Oscar Escuder. Plataforma Per La Llenguako presidentea

«Lehen mailako herritar gisa hartuko gaituen estatu bat behar dugu»

Escuderrek dio katalana baztertuta dagoela, hamar milioi hiztun baditu ere: «Europako Hizkuntza Gutxituen Itunean sinatutakoaren kontrakoa egiten ari da Espainia. 239 bazterketa kasu jaso ditugu».

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Kataluniako salbuespen egoeraren testuinguruan, hizkuntzak badu zeresana. Oscar Escuder (Bartzelona, 1968) Plataforma Per La Llengua elkarteko presidentea da, eta katalanaren bazterketa kritikatu berri du Europako Parlamentuko Gutxiengo Tradizionalen, Komunitate Nazionalen eta Europako Parlamentuko Hizkuntzen Batzordean. Txosten bat aurkeztu dute han, salatzeko Espainiak ez dituela betetzen katalanarekin dituen konpromisoak.Elkarteak Bornen duen egoitzan solastatu da Escuder BERRIArekin.

Ikerketan agerian gelditzen da katalanak pairatzen duen erasoa. Nola eragiten du diskriminazioak hizkuntzetan?

Larriena da Espainiaren jokabidearen eraginak daudela ez bakarrik hizkuntzetan, baizik eta baita hiztunengan ere.Hamaika adibide ikusi ditugu: badago katalanez epaiketetan deklaratu nahi izan duen jendea, pasaportea berritzera joan eta bere ama hizkuntzan egin ezin izan duena, eta abar. Guk, guztira, gisa horretako 239 kasu bildu ditugu dagoeneko. Eta horiek izozmendiaren erpina baino ez dira, ezin baitugu ahaztu gehiengoak zuzenean hizkuntza aldatzen duela, halako erasoak salatu gabe.

Zein zen txostenaren helburu nagusia?

Lan honekin egiaztatu nahi izan dugu Espainiar Estatuak bigarren edo hirugarren mailako biztanleen gisan hartzen gaituela. Baina ez hori bakarrik: sistematikoki Europako Hizkuntza Gutxituen Itunean sinatu zuenaren kontrakoa egiten ari dela ere bai. Eta hori, hiruzpalau urtetik behin hainbat adituk ohartarazpena bidaltzen dutela, esateko ez direla ari betetzen aipatutako hitzarmenean sinatutakoa. Espainiar Estatuak, hala ere, bere horretan jarraitzen du.

Zer harrera izan zenuten Europako Parlamentuko agerraldian?

Zalantzarik gabe, aurkeztutako gaiak interesa piztu zuen. Guztira, 50 lagun inguru etorri ziren, tartean, 16-18 eurodiputatu. Zenbaitzuek bazekiten katalana ez dela hizkuntza txikia, baina datuak ezustean hartu zituzten. Beste hainbatek, aldiz, ez zuten informaziorik, eta hamar milioi hiztun ditugula esan genienean harrituta gelditu ziren, besteak beste, maltera hizkuntza ofiziala delako hiztun gutxiago izan arren, eta katalana, hainbeste hiztunekin, aldiz, ez. Anomalia bat gara.

Katalana Europako Batasuneko hamalaugarren hizkuntza da. Hiztun asko badu ere, gutxituen zerrendan dago. Zer gertatu behar da ofizialtzeko?

Teorikoki, ofizial bilakatzeko behar den bakarra da Espainiako Estatuak eskaria bidaltzea katalana erakundeetan hizkuntza ofiziala izateko. Praktikan, aldiz, lehenengo mailako herritar gisa hartuko gaituen estatu bat behar dugu. Izan ere, badira gure antzeko testuinguruan dauden herrialdeak dagoeneko: Irlanda eta Malta, adibidez. Bakoitzak bi hizkuntza ofizial ditu, eta ez dago inongo arazorik.

Espainiako Estatuak duen hizkuntza aniztasunaren aberastasuna oztopotzat hartzen du Madrilek. Zergatik?

Horrela izan da beti. Belgikan, Suitzan, Kanadan eta beste hainbat herrialdetan praxiak erabat desberdinak dira. Bruselan Finlandiako suediar hiztun batekin bildu ginen, eta hark azaldu zigun administrazio kudeaketa guztiak suedieraz egiteko eskubidea zutela. Baina kontuz: kontuan hartu behar da Finlandian suediarrak ez direla iristen %6ra. Gu Espainiaren %20 baino gehiago gara, eta testuinguru hartatik urruti gaude.

Europako Parlamentuan katalanaren erabilera sustatzea izan zen zuen eskakizunetako bat. Gertatuko da?

Europako Parlamentuko dinamikak aldatuko balira ere, jokaleku horretatik urruti gaude, Espainiako Estatuak saiakera oro blokeatzen jarraituko duelako. Alde horretatik ezkorra naiz, erabat. Hori bai, espero dut luze gabe merezi dugun moduan hartuko gaituen estatu bat izatea eta, ondorioz, katalana Europako Batasunean sartzea, noski.

Zenbait hedabideren arabera, egunotan jakin da Generalitateko funtzionarioak txostenak gazteleraz idaztera behartu dituela Espainiako Gobernuak. Zer duzu errateko?

Tira, guk ezin dugu halakorik baieztatu. Nacio Digital hedabidearekin harremanetan jarri gara iturriak eskatzeko, eta haiek goi kargudunen kasuak jaso dituztela adierazi digute. Horrekin lanean ari gara. Hala ere, gertakari horiek egiaztatzen badira, agerian geldituko da Espainia defendatzen ari den legediaren kontra jokatzen ari dela, beste behin. Noski, dagoeneko ikusi dugu nahi bezainbeste aldiz pasatuko dituztela legearen mugak; beraz, edozer gauza espero dugu.

Tira, salbuespen egoera luzatzen ari da Katalunian. Nola bizitzen ari zara hori?

Sentsazio nahasketa ikaragarriarekin. Batetik, noski, inpotentziarekin eta sekulako amorruarekin. Baina, aldi berean, baikorra naiz, eta badut itxaropena. Gertatzen ari dena heldu ezina da, eta Kataluniaren arazoak moldatzeko irtenbide bakarra estatu independentea lortzea da, zalantzarik gabe.

Plataforma Per La Llenguak 24 urteko ibilbidea du. Betidanik izan zarete independentistak?

Elkartearen lehen 15-17 urteetan ez genuen geure burua definitzen independentziaren aldeko egitasmo gisa, sinesten eta pentsatzen genuelako, Europako Batasunean beste hainbat herrialderekin gertatzen zen bezala, estatuek hizkuntza desberdinak errespetatu ahal zituztela. Baina egunerokoa desberdina zen erabat hemen, eta gertakariek bideratu gaituzte independentziaren aldeko borroka honetan murgiltzera. Espainiak ez baitu sekula katalana onartu.

Jordien espetxeratzea lehendabizi, eta gobernu erdiaren kartzelatzea ondoren. Noraino luzatuko da egoera hau?

Azken mobilizazioek argi utzi dute Katalunian gehiengoak independentzia nahi duela. Erabakitzeko eskubidearen aldeko ahotsak ere geroz eta gehiago dira Kataluniako mugetatik harago. XXI. mendean ezin da egon herritarren ahotsa hautetsontzietan entzutea ez den beste irtenbiderik.

Eta, testuinguru honetan, zeintzuk dira zuen erronkak aurrera begira?

Kataluniaren etorkizuna ahalik eta hobekien marrazteko bide honetan gure ekarpena egin nahi dugu. Bestalde, hizkuntzari dagokionez, ahal bezala aurrera egitea da xedea, eta, batez ere, salbuespen egoera honetan, gure esku dagoen guztia egitea hizkuntza eta hiztunak gauden baino diskriminatuago ez egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.