Ukrainak onartu du NBEren misio batek giza eskubideen urraketak ikertzea

NBEk bi aldeen jokabidea salatu du.

Borrokak izan dira hegazkina eroritako inguruan.

Moskuk Mendebaldeari leporatu dio gatazka bideratzeko proposamenik ez egitea
Armadak Horlivka hiria bonbardatu du asteburuan.
Armadak Horlivka hiria bonbardatu du asteburuan. IGOR KOVALENKO / EFE

Adrian Garcia -

2014ko uztailak 29
«Zuzenbide estatua ez da existitzen; indarkeriak ordezkatu du». Ukraina ekialdeko egoerari buruz ohartarazi du NBEk. Giza eskubideak ez errespetatzea leporatu die Ukrainako armadari eta matxinoei. Bi aldeek erabiltzen dute artilleria astuna zibilak dauden guneetan. Ukrainako Gobernua kritikatu du, halaber, gatazkaren ondorioz etxea utzi behar izan duten 100.000 lagunentzako epe ertainera begirako konponbiderik ez aurreikusteagatik. Ukrainako Parlamentuak onartuta, NBEko Giza Eskubideen Goi Bulegoko misio bat joango da gatazka gunera. Malaysia Airlineseko MH17 hegaldiari buruz ere jardun du erakundeak: «Gerra krimena izan daiteke». Guztira, 1.129 hilketa zenbatu dituzte ekainetik; 3.442 dira zaurituak.

Luhansk eta Donetsk hiriak oraindik gotortuta egon arren, borrokak hegazkinaren ezbeharraren ingurura zabaldu dira. Ezerezean geratu da Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak gune horretan ezarritako menia. Ukrainako soldaduen eta matxinoen borroken ondotik, Herbehereetatik eta Australiatik joandako adituek bertan behera utzi behar izan dute ezbeharraren guneko azterketa.

Matxinoak inguratu nahian

Aurrera egiten ari da Kiev inguru horretan. Soldaduak Debaltseve hirian sartu dira, ezbeharraren gunetik 35 kilometrora, iturri militarrek adierazi dutenez. Savur-Mogila gune estrategikoa ere hartu dute, jakinarazi dutenez, baita Xakhtiorsk eta Torez hiriak ere, denak Boeing-777 hegazkina eroritako inguruan.

Ukrainako armada ezbeharraren gunea inguratzen ari da, matxinoak hortik kanporatzeko asmoz. «Bestela, ez dute ihesbiderik izango. Gunea utz dezaten behartuko ditugu», azaldu du armadako bozeramaile Andrei Lisenkok. «Gure indar guztiak jarriko ditugu matxinoek eremutik alde egin dezaten, nazioarteko adituek bertatik bertara ikertu eta ahalik eta froga gehien jaso dezaten, auzia argitzeko». Ukrainako armadaren bozeramaileak ukatu egin du ezbeharraren inguruan ezarritako su-etena hautsi izana. 40 kilometroko erradio batean erasorik egingo ez zutela esan zuen Ukrainako presidente Poroxenkok. Horlivka hiria erasotzeko ere prestatu da armada, Donetsketik gertu.

Ukrainako hedabideek zabaldu dutenez, armadako Aidar batailoiko 20 kide hil zituzten matxinoek Lutugino herrira sartzen saiatu zirenean, Luhansk hiriburutik hamar kilometrora. Kievek ez du baieztatu kopuru hori.

NBEren arabera, matxinoak «profesionalizatu» egin dira, eta talde bateratu gisa hasi dira borrokatzen. NBEk dio talde horietako buruzagi batzuek errusiar herritartasuna dutela. «Lehen talde armatu anarkikoak ziren, baina aginpide baten barruan ari dira batzen».

Herbehereak eta Australia

Kieven izan zen atzo Frans Timmermans Herbehereetako Atzerri ministroa. Ukrainako agintariekin adostu zuen ezbeharra ikertuko duen nazioarteko polizia talde bat ezartzea. Misioaren helburua izango da gorpuzkiak eta hegazkinaren hondakinak berreskuratzea bermatzea. Australiako Atzerri ministro Julie Bishop ere biltzekoa da Kieveko ordezkariekin.

Akordio horri oniritzia eman behar dio parlamentuak. Poroxenkok uste du akordioa «luze gabe» onartuko dutela. Parlamentariak aste honetan dira biltzekoak. Joan den astean, 63 polizia eta militar bidali zituen Amsterdamek, hegazkinaren hondakinak eta gorpuak berreskuratzeko lanetarako. Parlamentuak misio hori onartuz gero, auzi mediku eta aditu gehiago bidaliko dituzte. Australiak esan du 50 polizia bidaliko dituela, eta Malaysiak, beste 68. Hiru herrialde horietakoak ziren bidaiari gehienak.

Errusiak NBEko Segurtasun Kontseiluaren esparruan nahi du misio hori eztabaidatu. Mendebaldeak matxino errusiazaleei leporatzen die hegazkina eraistea. Mosku egiten du erantzule, matxinoei armak eman dizkielakoan. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak herrialde horien jarrera kritikatu du, gatazka bideratzeko proposamenik ez egiteagatik. «Zein izan da haien ekarpena gatazka baretzeko?». Lavrovek dio Mendebaldeak lelo bera errepikatzen duela: «Zigorrak egongo dira Errusiak jarrera aldatu arte». Atzerri ministroak azaldu du ez dakiela zer eskatzen dion Mendebaldeak. «Mendebaldeak eskatuta babestu genuen otsailaren 21eko akordioa, Genevako akordioan eragile aktiboak izan ginen, ESLAren bide orria babestu genuen —Mendebaldeak ez zuen babestu—, eta mugak zaintzeko behatzaileak proposatu ditugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna