Atentatuak Katalunian. Elkarrizketa. Xavier Giro. Gatazken eta bakearen komunikazioan aditua

«Atentatuen kudeaketak ez du izango eraginik prozesuan»

Gertakariek ez diote mesederik ez kalterik eragingo galdeketari, Giroren ustez. Mossoak goraipatzearen atzean beldurrak sortutako erreakzioa ikusten du, eta musulmanen bazterketaz hausnartzeko eskatu du.

BERRIA.
Jon Fernandez.
2017ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuek astindu egin dute Xavier Giro (Badalona, 1955), baina ez dute harritu. «Ez da arraroa gertatu dena. Ikaragarria da, baina ez da arraroa». Nazioarteko gatazken, gatazka armatuen eta bakearen komunikazioaren masterra zuzentzen du Girok Bartzelonako UAB unibertsitatean, eta, haren ustez, Europako hiri handietan gertatu den bezala, Bartzelonan ere gerta zitekeen. Eta gertatu da. Garrantzitsuena jazotakoaren arrazoiak ulertzea da, «eta kausen inguruan arrazoitzea ez da ekintza justifikatzea».

Zer arrazoi daude atentatuen atzean?

Hainbat motibo daude, baina badaude, behintzat, egiturazko bi arrazoi. Batetik, herrialde arabiarren gaineko neokolonialismoa, musulmanen kontrako bidegabekeriatzat hartzen dena; bestetik, badago komunitate musulmanek Europan bizi duten bazterketa sozial, ekonomiko, laboral eta politikoa. Jakina, baldintza horiek jende askok nozitzen ditu, eta gehienek ez dute atentatuekin erantzuten, baina badira pertsona batzuk euren gatazkak horrela ulertzen dituztenak eta erasoak egitera iristen direnak. Funtsean, propagandaren eta etsipenaren markoan kokatuko nituzke ekintza horiek.

Katalanoi bereziki ulergaitz egin zaizue erasotzaileak katalanak izatea?

Batzuentzat ulergaitza da, baina ulergaitza eta onartezina nahasten dituzte. Esaterako, gutun bat idatzi zuen irakasle batek zioen Ripolleko erasotzaileak bere seme-alabak bezala hezita zeudela... ez dut zalantzan jartzen, baina uste dut ez duela kontuan hartzen gazte horiek eskolatik ateratzen direnean beste mundu batean bizi direla.

Beste mundu batean?

1992an Martorellen ezagutu nuen bertan jaiotako familia marokoar bateko gazte bat, nik bezala katalanez hitz egiten zuena, eta esaten zidan: «Ondo bizi naiz bai, baina mekanikoa naiz, eta edozein enpresatara lan bila noanean galdetzen didate: 'Zer izen daukazu?'. Eta Mohamed erantzuten diedanean, bukatu da lanerako elkarrizketa». Oraindik ere badago bazterketa soziala, nahiz eta, beharbada, ez izan gehiengoa.

Egunotan aipatu den kohesio soziala ez da hain benetakoa?

Jendeak ez du borroka egiten ageriko moduan, baina pertsona hauek bizi diren auzoetan, sarri auzo pobreetan, badago indarkeria eta bazterketa. Asko aurreratu da, baina badago bazterketa soziala, eta hori sentitzen du komunitate musulmanak. Zaila da hau esatea atentatuen ostean, baina egoera ulertu egin behar dugu.

Errezelorik badaukazu atentatuen ostean eskuin muturra indartu daitekeenik?

Baliteke. Zerbait aldatuko da. Kontuan izan behar da atentatuak islamaren izenean egin direla: batzuk hala ulertuko dute, euren aurreiritziak eta zalantzak berretsiz. Politikoki ondo formatutako pertsona bazara, ez da ezer gertatzen, baina masaren zati bat ez dago formatuta. Terrorista izena erabilita, gainera, gertatutakoa deabrutu eta despolitizatu egiten da nolabait. Pentsa, zalantzak ditut manifestazioko leloarekin ere: No tinc por [Ez daukat beldurrik].

Zergatik?

Erreakzio logikoa da, jendeak beldurra sentitu duelako, eta jendeak ez du hori nahi, libre izan nahi du, oinez ibili lasai. Baina konturatu gabe, adierazpen horrek indartu egiten du beldur hori: ukatuta, aitortu egiten du. Erantzuteko modu apolitiko bat dela uste dut.

Ausartuko zinateke lelo egokiago bat proposatzen?

Oso zaila da, baina ideia ona iruditzen zait erantzuna positiboan ematea. Ez dakit, Bakearen alde, esate baterako. Zenbat eta gehiago indartu sentimenduaren partea, orduan eta ahulagoa da arrazoiarena, gogoetarena. Fokua soilik sentimenduan jartzeak desorekatu egiten du ulermena, eta honen guztiaren soluziorako bidean ere norabidez nahastea dakarkigu.

Plano politikotik begiratuta, uste duzu Generalitateak, bereziki mossoen bidez, estatu gisa jokatu duela erasoen kudeaketan?

Halaxe egin du, baina besteen utzikeriagatik: besteak ez dira agertu, eta ez dute informaziorik eman... eta hauek ahal zutena egin dute. Baina egin dutena ez da distiratsua izan, normala izan da. Tira, normala, puntu batera arte. Hedabideek nabarmendu dute jendeak mossoak besarkatu dituela kalean, eskerrak emateko. Iruditzen zait horren ezkutuko arrazoia zela gazte horiek hil izana. Erraietatik ateratako erreakzio bat izan da, segurtasuna edozeren truke eskatzeko prest daudenena.

Mossoak bilautzat hartzen zituzten herritar askok orain gutxi arte, baina astebetean heroi bihurtu dira.

Hori gertatu da horrelako atentatuek sortutako beldurrak erreakziorik polarizatuenak sortzen dituelako.

Edonola ere, Kataluniako Polizia psikologikoki indartuta atera da. Urriko erreferendumera begira, Madrilen eta Bartzelonaren artean gerta daitekeen talkan posizioa hartzeko indartuta atera da?

Indartuta atera dira bai, baina haiek ezer egitera ez behartzeko: ez Generalitateak ez galdeketaren kontrakoek. «Gu profesionalak gara, gure lana egiten dugu», hori da mossoen sindikatuen mezua. Baina, egia esan, ez dakit zer gerta daitekeen.

Zelan uste duzu eragingo diola prozesu subiranistari atentatuen osteko asteak?

Bi gauza ikusten ditut, eta elkar neutralizatzen dute. Alde batetik, atentatuek erakutsi dute logikoagoa litzatekeela koordinazio handiagoa izatea estatuko politikekin, beraz, logika horretan, batuta egotea komeni da; baina, beste alde batetik, batu behar zaren Polizia hori ez da zutaz fio, ez dizu informazioa pasatu, edo behintzat horixe da pertzepzioa. Atentatuen kasua hain da berezia, aukera ematen du independentziaren aldeko ala kontrako arrazionamendua egiteko, komenentziaren arabera.

Hortaz, ez duzu uste prozesu subiranistari mesede egin diezaiokeenik Generalitateak atentatuen ostean izandako kudeaketak?

Beharbada nahastu egingo naiz, baina ez dut uste eraginik izango duenik prozesuan, ez mesederako, ez kalterako. Beste kontu bat da batzuk eta besteak ahalegintzea atentatuen kudeaketa politikoki erabiltzen.

Boto asmoan ez du eragingo?

Edozer gerta daiteke, baina ez dut uste. Jakina, ez gaude Madrilgo M-11 baten aurrean: hemen inor ez da ari ukatzen, inor ez da ari hanka sartzen.

Kataluniarrek ez dute autoestimu bultzada bat hartu asteon?

Nik ez daukat inpresio hori. Garaipena izango zen lortu izan balute atentatuak eragoztea. Butano bonbonen leherketa bat egon zen, eta seguruenik Polizia ari zen ikertzen, baina ez zen garaiz iritsi. Beste kontu bat da katalanaren erabileraren harira Traperorekin gertatutakoa, mossoen buruarekin: ez dakit nondik erori den prentsaurrekotik joan zen kazetaria! «Habla en cristiano» hura ekarri zigun gogora. Baina Kataluniako errealitatean hain dago tokiz kanpo, non ez duen garrantzirik: ez da ezer, anekdota bat da. Pentsatzen dut jende gehienari iruditu zaiola oso neurritsua Traperoren erreakzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.