Isurketen eskandalua Audira igaro da, haren buruaren atxiloketarekin

Rupert Stadler Audiko presidentea aldi baterako ordezkatuko du VWek. Modelo batzuetan iruzur egin izana onartu du Audik. VW taldea onik ateratzen ari da krisitik

Iker Aranburu.
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Diesel motor trukatuen afera ahaztu nahi eta ezin dabil Volkswagen taldea. Braunschweig-ekofiskaltzak 1.000 milioi euroko isuna ezarri eta egun gutxira, afera horren itzala oraindik luzea dela erakutsi zion Munichekoak, Rupert Stadler Audiren buruzagi nagusia atxilotuta. Auziarekin lotutako informazioa ezabatuko zituen zantzuak zituzten Bavariako hiriburuko ikertzaileek. Stadler ikerketapean izan da azken asteetan, eta joan den astean haren etxebizitza miatu zuen, Ingolstadt hirian (Bavaria). VW taldeak iragarri du «aldi baterako» ordezkatuko duela Stadler, eta haren ordez Bram Schot jarriko duela.

Duela ia hiru urte piztu zen Dieselgate eskandalua, 2015. urteko irailean. Garai hartan, Stadler jada VWen luxuzko autoen adarreko buruzagia zen. Karguari eutsi ahal izan dio, kontaktu onak dituelako Porsche-Piech familiarekin —akziodun nagusiak dira— eta aferak batez ere VW markari eragin diolako. Edonola ere, Audik ekainaren hasieran onartu zuen bere A6 eta A7 modeloetako 60.000 diesel autok ere bazutelaCO2 benetako isurketak ezkutatzen zituen softwarea.

Hogei ikertu

Orain arte eskandaluarengatik atxilotutakoen artean kargurik handiena du Stadlerrek, bainaaferako hogei ikertuen artean badira pisu handiagoko bi lagun, hala nola Martin Winterkorn VWeko aurreko presidentea, eta Mathias Mueller oraingoa. Ustezko iruzurra eta publizitate faltsua leporatzen diete. Municheko fiskaltzak asteak zeramatzan Audiko burua ikertzen, eta joan den astean haren etxebizitza miatu zuen. Funtsean, ikertzaileek jakin nahi dute Stadlerrek bizkor eten ote zituen Audi modelo trukatuen salmentak AEBetan eskandalua zabaldu zenean.

Azaldu dutenez, atxiloketak ez du zerikusirik AEBetan egiten ari diren ikerketarekin, Alemanian egiten ari denarekin baizik. AEBetako justiziak Winterkorn eta beste zortzi lagun epaitu nahi ditu, baina litekeena da ez lortzea, Alemaniak Europako Batasuneko beste herrialdeetara mugatzen baititu estradizioak.

Stadlerren atxiloketaren ondorioz %3 jaitsi zen atzo VWen akzioa. Kopuruak inor gutxi kezkatuko du, Wolfsburgeko autogilearen akzioak ia %40 igo direlako iazko irailetik, eta eskandalua piztu zenean baino %10 gorago daude. Are gehiago, BMW eta Mercedes lehiakide alemaniarrenak baino bilakaera hobea izan du.

Berez, motor trukatuen aferak ez dio ekarri iragarritako hondamendirik Volkswageni; neurri bateraino, mesede ere egin dio, eta enpresa duela hiru urte baino indartsuagoa da; konpainia auto elektrikoek pisu handiagoa duten garai berrietara egokitzen hasteko akuilu bat izan da, eta barne egitura berritzeko balio izan dio.

Eskandaluak hilabete batzuetan kalte egin zien salmentei, baina berehala barkatu zioten bekatua erosleek. Iaz ere munduko liderra izan zen VW, sendo ari baita bere bi merkatu nagusietan, Txinan etaEuropako Batasunean. Azken horretan merkatu kuota puntu bat igo du azken urtean VWek, %24,3 arte. Oso atzean du lehiakide nagusia, PSA taldea (%16,3), azken horrek Opel bereganatu duen arren. AEBetan ere igo zituen salmentak.

Gehiago saltzeaz gain, etekin handiagoarekin saldu du Alemaniako taldeak. VW markaren errentagarritasuna %2tik %4,5era igo zuen iaz. Diru sarrera gehigarri horiei esker, dagoeneko aurre egin die orain arte ordaindu behar izan dituen 20.000 milioi euroren isunen eta kalte-ordainen bi heren. Alemaniak ezarritako isuna, hortaz, aise pagatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.