago ikus daiteke zerbitzu bat nork ordaintzen duen, nor den jabea, nor den kudeatzailea, nola kudeatzen den, zein eragin izango duen, eta dirua nora doan.

Osasuna merkantzia bilakatzen ari da?

Osasunaren merkantilizazioa goraka doa. Hori aipatzen dugunean, arreta zerbitzu bat, ebakuntza bat, tratamendu bat... merkantzia bihurtzea esan nahi dugu. Osasuna eskubide bat da, ala merkantzia bat? Hori da funtsezko galdera. Guztiok dugu sarbidea osasun zerbitzuetara, ala zerbitzu hori ordaintzen dutenek soilik?

Eta helburua dirua irabaztea da?

Kontuan hartu beharreko beste ideia bat osasunaren medikalizazioa da. Zerbitzu mediko asko lar medikalizatuta daude. Horrek esan nahi du beharrezkoak ez diren zenbait osasun prozesu daudela: kirurgikoak, tratamenduak... eta prozesu horietarako produktuak ekoizten dituzten enpresak aberastu egiten direla. AEB Amerikako Estatu Batuetan argi eta garbi ikus daiteke hori. Diru mordoa xahutzen dute osasun publikoan, munduan gehien inbertitzen den lekua da. Baina, halere, ez dago herritar guztientzako arreta medikorik. Batzuek gehiegi jasotzen dute, eta beste batzuek ezer ez. Ez dago orekarik.

Zika birusari buruz esan izan da farmazia industria batek nahita sortu duela.

Zikaren kasua ez dut ondo ezagutzen, eta ezin dut horren inguruan berba egin. Fenomeno berri bat da. Baina, bai, gaixotasuna eta antidotoa pertsona edo enpresa berak sortu ohi ditu. Eta mafia gisa jarduten dute. Ingelesez, disease mongering terminoa dute: gaixotasunak artifizialki sortzea esan nahi du. Badaude ezagutzak, teknikak, lobby-ak, presioa... prozesu artifizial bat gaixotasun bat dela esateko. Osasunarekin lotutako zenbait prozesu ditugu inguruan: medikuntza estetikoa, adibidez. Oinarrian ez da osasun gai bat, baina batzuetan osasun arazo bihurtzen da, edo bihurtzen dute. Emakumeen disfuntzio sexuala ere gaixotasun bihurtu zuten. Eta, nola ez, gaixotasun bat badago, sendagai bat ere bai, eta botikak. Beste adibide bat: hipertentsio arteriala; ustezko mugak moldatzen badituzu, ustezko gaixo gehiago egongo dira, eta botika gehiago salduko dituzu.

TTIP akordioak osasun sistema publikoa kolokan jartzen duela salatu dute.

Osasun publikoa suntsitzea da TTIP akordioaren helburuetariko bat, edo zehatzago esanda, osasun publikoa amerikartzea. Dirua duenak osasun arreta ona izango du, klase ertainekoak erdizkakoa, eta pobreak ongintza edo ezer ez. Horixe da sistema estatubatuarra. Sekretupean eraman dute dena, eta informazioa oso nahasgarria zen. Ustelkeria eta negozioa da nagusi. Egunkari batzuek TTIP akordioaren berri eman zuten, eta horiei esker enteratu gara zenbait gauzaz.

Nola neurtzen da osasun zerbitzu baten kalitatea?

Espainiako Estatuan frankismo garaian osasun publikoaren egoera ahula zen. Eta 1986. urtean aldaketa gertatu zen, osasun publikoaren lege orokorra onartu zenean. Sistema unibertsal publikoa sortu zen, estaldura ia unibertsalarekin: zerbitzuak ez ziren erabatekoak, baina bai nahiko onak. Gero, osasun sistema deszentralizatu egin zen autonomia erkidegoetan; ez zen eredu perfektua, baina eredu ona zen. Ez zegoen oinarrizko zerbitzurik, eta lan osasuna, ingurumen osasuna, buru osasuna... bazterturik zeuden: oso gutxi inbertitzen zen zerbitzu horietan, eta oso ahulak ziren. Gastu farmazeutikoa, ordea, gehiegizkoa zen. Dena den, eredu ona zen, eta erreferente bilakatu zen, baita nazioartean ere. Baina azken zortzi edo hamar urteotan, murrizketak hasi dira, eta osasuna merkantilizatzeko espazioak zabaldu dira; prozesu merkantilista horien sorreran agerikoa da, eta presio handia egiten dute. Edozein modutan, zerbitzu publikoa nahiko ona da oraindik.

Irabazitakoa galtzen ari da?

Esango nuke baietz. Teknologia aldatu da, eta zerbitzuak ez dira berdinak. Osasunaren Mundu Erakundeak 1978an esan zuen 2000. urtean guztiontzako osasun arreta egongo zela, baina martxa honetan 3000. urtean ere ez da egongo. 2016an gaude, eta atzeraka goaz.

Osasun sistema publiko duin bat sortzeko bidean, zein pauso eman behar dira?

Osasuna desmerkantilizatu eta desbiomedikalizatu behar da. Izan ere, botikak eskuratu ezin dituen jende asko dago, baina badaude beste asko abusatu egiten dutenak. Diru publikoarekin ordaindutako presio komertzial handiaren ondorioa da hori. Bestalde, osasunaren determinante sozialei garrantzia eman behar zaie; desberdintasun sozialetan arreta jartzea berebizikoa da. Horretarako, oinarrizko zerbitzuak bermatzea, esaterako, elementu garrantzitsua da. Era berean, osasun zerbitzu parte hartzailea sortu behar da, erabiltzaileei ere hitza emateko. Zenbakiak bezala tratatzen dira eriak eta bezeroak; osasun sistemak gizatasuna galdu du. Lan osasuna, buru osasuna, genero biolentzia... ere osasun sistema publikoan txertatu beharko lirateke.

Batzuetan, osasun gaietan, informazio desegokia ematen dute erakundeek. Nahita?

Sektore pribatuarekin negozioa egin nahi baduzu, sistema publikoa ahuldu, moteldu, erabilgaitz bihurtu behar duzu. Eta jendeak hori ikus dezala, jabetu dadila. Arreta publikoari kalitatea kenduz gero, dirua duen jendea mutua batera joango da. Horixe gertatzen ari da: gero eta gehiagok ematen dute izena mutua pribatuetan, eta mutuen mozkinak areagotu egin dira. Mutua bat ordaindu ezin duenak ezin izango du ezer egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.