Mahmud Traore. Errefuxiatuen aldeko ekintzailea

«Orain, errefuxiatuak babesten dituztenak ari dira kriminalizatzen»

Europako migrazio politikak hipokrisia hutsa direla uste du Traorek. Bidean hiltzen diren errefuxiatuengan jarri nahi du arreta, «izenik gabe hiltzen direnengan, desertuan betiko geratzen direnengan».

KRISTINA BERASAIN TRISTAN.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Aurten jada 559 lagun hil dira Mediterraneoan. Saharako basamortuan, berriz, inork ez daki zenbat. Mahmud Traorek (Temanto, Senegal, 1983) dio desertua hilotzez beteta dagoela. Tafallan, Lizarran eta Iruñean arituko da gaur, bihar eta etzi, immigrazioaz, hesiez, heriotzez, beltz izateaz, arrazakeriaz... Harrera hiriak dira hirurak, eta hainbat jarduera antolatu dituzte egunotan. Traorek bere bizipenen berri ere emango du; bederatzi herrialde zeharkatu zituen hiru urte luzeko ibilbidean.

Samba, un nombre borrado (Samba, ezabatutako izen bat) dokumentaleko haria zara. Zer kontatzen da filmean?

Bidean hiltzen diren errefuxiatuengan arreta jartzea da helburua, izenik gabe hiltzen direnengan, basamortuan betiko geratzen direnengan, izenik gabeko horma hilobi batean daudenengan... Sambaren kasua hori da. Tarajalen hil zuten, tiroz, hesia zeharkatu nahian uretan zegoela. Haren gorpua hondartzan agertu zen, eta seniderik gabe lurperatu zuten, izenik gabe. Zenbaki bat baino ez da. Inork ez daki zehazki zein den haren horma hilobia. Desagertzen diren milaka izenen artean beste bat da Sambarena. Ceutan, Melillan, Lampedusan, basamortuan eta itsasoan milaka lagun hiltzen dira, eta horiei izena jarri nahi izan diegu.

Saharako basamortuan hiltzen diren errefuxiatuen gorpuak ere ageri dira.

Irudi latzak dira. Saharako basamortua hilobi bat da. Han hiltzen direnak zuriak izango balira, ez litzateke hau gertatuko.

Ceutako hesia gainditu zenuen 2005ean. 2014an hamabost lagun hil zituzten han.

Hala da. 2014ko otsailaren 6an hamabost lagun hil zituzten, tiroka. Horietatik bost oraindik izenik gabe daude. Ceutako hilerrian daude, identifikatu gabe. Zenbaki huts bat dira. Espainiak ukatu egiten die senideei DNA probak egitea. Horien senideen bila abiatu ginen, eta horietako baten arrastoa topatu genuen. Errefuxiatuetako baten poltsikoan telefono zenbaki bat topatu zuten, eta horri esker jakin zuten zein zen. Sambaren arrastoa aurkitu dugu, baina beste askorena ez.

Tarajalgo auzia artxibatu egin zuten. Zergatik?

Ez dituztelako hartzen gizakitzat. Beltzak gara. Hilobietan, berdin-berdin. Izen-abizenak daude denetan; Jose Luis, Mari Carmen... Baina beste hauetan, izenik ez. Zenbaki bat baizik. Zer esan nahi du 156k?

Guardia zibilek hil zituzten.

Erantzuleak zigortu gabe jarraitzen dute. Oraindik ere esaten dute ito egin zirela, nahiz eta balaren arrastoak agerikoak ziren, lekukoak dauden... Agerian geratu da zer den beltz izatea. Zuri bat hiltzen denean ikaragarria da, baina beltz batek zer balio du? Nola pentsatuko zuten gazte horiek hil egingo zituztela, zuri batek tiro egingo ziela? Suposatzen da zuriak gu baino aurreratuagoak direla, giza eskubideak errespetatzen dituztela, eta begira, txakurrak baino okerrago tratatzen gaituzte.

Sambaren jaioterrira zoazte, zergatik alde egin zuen ulertzeko. Zurea ere bada haren jaioterria.

Immigrazioaren jatorriaz hitz egin beharko genuke, zergatik uzten dugun jaioterria, zergatik uzten ditugun atzean gure senideak, ez baita izaten apeta hutsez; gerratik, jazarpenetik, gosetik edo miseriatik alde egiten dugu, askotan gure baliabide naturalak lehen munduko multinazionalek ustiatzen dituztelako, gu negozio horretatik kanpo utzita, gure lurretatik baztertuta. Senegalgo arrantzaleak miseria gorrian bizi dira arrantza industrialaren ondorioz. Gobernuak multinazionalei bidea eman die modu industrialean arrantza egiteko, eskuz egindako arrantzaren kaltetan. Horrek herritar askoren hondamendia ekarri du; ezin dutenez euren lurraldean bizirik iraun, kanpora joatera behartuta daude. Gure baliabideak izango bagenitu, ez genuke utziko gure etxea eta gure aberria. Inork ez luke bere etxea utziko duintasunez bizitzeko aukera balu, are gutxiago basamortu bat zeharkatzeko eta hesi bat zeharkatzeko bada. Gazteak etorkizunik ikusten ez dutelako joaten dira.

Kolonialismo berri batez hitz egiten da.

Bai. Kolonialismoaren ondarea da. Niger munduko estatu pobreenetakoa da, baina betoia dauka. Frantziara doa porlan hori, hango etxeak eraikitzeko. Hor zerbaitek egiten du kale. Kontinentea inbaditzen eta jendeari baliabideak kentzen jarraitzen duten bitartean, immigrazioa ez da geratuko. Afrikan, 15 eta 40 urte artekoak dira herritarren %70, eta gazteak beti joango dira etorkizun baten bila. Ezin da gelditu. Luzeagoak eta arriskutsuagoak izango dira bideak, baina jarraituko dute arrisku hori hartzen.

Aalatu izan duzu Afrikako agintariek ere erantzukizuna dutela.

Agintariek botereari eutsi nahi diote, aldez edo moldez. Euren interesei baino ez diete begiratzen, herritarrak makurtuta bizi badira ere. Senegalgo Gobernuak lege bat atera zuen non esaten den lurra inbertitzen duenarena dela; beraz, nire aitonaren lurrean txinatarrek inbertitzen badute, nik ez daukat hitzik, eta alde egin behar dut, edo esklabo gisa lan egin behar dut txinatarrarentzat. Afrikaren arazoa da. Gizarte zibila gero eta aurreratuagoa da, kontzientzia handiagoa dauka, baina klase politikoa ustela da.

Eta Europak harresiak jarriz eta itsasoan kontrolak jarriz erantzuten du. Zer diozu migrazio politikez?

Hipokrisia hutsa dira. Europako mugak kanporatu dituzte, hirugarren munduko estatuek lan zikina egin dezaten, arazoa begi bistatik kentzeko, gure begietatik urruntzeko. Eta, orain, errefuxiatuak babesten dituztenak ari dira kriminalizatzen, ibilbide anker horretan sostengua ematen diguten bihotz oneko pertsonak. Ikaragarria da. Bidean, militarrek jipoitu egiten gaituzte, eta ekintzaile hauek topatzean babestua sentitzen zara; pertsona sentitzen zara, eta ez animalia. Giza eskubideak errespetatzen eta babesten dituztenak ari dira kriminalizatzen. Giza trafikoaz akusatzen dituzte. Lehen, hesien gainetik salto egiten zuten beltxaranak ziren gaiztoak, eta, orain, horiek babesten dituztenak. Estrategia berri bat al da? Bizitza babesten dutenen kontra ari dira egiten. Erditik kendu nahi dituzte, euren sistemak funtziona dezan.

Arrazakeria ere hor dago.

Azalaren koloreak oraindik ere definitzen zaitu. Eta kaleko arrazakeria baino gehiago, estatuarena eta erakundeena da ankerra. Zenbatetan eskatu ote didate dokumentazioa beltza izateagatik, hiltzaile bat banintz bezala. Kolonizazio mentala eta morala hor dago. Harresi asko hautsi behar dira, ez bakarrik fisikoak: baita buruan ditugunak ere. Beltza bazara, arriskutsua zara. Gureganako beldurra zabaldu nahi dute. Inbasioaz hitz egiten dute. Immigrazioa berez ez da txarra, ez dugu ikusi behar zerbait ezkorra balitz bezala; lana egitera gatoz, nahiz eta hemen merkantzia bat ere bagaren. Esklabotza moderno batez hitz egin behar da. Andaluziako plastikoetan nola ari dira lanean? Nork landatzen ditu jaten ditugun marrubi goxo horiek, edo tomateak? Ba, harresiaren gainetik salto egin duen beltx horietako batek. Eta immigrazioa negozio bat da estatuentzat. Marokoren eta Espainiaren artean sekulako negozioa dago. Deportazioen negozioa ere hor dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.