Siriako gerra. Estatu Islamikoaren aurkako borroka. Davide Grasso. Kurdistango YPG miliziako borrokalari ohia

«Gizarte eredurik erreakzionarioena eta makurrena ikusi nuen»

EI Estatu Islamikoak Sirian eta Iraken ezarri zuen sistema emakumeek pairatu zuten gehien, «erabateko kolonizazioa sufritu baitzuten beren larruan». Gizonek «konformatu bakarrik» egin behar zuten.

Jose Miguel Arrugaeta. Orsola Casagrande
2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Erasmus belaunaldi deitzen duen horren partetzat du bere burua Davide Grassok (Cuneo, Italia, 1980): «Bizitza osoan, maiz aldatzen ditugu herrialdea, eskola, hizkuntza eta lana; hortaz, badakigu zein funtsezkoa den pentsamoldea trukatzea eta ontzea; pentsamolde horretan fedea ere egon daiteke, noski, baina zalantzaz kutsatzeko prest egon behar du ezinbestean». Italiako Susako haranean AHTaren aurkako borrokak eragin handia izan zuen haren formakuntza sozial eta humanoan. Halako batean, bestelako konpromisoak hartzea erabaki zuen, eta Kurdistango YPGko milizietan sartu zen, nazioarteko borrokalari gisa. Europara bueltan, esperientziak eta gogoetak bildu ditu Hevalen (lagunak, kurdueraz) izeneko liburuan; Edizioni Alegrek argitaratu du.

Zergatik erabaki zenuen Kurdistango YPG milizietara batzea?

Jakin nuenez, PKK [Kurdistango Langileen Alderdia] eta YPG ari ziren Estatu Islamikoaren oldarrari aurre egiten, eta ez Siriako eta Irakeko armadak. Izugarri mindu nintzen zentsura mediatikoak parekatu egiten zituelako nire borrokakideak eta EIko kideak, baina neure buruarekin ere sumindu nintzen, nire kontzientzia faltagatik. Iraultza baten alde egin beharra sentitu nuen, are gehiago gaur egun. Behar horrek zehazten du nortzuek nahi duten benetan mundu hobe bat eraiki, eta nortzuek ez.

Zerekin egin zenuen topo gatazka armatuan zinenean?

Imajina daitekeen gizarte eredurik erreakzionario eta makurrena ikusi nuen, EIk gorpuztua, talkan munduko eredu soziopolitikorik aurreratuenaren kontra; beste eredu horrek antolakuntza komunala eta emakumeen parte hartze osoa ditu oinarri. Rojavan eta Irak iparraldean defendatzen dute eredu hori. Dozenaka urte dira ezein askapen indarrek ez duela gizarte komunitario bat eraikitzea planteatzen.

Ezkerreko komunikabide edo alternatibo deritzen horietako batzuek kurduak kritikatzen dituzte, haien aliantzak direla-eta.

Informazio ofizialak zapalkuntza sistema bati eutsi beharra du oinarrian, eta horren ondorio da informazio mota horren kontrako desafioa; kurduen mugimendua horren adibide da. Ikuspuntu antiinperialista oso pobretuta dago, beren burua haren interpretetzat daukatenen eraginez. Dogmatismoa eta sozialismoa ezin dira elkarrekin joan. Egiten diren interpretazioek alde batera uzten dituzte gizarte masen behar eta interesak, geopolitikari loturiko gogoeta koiuntural eta oportunisten alde. Hainbat herrialdetako konfrontazio sozialaren inguruan ditugun iritziek alde batera utzi behar dituzte nazio bateko eta besteko klase menderatzaileen arteko gatazkak. Kapital globalizatuaren munduan bizi gara, borroken globalizazioaren munduan, ez Gerra Hotzean; gaur egun, argi ikus dezakegu nola atzoko sobietarrek, Saigonen askatzaileen alde egin zutenek, egun Turkiako islamofaxismoaren esku utzi dituzten Afrinen defentsan ari ziren partisanoak.

YPG miliziek «aliantza deserosoa» dute AEBekin. Zer azalduko zenuke horretaz?

Siriako iparraldean, YPG indar partisanoa eta sozialista da, eta aprobetxatu egin zuten AEBak ere etsai beraren kontra ari zirela. Beste hainbeste egin dute Errusiarekin, Eufrates ibaiaren mendebaldean, eta, tarteka, baita Damaskoko erregimenarekin izan duten koordinazio militarrean ere. Kontraesan historikoen barruan egon beharra dago, eta ondorioak atera behar dira, posizio iraultzaileak aldez edo moldez indartzeko. Hori zor diogu defendatu behar dugun herriari. Aukera pragmatikoak beti dagozkio ekinean diharduenari.

Badirudi Siriako Kurdistanen autonomia demokratikoak enbarazu egiten diela borrokan dabiltzan interes guztiei. Siriako iparraldeko iraultza konfederala edo Rojava da beste norabide batean doan adibide bakarra.

Hain zuzen, iraultza horri bizkarra emateak zera esan nahi du: konplize izatea AEBen —eta Saudi Arabiaren, Errusiaren, Iranen, Israelen— politika erreakzionarioekin. Izan ere, desberdintasunak izan ditzakete norbere menderakuntza logikan, baina interes bat dute amankomunean: benetako iraultza oro suntsitzea.

Zuk diozunez, EIren herrixka bat askatu ostean, «bat-batean, guztiek erretzen zuten, debekatuta egon baitzen bi urte eta erdiz».

Egia, hori izan zen nire lehen inpresioa: izugarrizko irrika zegoen zigarretak lortzeko, erretzea debekatuta baitzeukaten Estatu Islamikoaren agintepean. Gainera, ordaindu ezin zituzten zergen sistemaz hitz egiten zidaten, eta EIko funtzionario eta polizien etengabeko lainezaz. Edonola ere, urte luzez jazarri zioten emakume batek esandakoak eman zidan zer pentsatu handiena: EIren pean bizitzea zaila zela gizonentzat, baina eramangarria. Konformatu bakarrik egin behar zuten, arau urri eta argiak ikasi eta eguneroko indarkeriara ohitu.

Eta zer beste ondorio zituen emakumeentzat EIren pean bizitzeak?

Izugarrikeria hori emakumeek pairatu dute gehien. Gizonezko herritarren emazteek, amek, arrebek eta alabek ikusi zuten nola ematen zieten gizonei familien gaineko botere guztia; zer esanik ez emakumezko presoez, eta sexu esklaboez —sarri haurrak—. Zigarretak ez ziren lehen arazoa emakume askatuentzat, erabateko kolonizazioa sufritu baitzuten beren larruan.

Zergatik izan du Estatu Islamikoak halako arrakasta Sirian eta Iraken gazteak errekrutatzen?

Sarri, estu hartzen dituzte nolabait, zuzenean edo zeharka. EIk Manbij eta Raqqa mendean zituenean, gazteak behartuta zeuden emirra zerbitzatzera eta borroka egitera. Kontua desberdina da Iraken, gertaera bereziak izan baitziren AEBek 2011n alde egin ostean: Iranen aliatuak ziren alderdi xiitek sunitak kolonizatu zituzten; umiliatu egin zituzten, eta haien protestak odoletan ito. Muturreko erabakia izan zen EIko milizianoei babesa eskatzea. Ez da aitzakia bat, baina ziurrenik hori ere kontuan izan behar dugu guztia ulertzeko.

Eta atzerriko borrokalariei dagokienez?

EIra batu ziren europarren motibazioa askoz ere sinpleagoa da: ergelkeria, arabiar jatorrikoak izan ala ez. Ergelkeria, elementu materiala den heinean, ez dugu gutxietsi behar; gizartean zabaldutako ergelkeriaz ari naiz, askotan pertsonen erabakiak baldintzatzen dituena. Ezaugarri bakar batek lotzen ditu: munduan beren lekua aurkitzeko ezinak. Batzuetan, izugarri dogmatikoa izan daiteke dena «arrazoi sozialetara» eramatea; bada aldagai subjektibo bat, benetan indibiduala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.