Erdogan Aydin. Turkiako historialaria, kazetaria eta idazlea

«Ez da erraza izango Turkia Saudi Arabia bihurtzea ere»

Aydinen «kezka» da Turkiako Gobernuak kolpearen berri izanda ere «kolpistei ekiten utzi» ote zien, «erakundeetan 'garbiketa' egiteko». «Oso ondo antolatutako mugimendu bat da».

BERRIA.
Istanbul
2016ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Hogei liburu baino gehiago idatzi ditu Erdogan Aydinek islamaz (Siirt, Kurdistan, 1957), islamismoaz eta nazionalismoaz, eta AKP gehien aztertu duten adituetako bat da.

Estatu kolpea gertatu eta ordu batzuetara esan zenuen erditze goiztiar bat izan zela. Zergatik?

Kolpistek ez zutelako erabat prest. Turkiako agintariek asmoen berri izan zuten, eta amaitu gabeko plan bat jarri zuten martxan. Ondorioz, eurekin aritzekoak ziren zenbait beste aldera pasatu ziren, gobernuarenera. Baina kolpea nahi bezala emanda ere, ez zuten lortuko gobernua kentzea; herritarrak, prentsa eta alderdi politikoak aurka izango zituzten, eta kaosa eragitea soilik lortuko zuten. Nire kezka da gobernuak kolpearen berri izan eta kolpistei ekiten utzi ziela, erakundeetan garbiketa egiteko.

Bidea utzi zien kolpistei?

Litekeena da zenbait boterek hala egin izana. Baina baliteke botere horiek orduan dudak izatea ere. Kolpearen atzean AEBak bazeuden, oso litekeena da euren aldeko jeneralak kolpistengandik urrundu izana. Baita kemalistak ere.

Turkiaren historia ezagututa, sinesgarria da kolpearen atzean AEBak ez egotea?

Aukera asko dago AEBek zerikusia izateko. Baina atxilotutakoak zeintzuk diren ikusita eta porrot egin zuela jakinda, hipotesi hori zalantzazkoa da. Agian, AEBetan, Fethullah Gulenen jarraitzaileei aurrera egiteko baimena eman zieten, baina ez dirudi besterik dagoenik. Turkia ez da Egipto, eta nazioarteko botereek ez lukete Egipton bezain erraz onartuko estatu kolpe bat izatea Turkian.

Nortzuk dira kolpistak?

Argi utzi behar da ez dela izan armada kemalistak gobernu islamistaren aurka eginiko kolpe bat. Gulenistek ordezkatu zituzten kemalistak armadan, eta postuari eutsi ziotenek galdua dute garai bateko autoestimua. Ofizial gehienak AKPren aldekoak dira, eta beste bi sektore daude: gulenistak eta kemalistak. Baina estatu kolpe hau sektore islamista batek beste sektorearen kontra emandakoa da.

Nortzuk dira gulenistak?

Opus Deiren antzeko zerbait da, baina islamista. Gobernu honen lehen hamar urteetan aliantza bat izan zuten bi sektore islamistek, baina, kemalistak erakundeetatik bota ostean, haien arteko botere borroka hasi zen. GulenistekAEBen babesa zuten, Ekialde Hurbilerako zuten proiektuagatik; baina ez dago garbi AEBek kontrolatzen dituzten. Erdoganen sektoreak Otomandar Berriak deitzen dio bere buruari; Ekialde Hurbilaren kontrola nahi zuen Otomandar Inperioaren boterearen falta sumatzen dute.

Jende asko atera da kalera Erdoganek deituta, baina ez al zeuden kolpistak garaituta presidenteak mezu hori eman zuenean?

Hala da, eta, Erdoganek deitu izan ez balitu, ez ziren aterako kalera. AKPren jarraitzaileak dira, etaAKPren boterea babesteko atera dira, ez demokrazia babestera. AKPk antolatzen ditu manifestazioak. Kezkagarria da zer diskurtso darabilten, ultranazionalista, «Ala handiena da» oihukatuz eta xaria eta heriotza zigorra ezartzea eskatuz.

Udalak bazkaria eskaintzen die, garraioa doan... Estatuko erakunde guztiak, praktikan, manifestari horien zerbitzura daude.

Oso ondo antolatutako mugimendu bat da, ez indar erakustaldi espontaneo bat. Kolpistei aurre egiteko balio izan zuen, baina xariarantz eboluzionatzeko aukera dago. Baina horrek ere porrotera eraman dezake. Dena dago jokoan, baita demokrazia bera ere.

Gerra zibilaren arriskua dago?

Ez dut uste. Baina estatu kolpea baliatuz, gobernua garbiketa egiten ari da erakundeetan herri mobilizazioaren babesarekin, eta erakundeak bere aldekoekin beteko ditu. Urrats antidemokratiko horiek sistema presidentzial baterantz eraman gaitzakete; hori da Erdoganek desio duena.

Oposizioak atera beharko luke kalera?

Bai, baina ez dakit zer gertatuko litzatekeen. Gauza arraroak ari dira gertatzen. Kurdistanen, salbuespen egoera muturrekoa da, eta kurduen aurka nabarmendutako jeneral eta ofizialak kolpistatzat jo dituzte. Zer izen jarri horri guztiari? Datozen egun eta hilabeteetan, baliabide guztiak erabiliz botere guztia pertsona bakar baten eskuetan jartzen saiatuko da AKP: Erdoganen eskuetan. Baina indar demokratikoak ere badaude, eta azkenean bi indarren arteko orekak erabakiko du dena. Oreka horretan hainbat aldagaik eragingo dute: indar demokratikoak kalera atera daitezkeen, zein den kurduen egoera eta erreakzioa, zer jarrera hartzen duten AEBek...

Posible da salbuespen egoerak demokraziarako bidea hartzea?

Gobernuak bere garbiketarekin jarraituko du. Ikusiko dugu zer gertatzen den igandean. CHP [Herriaren Alderdi Errepublikanoa] oposizioko lehen alderdiak manifestazio batera deitu du. Ikusiko dugu egiten uzten dieten.

Itxaropen mezurik eman liteke?

Izatekotan, gogoratu behar da Turkia ez dela Egipto, baina Saudi Arabia bihurtzea ere ez dela erraza izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.