Merlys Mosquera. Lekualdaketa behartuetan aditua

«Indarkeria handia geratzen da oraindik ere Kolonbian»

Kolonbian ia zazpi milioi barne desplazatu daudela ohartarazi du Mosquerak; munduan gehien dituen herrialdea. Indarkeria darabilten taldeez ere ohartarazi du: «Bizimodu gisa erabiltzen dute indarkeria».

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Ikasketaz pedagogoa da Merlys Mosquera (La Victoria, Venezuela, 1978), baina hogei urte daramatza lekualdatze behartuarekin lotutako proiektuak koordinatzen, Latinoamerikan. Venezuelan jaio zen, Kolonbian bizi da, eta han lan egiten du, eta munduan barne desplazatu gehien dituen herrialdea dela dio: 6,9 milioi.

Kolonbiako gerrilla nagusia armak uzteko prozesuari ekingo dio aurki. Aurrera doa bake prozesua.

Bake prozesua talde armatu batekin negoziatu da, FARCekin. Gaur bertan beste talde armatu batekin hasi behar dituzte elkarrizketak: ELNrekin. Baina horiek ez dira indarkeria erabiltzen duten talde bakarrak. Gatazkaren esparruan aitortuta ez dauden beste talde batzuk ere badira, bertako gobernuak banda kriminalak deitzen dituenak, nahiz eta gobernuaren gertuko taldeak izan, haien ideologiatik gertu daudenak, eta FARCen kontra daudenak. Paramilitarrak desagertu egin ziren ofizialki, baina hortik aurrera talde kriminalak sortu ziren, nahiz eta batzuek dioten antzeko taldeak direla, eta pertsona berak direla.

Eta horiek oraindik ere indarkeria darabilte?

Bizimodu gisa erabiltzen dute indarkeria. Lanik ez dutenez, armak erabiltzen dituzte herriak kontrolpean izateko, estortsioak egiteko, jendea bahitzeko... Gatazka armatuak herritarren lekualdaketa ekarri du. Bada, bake hitzarmena sinatzeak ez du esan nahi indarkeria bukatu denik; indarkeria handia geratzen da oraindik ere Kolonbian. Prozesu luzea izango da, gatazka hori ez delako bukatuko talde horiek desagertu arte.

Kriminalitatea aipatzen duzu. Latinoamerikako kriminalitate tasa handia muturreko desberdintasunaren ondorio dela esan daiteke, ezta?

Kolonbia, esaterako, desberdintasun gehien duen munduko zazpigarren herrialdea da. Biztanleen %10ek aberastasunaren %70 dute. Latinoamerikako ezberdintasun arazoa itzela da. Pertsona pobreenek ez dute eskubiderik, ez dute aukerarik hezkuntza arloan. Orduan, txikitatik pertsona horiek talde kriminaletan sartzen dira. Erdialdeko Amerikan sarri gertatzen da hori, mara izeneko taldeekin. Ume horiek desberdintasun horren emaitza dira; helduak direnean, gaizkile bihurtzen dira.

Gobernuek ere izango dute zeresanik horretan.

Ustelkeriak eta estatuen kudeaketa txarrak betikotu egiten du anabasa hau, indarkeria, txirotasuna, lekualdaketak, zaurgarritasuna... Eta hor gehien sufritzen dutenak gazteak eta emakumeak izaten dira.

Zeintzuk dira Latinoamerikan lekualdaketa behartu gehien dituzten herrialdeak?

Kolonbia da barne desplazatu gehien dituen munduko herrialdea; 6, 9 milioi lagun. Haiti, Honduras, El Salvador, eta Mexikon ere ugari dira... Mexikok dinamika oso zitalak ditu. Narkotrafikoarekin lotura handia duten kartelak daude han, eta pertsonak lekualdatzen dituzte, lurraldeak kontrolatu nahi dituztelako edo bertako herritarrek narkotrafikoaren jardueretan parte hartzea nahi dutelako. Gainera, etorkinak ere badira ditu iturri. AEBetara joateko Erdialdeko Amerikatik igaro beharra dutenez, bahitu eta erreskateak eskatzen dizkiete AEBetan dituzten senitartekoei.

Zer pairatzen dute emakumeek egoera horietan?

Tradizionalki gizartearen zaintzaz arduratzen direnak dira, eta horrek ardura dakar. Adibidez, bere senideek migratu egiten badute. Baina, azken urteetan, emakumeak ere migratzen hasi dira; gizonek baino gehiago emigratzen dute orain. Horrek arrisku zehatzak sortzen ditu emakumeengan: litekeena da indarkeria sexuala jasatea, edo generoan oinarritutako indarkeria.

Bi lekualdaketa behartu mota daude ofizialki aitortuta, baina gehiago ere badira, ezta?

Gatazka armatu edo gerra batetik ihes egiten dutenak existitzen ziren orain arte, eta hasi dira aitortzen naturak eragindako ezbeharretatik ihes egiten dutenak ere. Baina bi horiez gain, badira beste arrazoi batzuk jendea bere bizilekuetatik alde egitera bultzatzen dutenak: nagusiki, indarkeria mota batzuk, talde kriminalek eragindakoak. Horrek eraginda lekualdatzen diren pertsonak ez dira errefuxiatu gisa aitortzen. Eta beste arazo bat garapen proiektu handiak dira.

Ze proiektu mota, adibidez?

Meatzaritzakoak; ikatza, urrea edo koltana zundatzeko egiten direnak; bioerregaia ereitea, azpiegiturak eraikitzea (presak edo portuak)... Leku batzuetan proiektu mota hauek jendea lekualdatzera behartzen dute, horien atzean dauden interesek mehatxatu egiten dituztelako. Pertsona horiek zaurgarritasun egoera handian daude, eta ikusezinak dira, etorkinak bezala. Gure buruari galdetu behar diogu zer egin dezakeen herritar arrunt batek etorkinen alde.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.