Merkatuek galera handiekin erantzun diete Tsiprasen lehen neurriei

Troikak aurreko gobernuari inposatutako zenbait erabaki atzera bota ditu Greziako gobernu berriak.

Atenasko burtsak %9,24 galdu du.

Bihar hasiko dira negoziazioak
Greziako gobernu berria, ministro eta ministrorde guztiekin, atzo, Parlamentuaren sarreran.
Greziako gobernu berria, ministro eta ministrorde guztiekin, atzo, Parlamentuaren sarreran. PANTELIS SAITAS / EFE

Iker Aranburu -

2015eko urtarrilak 29
Euroguneko beste gobernuekin negoziazio zailei ekiteko bezperan, boterera eraman duten promesetako batzuk betetzen hasi da Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa. Bertan behera utzi ditu troikak aurreko gobernuari inposatutako zenbait neurri; besteak beste, gutxieneko soldataren jaitsiera, Pireoko portuaren eta DEI argindar konpainiaren pribatizazioak eta osasun sistemaren berrordainketa. Beste keinu bat azken 270 egunotan Finantza Ministerioaren aurrean kanpaldia egin duten 595 garbitzaile kaleratuekin izan du gobernu berriak, berriro lanean jarri baititu.

Europako Batasuneko bazkideek diskrezioz erantzun diete erabaki horiei, baina ez, ordea, merkatuek. Syriza ezkerreko koalizioaren garaipenaz geroztik beheraka doa Atenasko burtsa, eta atzo %9,24 galdu zuen, bankuek bultzatuta: Piraeus Bankek %29,26 galdu zuen, Alpha Bankek %26,76, Eurobankek %25,93...

Beste inork baino gehiago behar dute bankuek Europarekiko akordioa, hura gabe Europako Banku Zentralaren dirurik gabe geratuko direlako eta porrot egin. Giro horretan, azken urteotan errentagarritasun handien abaroan Greziako bankuetara hurbildutakoak akzioak saldoka ari dira saltzen. Atenasko gobernu berriak zorra pagatzeari uzteko aukerak 948 puntutik 1.040ra igo zuen arrisku saria. Hamar urteko zorrak %10,7ko interesa ematen du, maila onartezina Greziak merkatuetara itzuli behar izango balu. Merkatuen erreakzioa oharra da Tsiprasentzat: Europarekin akordioa lortu ezean gauzak oso zail izango dituela esan diote.

«Aldaketa erradikalak»

Greziako gobernu berriaren lehen bilera Tsiprasen 20 minutuko hitzaldi batekin hasi zen. Hango iritzi publikoa ez ezik Europakoa ere adi zegoenez, batarentzako zein bestearentzako mezuak zabaldu zituen. Batez ere barrura begira, agindu zuen administrazioan eta gizartean «aldaketa erradikalak» egingo dituela, besteak beste Grezia modernoaren bi ezaugarrirekin bukatzen saiatzeko: klientelismoa eta ustelkeria. «Gizartearen interesen aurka funtzionatzen zuen estatuarekin amaitu behar dugu», aldarrikatu zuen. NDren eta Pasoken agintaldietan oso zabalduta egon diren praktikak dira biak, eta sektore batzuen erresistentzia espero da. Urrunago joan gabe, Finantza Ministerioak berriro hartuko dituen 595 garbitzaileetako batzuk beste arrazoi eta zereginetarako kontratatu zituzten susmoa dago.

Ika-mikak izango dira Tsiprasek serio jokatzen badu zerga iruzurraren aurkako borrokan. Troika bera etsita agertu zen Antonis Samarasen gobernuak ezer gutxi egin zuelako aberatsenek ere zergak ordain zitzaten. Edonola ere, iruzurra nahiko errotuta dago aberatsak ez direnen artean ere. Esanguratsua da abenduan zerga bilketak sekulako jaitsiera izan zuela, zergapeko askok ulertu zutelako Syrizak ez zuela haien aurka egingo.

«Salbazio nazionalerako» gobernuaren lehentasuna bost urteko austeritateak sakondutako eskasia arintzea izango da. «Greziarrik ez da geratuko laguntzarik gabe, janaririk gabe, argindarrik gabe», agindu zuen Tsiprasek. Horretarako, «guztien onerako konponbidea» bilatu behar dela esan zien Greziaren hartzekodunei, «elkarri txikitu gabe». Giannis Varufakis Finantza ministroak ere giroa baretu nahi izan zuen: «Europako bazkideek onartu egin dute gobernu berria eta berriro hasteko aukera dago, Greziarentzat ez ezik, Europa osoarentzat ere. Ez da izango duelorik edo mehatxurik, eta inork ez du galdetuko nor eroriko den lehenengo».

Orain arte hedabideen bidez edo telefono bidez esandakoak aurrez aurre esateko parada izango dute gaurtik aurrera Greziako agintari berriek eta Europako agintari zaharrek, Atenasera joango baita Martin Schultz Europako Parlamentuko burua —Alemaniako SPDkoa—. Baina hark negoziazioetan ezer gutxi du esateko, eta bai, ordea, Atenasen hurrengo bisitariak: Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko lehendakariak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna