Maiatzak 11.000 kotizatzaile gehiago ekarri ditu Hego Euskal Herrira

Langabezia jaitsi egin da, baina aurreko hiru urteetan baino gutxiago. Langabe izateari utzi diotenen herenak baizik ez dira emakumeak. Saririk ez dute langabeen %62,2k

Iker Aranburu -

2018ko ekainak 5
Eguraldi kontuetan baino ohikoagoa izan da maiatza lan merkatuari dagokionez. Ohi den bezala, langabe kopurua jaitsi da urteko bosgarren hilabetean, hilabete hasieran baino 3.286 gutxiago ageri baitira lanik gabe Lanbideren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zerrendetan. Kopurua ez da berez txikia, baina bai, ordea, aurreko urteekin alderatuz gero: -7.628 (2015), -6.252 (2016) eta -4.374 (2017). Guztira, 156.137 lagun ari dira langabe gisa enplegua agentzien zerrendetan, duela urtebete baino 14.872 gutxiago. Langabezia tasa 1,2 puntu jaitsi da, %11,7raino.

Irakurketa baikorragoa baimentzen du, berriz, kotitzaileen kopuruarenak, aurreko urteetan baino gehiago hazi delako: batez beste, apirilean baino 11.056 langile gehiagok kotizatu dute Gizarte Segurantzan.

Datu horri heldu dio Miguel Laparra Nafarroako Gizarte Eskubideetako lehendakariordeak atzoko datuen irakurketa positibo bat egiteko: «Nafarroan 2008an zeuden enplegu mailetara itzuli gara. […] Biztanleria aktiboa modu nabarmen batean ari da hazten».

LANGABEZIA

Emakume aurpegia du

Ohikoa bilakatzen ari denez, ekonomiaren suspertzeak mesede handiagoa egin die gizonei emakumeei baino. Maiatzean langabezia erregistratuaren zerrenda utzi duten hiru lagunetik bi gizonezkoak dira (-2.097), eta herenak soilik emakumezkoak (-1.189). Langabeen %57,5 dira emakumeak, eta %14,1eko langabezia tasa dute; gizonen artean, berriz, %9,5era ere ez da iristen tasa. Aurreko hilabeteetan sindikatuek azpimarratutako bilakaera gogorarazi dute orain gobernuek ere. «Beharrezkoa da emakume gehiago sartzea lan munduan, enplegu eskaintzen zati handiago bat baliatzen ari direlako gizonezkoak», ziurtatu du Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Enplegu sailburuak.

Lurraldeei erreparatuz gero, hilabete hobea izan da Nafarroan (-1.183) eta Bizkaian (-1.419), baina azken horrek du langabezia tasarik handiena: %13,2 Bizkaiak, %12,8 Arabak, %10,8 Nafarroak eta %9,6, aldiz, Gipuzkoan.

Zerbitzuetan urritu dira gehien langabeak (-2.165), baina udaberriko lanek ohi ez duen pisua eman dio nekazaritzari ere, batez ere Nafarroan (-200) eta Araban (-146). Baina sasoiaren arabera gorabehera handia izan ohi duten bi sektore horiek alde batera utzita, nabaria da eraikuntzan (-407) eta industrian (-346) jaitsiera oso jarrai bat duela langabeziak.

AFILIAZIOA

2008ko mailara iristear

Jada 1.233.855 lagunek kotizatzen diote Gizarte Segurantzari Hego Euskal Herrian, iaz baino 27.434 gehiagok. Erritmo honetan jarraituz gero, aurki iritsiko da 2008ko egoerara. Urte horretan, batez beste, 1.250.000 kotizatzaile izan ziren.

Soldatadun arruntak dira langile berri gehienak, ia-ia ez dagoelako aldaketarik gainontzekotan: autonomoak 220.000ren bueltan dira azkenaldian, 37.000 inguru etxeko langileak, 4.000 arrantzaleak eta 8.000-9.000 nekazariak, urtaroaren arabera.

KONTRATAZIOA

Sasoikako enpleguak

Sasoikako enplegu asko sortu ohi da udaberrian, eta hori antzeman du Lanbidek: bere eremuan ostalaritzako 3.943 kontratu egin dira eta lehen sektoreko 2.285. Behin-behineko kontratuak dira gehienak (%91,3) eta horrekin kezka handia azaldu dute sindikatuek. «Egungo suspertze eredua baztertzailea eta prekarizatzailea da, eta urteko sasoi honetan asko okertzen dira bere ondorioak», ziurtatu du LABek, eta behin-behinekotasunak produktibitatea «galgatzen» duela gehitu. Confebaskek, berriz, nabarmendu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken urtean kontratu mugagabeak %38,3 hazi direla, eta %0,8 aldi baterakoak.

LANGABEZIA SARIA

Gero eta gutxiagoentzat

Urratsez urrats, handitzen ari dira langabezia saririk jasotzen ez duten langabeen kopurua. Iazko apirilean %61,6 ziren ezertarako eskubidea ez zutenak, eta aurtengoan, berriz, jada %62,2 dira. Sari arrunta jasotzen duten langabeen %22,4k, eta subsidioa %13,1ek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna