Guillem Fuster. CUPeko Poble Lliure adarreko bozeramailea

«CUPen gehiengoak argi du mekanismoak aldatu behar direla»

Fusterrek ulertzen du ikusmina piztu izana Poble Lliurek gaur egitekoa duen bilerak: «Jende asko dago gure urratsen zain». CUPek zintzo jokatu duela dio, baina uste du barne krisia sortzeko erabili dela.

Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2016ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
CUP-Crida Constituent alderdiaren barruan dagoen Poble Lliure elkartearen bozeramailea, Guillem Fuster (Bartzelona, 1980), aurrekontuen harira izandako desadostasunez mintzatu da BERRIArekin. Katalunian duten testuinguruaz ere aritu da.

Poble Lliurek batzarra egin du asteburuan. Indartuta atera al da?

Igandean egin genuen batzarra oso positiboa izan da, eta, antolaketari dagokionez, indartuta atera gara, zalantzarik gabe. Urte bakarra bete dugun arren, militantzia areagotu dugu. Baina bereziki garrantzitsua izan da, ideologikoki sendotu garelako proposamen politikoak besapean ditugula. Harro gaude eginiko ibilbideaz.

Independentziaren aldeko alderdiei «estrategia berria» eskatu diezue. Zertan datza estrategia hori?

Bi zutabe nagusitan oinarritzen da. Batetik, estrategia berri bat behar du iritsi garen tokira heltzea ahalbidetu duen herri mugimendu independentistak, eta, horretarako, oraingo testuinguruan eztabaida antzuak egin aurretik, ezinbestekoa da, beste behin, guztiak biltzea eta orain arteko bide orria errepasatuz estrategia berri bat adostea, egungo biderik gabeko egoera gainditzeko. Bestetik, herrialde akordio bat lor dezatela eskatzen diegu Katalunian gardenki errepublikaren aldeko apustua egin duten alderdi ezkertiarrei. Izan ere, ezkerreko alderdiok dugu gaitasuna prozesu honetan estatuarekinhalabeharrez izango dugun konfrontazioari aurre egiteko.

Uste duzu independentziaren aldeko alderdi guztiak prest daudela berriz ere elkarrizketei ekiteko?

Bartzelonan igandean egin genuen ekitaldian guztiak gonbidatu genituen, eta hara bildu ziren, besteak beste, ANC, AMI, Omnium, Sumate eta ERC. Eta, egia esateko, ekitaldia amaitutakoan nabaritu genuen elkartasuna aldez aurreko jarrera onaren erakusgarri izan zen. Gaur egingo dugu idazkaritza nazionalaren lehenbiziko bilera, eta asmoa da estrategia horren ildoan hitzorduak lotzen hastea. Jakitun gara jende asko dagoela gure urratsen zain.

Aurrekontuen harira sortu den nahaspila dela-eta, zuek ez zineten erabat ados Junts pel Sik aurkeztutako aurrekontu proposamena baztertzearekin….

Ez ginen erabat ados uste genuelako aukera zegoela zuzenketa partzialak egiteko aurrekontu hobea lortzeko, eta, gainera, Junts Pel Sirekin independentziaren alde lan egiteko adostutako egonkortasun hitzarmenean sartzen zela hori. Hori bai, egia da, CUPek beti jokatu du zintzotasunez, eta, zoritxarrez, badagojendea guretzat indargune den hori, apropos, barne krisia sortzeko erabili duena.

Mesede guti egiten dizue, edozein kasutan, CUPek erabakiak hartzeko erabiltzen dituen mekanismoak…

Katalunia duten testuinguruan funtsezkoa da, eta, berez, barne gogoeta prozesuan murgilduta gaude jada. Are gehiago, esango nuke CUPen militantziaren gehiengoak argi duela barne mekanismoak aldatu eta demokratizatu behar direla.

Aurrekontuen eztabaidaren ondoren, CUPek mahai gainean jarri du, Junts Pel Sirekin adostutako bide orritik kanpo, alde bakarreko erreferenduma egitea.

Estrategia independentistarik gabe ezin dugu mahai gainean jarri halako aukerarik.

Zenbateraino eragin dezake nahaspila honek prozesuan?

Arriskua da herriaren gehiengoak motibazioa galtzea. Duela sei hilabete hartu genuen konpromisoarekin ezin dugu onartu halakorik gertatzea. Martxan den herrialde honi zor diogu, eta, horregatik, herri mugimenduak hartu behar du prozesuaren buruzagitza.

ANCko Jaume Solerrek egunkari honi emandako elkarrizketan azpimarratu zuenez, indarra galdu du herri mugimenduak. Ados al zaude?

Erabat. Errespetu eta miresmen handia diot berari, herrialde honetako zutabeetako bat den heinean. Are gehiago, igandeko batzarrera etorri zen, eta jaso nituen besarkaden artean ilusio gehien egin ninduena berea izan zen. Eta, noski, estrategia independentista berregituratzen ari garen une honetan egin behar dugun gogoeta da, hain zuzen, erakundeak hartu duen konpromisoa betetzen ez duenean sortu behar direla hori estutzeko mekanismoak. Eta hori kalean egin behar da.

Carles Puigdemont presidentearen konfiantza mozioari zer iritzi diozu?

Aurrerapauso itzela da Puigdemonten mailako pertsona batek gisa honetako errotikako demokrazia keinu bat egin izana. Alegia, herrialde berri bat eraikitzen ari garen erakusgarria da. Prozesuak hausturaren alde borrokatzen duen bitartean konfiantza egongo da.

Zer egin beharko luke Junts Pel Sik hemendik aurrera?

Junts Pel Siren erantzukizuna da bide orria arrakalarik gabe betetzea. Eta hori egiteko gai ez bada, ate hau itxi eta beste bat irekiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.