Grezia. Hauteskundeen atarian. Yannis Milios. Syrizako ekonomia burua

«Erakutsi nahi dugu arazoa politikoa dela»

«Seguru» dago Milios ezkerreko koalizioak irabaziko dituela bozak, eta helburu nagusitzat Greziako «giza krisia» konpontzea du. Horretarako ezinbestekotzat jotzen du zorraren berregituraketa bat.

SYRIZA.
Jon Fernandez.
Atenas
2015eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Lau egun barru, greziarrek beren legebiltzarra berrituko dute. Greziaren geroa ez ezik, neurri batean eurogune osoarena ere badago jokoan, batez ere inkestak bete eta Syriza ezkerreko koalizioak irabazi eta erreskatearen baldintzak aldatzen saiatzen bada. Egin beharrekoa hori dela uste du Syrizako burmuin ekonomikoak,Yannis Miliosek. Atenasko Unibertsitate Tekniko Nazionaleko politika ekonomikoko irakaslea da Milios, eta 62 urte ditu. Munduko bazter guztietatik ari da etengabe mezu elektronikoak eta deiak jasotzen egunotan. Kazetariak, analista ekonomikoak, inbertitzaileak, EBko politikariak... denak ditu atzetik. Hala ere, adeitsu hartu du tarte bat BERRIArekin solasaldi bat izateko. Oso gertukoa da berbetan, eta zuzenean jotzen du muinera.

Hauteskundeak Syrizak irabaziko dituela uste duzu?

Seguru nago. Denek espero dute Syriza izatea lehen alderdia. Kontua da parlamentuan gehiengoa izango dugun ala ez. Konfiantza dut lortuko dugula gehiengo hori.

Lortuko ez bazenute, norekin egingo zenituzkete aliantzak?

Gehiengoa lortzen badugu, gure programa beteko dugu, beste alderdiekin negoziatu behar izan barik. Gehiengo osorik ez badugu, oso zaila da esatea zeinekin elkar gaitezkeen. Hasteko, ez dakigu zein alderdi egongo diren parlamentuan. Bigarrenik, 2014ko irailean aurkeztutako programa da marra gorria guretzat. Edozeinekin eztabaidatuko dugu, baina programa hori oinarri hartuta. Dena dela, uste dut gehiengoa lor dezakegula parlamentuan.

Tsipras bada hurrengo lehen ministroa, zer gertatuko da? Grezia eurogunetik joango da?

Ez; ez dago zalantzarik. Hori ezin da gertatu.

Zergatik?

Herrialde batek eurogunea utziko balu, eurogune osoa aldatuko litzateke. Dibisen truke tasak ezarri beharko lirateke, eta merkatuak beste herrialdeen irteera arriskua neurtzen hasiko lirateke. Irteera bakar batek kaosa sortuko luke, eta hilabete batzuetan eurogune osoa desegingo litzateke. Iragarpen hori Angela Merkel kantzilerrak ere egin zuen duela urtebete. Beraz, ez da gertatuko. Gainera, guk ez dugu eurogunetik atera nahi, Grezia bezalako herrialde txiki batentzat dibisaren debaluazioa ekarriko lukeelako. Barne debaluazioak, austeritateak eragindako kalteen antzekoak ekarriko lituzke.

EBZk ohartarazi du akordiorik ezean otsailetik aurrera ez diola diru gehiago utziko Greziako Bankuari. Syrizak, beraz, berehala konpondu beharreko bi erronka lituzke: erreskatearen azken ordainketa eta zor publikoaren arintzea negoziatzea. Pentsatzekoa da jada Bruselarekin harremanetan zaudetela.

Bai. Gauza asko esan dira kanpainan, baina gu ez gaude gerran; ez gaude instituzio batek beste bat suntsitzeko egoeran, ezta herrialde batek beste bat txikitzeko egoeran ere. Negoziatu egingo dugu, eta gure kideei erakutsiko diegu ezinezkoa dela betetzea Antonis Samarasen gobernuak onartutakoa; ezinezkoa dela superabit primario ikaragarriak sortzea soilik zorra eta interesak ordaintzeko, eta herrialdeari ukatzea ongizate eta hazkundera bideratu behar liratekeen baliabide handiak. Zorra jasanezina da, eta konponbidea aurkitu behar dugu. Behin eta berriz gogorarazi diogu Alemaniari II. Mundu Gerran Berlin antzeko egoeran zegoenean Greziak eta beste hainbat herrialdek zorraren zati bat barkatu ziotela, eta gero iritsi zela Alemaniako mirari ekonomikoa. Solidaritate ekintza bat da, eta EBk ere egin dezake orain, ez soilik Greziarekin. Zorraren arazoa ez da bakarrik Greziarena: Italiak eta Espainiak ere arazo handiak dituzte.

Gobernura iritsitakoan ez duzue leunduko diskurtsoa?

Ez. Tesalonikan aurkeztutako programa izango da gure gobernu programa. Ez da guk nahi genukeen programa, orain egin dezakeguna baizik.

Hala ere, negoziazioetan ez daukazue irabazle ateratzeko bermerik. Zer gertatuko da akordiorik lortzen ez baduzue erreskatearen eta zorraren inguruan?

Negoziatzen jarraituko dugu akordio bat lortu arte. Alde guztien onerako da. Europako auzia da ituna lortzea. Grezia kaudimentsua bada eta sinesgarria bada finantza ikuspegitik, EB osoaren onerako izango da; gainera, arazoa azkar konpontzeko arrazoi geopolitikoak ere badaude. Ziur gaude lortuko dugula.

Greziako zor publikoaren zatirik handiena erakunde publikoen esku dago: %80tik gora. Horrek erraztu lezake zorra berregituratzea?

Datu hori gure onerako da, eta zorraren izaera politikoa erakusten du. Zorraren zati handi bat barkatzeko eskaria egingo dugu lehenik, eta gainontzekoa nola ordaindu hitzartu. Baina beste neurri tekniko batzuk ere har daitezke; AEBetako beste bi irakaslerekin argitaratu nuen azterketa bat, eta azaldu konponbidea aurki daitekeela estatu batetik bestera kapitalik transferitu barik eta zergapekoek zorragatik ezer ordaindu barik.

Zelan? Zorraren ehuneko zenbat berregituratu nahi duzue?

Garrantzitsuena da zorraren zerbitzuekin negoziatzea. Ezin ditugu horrelako superabit primario ikaragarriak pagatu. EBZk rol aktiboagoa hartzen badu, zor erdia baino gehiago barkatzearen antzeko eragina luke. EBZk hamarkada batzuetan bere gain hartu behar luke zorraren zerbitzuaren kostua: herrialdeen zorra eskuratu behar luke zero-kupoi bonu bihurtzeko, eta onbideratutako estatuek etorkizunean berriro erosiko liokete zor hori EBZri, baina bitartean ez lukete interesik pagatuko. Banku zentralak egin dezake hori.

Egingo duela uste duzu?

Ez nago seguru, baina erakutsi nahi dugu arazoa politikoa dela. Konponbideak aurki daitezkeela, eta aukera asko daudela. Bruselako Bruegel Institutuak ere Greziaren zorra arintzeko hainbat aukera aurkeztu berri ditu; beraz, izan gaitezen baikorrak.

Zeintzuk izango dira Syrizaren lehentasunak Grezian?

Giza krisiari aurre egitea, jendea bazterrean ez lagatzea. Gizartearen zati handienei oinarrizko beharrizanak ukatu zaizkie: janaria, etxebizitza, argindarra... Lehenik eta behin, horiek bermatu behar dira. Bigarrenik, zor pribatuaren arazoa bideratu behar da ekonomia pizteko. Hirugarren ardatza lan merkatua egonkortzea da, merkatu beltzaren kontra eginez, gutxieneko soldata 2011ra bueltatuz [751 euro hilean], lan merkatua ikuskatuz eta langileei euren eskubideak bueltatuz. Azkenik, estatua berrantolatu nahi dugu langile publikoei boterea emateko berriz ere, eta egungo hamazortzi ministerioetatik zortzi ezabatuko ditugu. Gardentasuna eta justizia indartzea da asmoa, eta herritarrengandik hurbil egongo den sektore publiko bat sortzea.

Zelan ordainduko dituzue neurri horiek guztiak?

Hartuko ditugun neurri batzuek dirua sortuko dute.Mailegu pribatuen ordainketak eta ogasunarekiko ordainketak lotuko ditugu, pertsona bakoitzaren diru sarreren arabera. Horrek modua emango die zorraren zati bat pagatzeko eta gainontzekoa izozteko garai hobeak iritsi arte: zordun bakoitzak bere diru sarreren %30 pagatuko die gehienez bankuei. Eta zerga ihesari gogor egingo diogu.

Sor daiteke alternatiba ekonomiko bat Grezian EBren austeritate politika aldatu barik?

Jendeari esparru instituzionala emango diogu ekonomia sozial bat sortzeko, eskaria igotzeko diru sarrerak sortuz. Jendeak babesten bagaitu, posible da alternatiba sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.