Kataluniako hauteskundeak. Maria Sirvent. CUPeko diputatugaia

«Hemendik aurrera sendoago jokatuko dugu, zentzu orotan»

Urriaren 1eko erreferendumean «indartu zen herriaren nahia abiaraztea» izango da CUPen helburua bozen ondoren, Sirventek aurreratu duenez, aldebakarreko errepublika aldarrikapenari eutsiz.
DANI CODINA

Saioa Baleztena

2017ko abenduak 7
Maria Sirvent abokatua da (Bartzelona, 1987) CUPeko zerrendetako hautagai berrietako bat. 2015eko maiatzetik Terrassako zinegotzia zen, harik eta Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Katalunian deitutako hauteskundeetarako CUPeko hautagai izendatu duten arte. Errepresioaren kontrako mugimenduaren erreferenteetako bat da, eta genero gaietan espezializatua dago. Bozen osteko ibilbidea berria izango du, eta aitortu du errespetuz abiatuko duela, baina ilusioz.

Abokatu izanik, zer deritzozu Espainiako Auzitegi Gorenak Puigdemonten kontrako euroagindua bertan behera utzi izanari?

Badirudi estrategia hutsa dela. Antza, Belgikako auzitegiak baztertuko dituelako Espainiako Auzitegi Nazionalak leporatuak zituen matxinada eta sedizio delituak. Horrela, auzipetuta daude oraindik, eta zigor berak dituzte bizkar gainean, baina estraditatzeko agindurik gabe.

Begi onez ikusi zenuten zuek presidentea eta kontseilariak Bruselara joateko erabakia?

Errepresioaren aurrean erabiltzen den defentsa baliabide oro errespetatzen dugu. Hori bai, disidentzia politikoa ukatzen duten hainbat errepresio kasu izan ditugu CUPen ere, eta guk talde estrategiaren bitartez kudeatu ditugu.

Zer iritzi duzu aste honetan Gorenak Oriol Junqueras, Joaquim Forn, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez espetxeratuta mantentzeko hartu duen erabakiaz?

Argi dago erabakia ez datorrela bat irizpide juridikoekin, eta Espainiako Justizian ohikoa den bezala, irizpide politikoetan oinarritu da epaia.

Nola eragiten du testuinguru honek abenduaren 21eko hauteskundeetan?

Tira, Maria Dolores de Cospedalek [Espainiako Defentsa ministroak] aitortu du bozetara deitu dutela konstituzionalistek irabazteko asmoz. Hauteskunde Batzordea buru-belarri ari da preso politikoen askatasuna aldarrikatzen duen sinbologia guztia debekatzen, baina gure egoitza aurrean antolatzen diren agerraldi faxistak egiten, aldiz, uzten du. Kanpainan murgilduta gaude, eta jazarpenak ez du etenik: atzo Kataluniako Estatistika Institutuan izan zen Espainiako Polizia; Kataluniako hainbat tokitan kartelak bahitu zituzten kanpainako lehen egunean, eta hamaika adibide gehiago daude. Kanpaina hau ez da garatzen ari normaltasun baldintzetan, baizik eta salbuespen demokratikoaren barruan.

CUPek, hala ere, onartu du Mariano Rajoyk inposatutako hauteskunde hauetan parte hartzea. Zaila izan da erabakia?

Jokaleku guztiak aztertu ondoren erabaki genuen parte hartzea; izan ere, esku artean ditugun lanabesen artean beste bat da hau. Gure helburua da urriaren 1eko erreferendumean indartu zen herriaren nahia abiaraztea, eta CUPen funtsa errespetatuko duen proiektu politikoaren bitartez egingo dugu hori: gure dinamikak lehenetsiz, eta baldintzaturik egon gabe.

Azken hauteskunde autonomikoetan emaitza onak izan zenituzten: hirutik hamar aulkira pasatu zineten. Nola aurreikusten dituzue oraingo emaitzak?

Baikortasunez aurre egingo diegu bozei. Argi dugu atzera begiratuta 155. artikuluaren aplikazioa eta eskubideen gainbehera dagoela bakarrik. Beraz, gogotsu gaude: laneran jarraituko dugu herritarrak iritsi diren tokira erakundeak ere irits daitezen.

Aurreko legealdira begiratuz, CUPek babestu egin zituen Junts Pel Siren bide orriak. Zer iruditu zaizue bilakaera?

Junts Pel Sik aurkeztu zuen batasun zerrenda horretan parte hartzea arbuiatu genuen, proposamen hark biltzen zuelako independentzia hemezortzi hilabetean gauzatzea, legetik legera. Guk ez genuen abiapuntu hori babestu, besteak beste, hasieratik genekielako independentzia ez zela horrela iritsiko, Junts Pel Sik aurkezten zuen prozesismo magiko hartatik. Espainiako Estatu autoritarioak bere esku dituen baliabide guztiak erabiliko baititu independentzia blokeatzeko. Guretzat erreferenduma funtsezkoa zen, alderdi politikoen baldintzarik gabe herritar orok erabil dezakeen lanabes demokratikoa delako. Jakina da aurrekontuen gaiarekin Junts Pel Siren aldetik mesfidantza zuela gurekin. Baina aurrekontuak onartu genituen, eta erreferenduma egin zen, baina, noski, bidea kontraesanez beteta egon da.

Zein dira CUPek aurrerantzean saihestu beharko dituen hanka-sartzeak?

Autokritika beti da beharrezkoa, baina orain aurrera begiratu behar dugu errepublikaren eraikuntzan amorerik eman gabe. Edozein modutan, CUPek argi du hurrengo legealdian ez dugula autonomismoa kudeatuko, 2012an parlamentuan sartu ginenetik egin ez dugun bezala. Hemendik aurrera, sendoago jokatuko dugu, zentzu orotan.

Errepublikaren eraikuntzan, hala ere, orain ERC eta Junts Per Catalunyak zalantzan jarri dute herritarren oinarri sendo nahikorik dagoen aldebakarreko bidetik jarraitzeko. Nola hartu dituzue zuek baieztapen horiek?

Ez dakit zenbat froga gehiago behar dituzten egiaztatzeko Katalunia prest dagoela aldebakarreko bidea egiteko. Urriaren 1arekin aski ez, eta urriaren 3ko eta azaroaren 8ko greba orokorrak Kataluniaren nahiaren erakusleiho izan ziren. Jendearen indarrak xakean jarri du behin eta berriz Espainiako Estatua. Herri mobilizazioa geroz eta handiagoa da. Guk ere nahiko genuke adostutako erreferenduma, testuinguru horrek esan nahi baitu oinarrizko eskubideak errespetatzen dituen estatu bat dela Espainiakoa. Aldebakarreko bidea erabat inposatu digute.

Baina, Espainiako Gobernuaren errepresioa ikusita, aldebakarreko bidetik ere, egingarria da errepublika?

Noski, ahalik eta ordezkari politiko eta sozial gehien bilduta. Ez da egun batetik besterako erronka izango. Mantso joango gara, baina urruti iritsiko gara.

Joan den asteburuan, kanpaina hasi baino 48 ordu lehenago, CUPeko idazkaritza nazionaleko hamabost kideek jakinarazi zuten batzordea utziko dutela. Eraginik ba ote du erabakiak hauteskunde kanpainan?

Inola ere ez. Gogoratu behar dugu hemezortzi hilabete gogor izan direla, eta haiek dagoeneko bete dutela antolakuntzarekin zuten konpromisoa. Kide berriak iritsi arte, haiek lanean jarraituko dute, orain arte bezala.

Higadurarik badago CUPen?

Hau proiektu kolektiboa da, eta jende askok modu altruistan militatzen du, proiektu honetan sinisten dutelako. Higadura baino gehiago, esango nuke funtsezkoa den txandaketa baten beharra dagoela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna